Logotipo gipuzkoakultura
2018ko urtarrilak 16, asteartea

Oñatiko unibertsitatearen Kaperako Errataula

Historia eta zaharberritzea
Aurkibidea ikusi
OÑATIKO UNIBERTSITATEKO ERRETULAREN
AZTERKETA HISTORIKO-ARTISTIKOA

Pedro Echeverria
  1. TESTUINGURU HISTORIKOA
    1. Avilako apezpikua, mezenas eta aholkulari
    2. Pietatearen erretaulari buruzko datu berriak
  2. SANCTI SPIRITUS IKASTETXEKO KAPERAKO ERRETAULA
    1. Dokumentu genesia. Egileak
    2. Traza, egitura eta apaindura. Erretaularen originaltasuna
    3. Estilo kontuak. Espresibismo eta manierismo juniarra
    4. Programa sakratua. Debozioak eta asmoak
    5. Errepertorio profanoa. Zaharkinak, groteskoak, bestioiak eta zaldiak
    6. Erromatar erako polikromia. Lehenbiziko groteskoak
OÑATIKO UNIBERTSITATEKO ERRETAULA ZAHARBERRITZEKO PROZESUA
Xabier Martiarena

Sarrera
ESKU-HARTZEA
  1. ERRETAULA EGITEKO TEKNIKA
    1. Arkitektura eskema
    2. Euskarria
      1. Egitura
      2. Eszenak
      3. Eskulturak
      4. Taulamenduak, kolomak, pilastrak eta horma-konkak
    3. Euskarriaren prestakuntza
      1. Oihala eta iztupa
      2. Prestakina
      3. Bola
    4. Polikromia edo geruza piktorikoa
      1. Urreztatua
        1. Ur-urreztaketa
        2. Urreztatzeko nahastura-berniza
      2. Zilarreztatzea
      3. Bismutoa
      4. Estofatua
        1. Urre gaineko esgrafiatua
        2. “Pintzeladura” edo urre gainean pintzelez eginiko pintura
        3. Zilar gaineko esgrafiatua
        4. Zilar gardendua
    5. Koloreak
      1. Kolore gardenak
      2. Kolore opakoak
      3. Haragi-koloreak
    6. Beste apaindura teknika batzuk
  2. ERRETAULAREN KONTSERBAZIO EGOERA
    1. Euskarria
      1. Xilofagoen erasoa
      2. Egitura
      3. Araldit
      4. Eszenen eta eskulturen egitura
      5. Iztupa
      6. Prestakina
      7. Aldaketak
    2. Polikromia
      1. Alderdi orokorrak
      2. Kolore opakoak
        1. Zuria
        2. Azurita
        3. Gorria
      3. Haragi-koloreak
      4. Urreztatua
      5. Zilarra
      6. Zilar gaineko gardenduak
        1. Laka gorria
        2. Anbar-marroia
        3. Berdea
      7. Bismutoa
      8. Zigilatuak
      9. Alterazioak
  3. ESKU-HARTZEA
    1. Euskarria
      1. Araldit
      2. Intsektuak akabatzea
      3. Egitura arkitektonikoaren berreraikuntza
    2. Polikromia
      1. Kolorea finkatzea
      2. Garbiketa
      3. Iztukatua
      4. Berregite kromatikoa
      5. Urrea birjartzea
    3. PDF: Erretaularen ezaugarri teknikoak
  4. ANALISI KIMIKOA
  5. GRAFIKOAK
    1. Erretaularen neurri orokorrak
    2. Zilarraren kokapena
    3. Zigilatuen kokapena
    4. Erretaula osatzerakoan erabilitako egurrak
    5. Estaien garapena
    6. Frisoetako erliebeen irudikapena
    7. Kontserbazio-egoeren eta erabilitako tekniken adibideak
    8. Hainbat zigilatu-ereduen kokapena
    9. Irudien jantzietan erabilitako zigilatu-eredu desberdinak
    10. Erretaularen horma-konken hondoetan eta irudien jantzietan erabilitako urre gaineko apaindura esgrafiatuak
    11. Erretaularen horma-konken hondoetan eta irudien jantzietan erabilitako zilar gaineko apaindura esgrafiatuak
    12. Erretaularen horma-konken hondoetan eta irudien jantzietan erabilitako metalezko xafla gaineko motiboak, pintzelez eginak


II. SANCTI SPIRITUS IKASTETXEKO KAPERAKO ERRETAULA


6. Erromatar erako polikromia. Lehenbiziko groteskoak
San Sebastianen eremu urreztatuak. San Sebastianen eremu urreztatuak.

Oñatiko Unibertsitateko kaperako erretaula Lehen Errenazimentu gaztelauaren punta-puntako obra gisa baloratzean, oso elementu garrantzitsua dugu erakusten digun erromatar erako polikromia, ezen manierismo fantastikoaren motiboetako batzuen bereganatze goiztiar bat erakusten digu122. Hala ere, kontserbazio egoera onean iraun, atzera pintatu ez, eta kalitate handia izan arren, orain arte oharkabean igaro zaigu. Ikusi genuen moduan, Avilako apezpikua bera izan zen 1544 eta 1545 bitartean erretaula urreztatzeko eta kaperako pintzeladura egiteko agindua eman ziena bere elizbarrutiko bi margolari eskarmentu handikori, Fontiverosko biztanle Jeronimo Rodríguez eta Kristobal de Bustamanteri123; hauek elkarrekin aritzen ziren horrelako enkarguei ekin ahal izateko. Bi urte lehenago, Avilako aipatu herrixka horretan, San Joan Gurutzekoa jaio zen, idazle mistiko eta poeta itzal handikoa bera, nahiz, era berean, arotz, eskultore-apaintzaile eta pintore ere izan zen.

Erretaula hau urreztatzeko baldintzak gorde ez badira ere, nahikoa zehaztasunez berreraiki ditzakegu, pintore berberek eta garaikide zituzten beste batzuek eginiko antzeko batzuei esker124, eta iraun duen polikromiaren argitan inolaz ere. Klausuletan igeltsu lodi, igeltsu hil eta bol edo buztin gorrizko prestatze lanaren faseak jaso ohi ziren, urre finezko urreztatu txartatua ere bai bi eta hiru marai bitarte izanik orriko, bigarren mailako zonetako zilarreztatze gardenduarekin eta kolore fin-fin eta altuzko ñabartuarekin batera; hauen artean nagusi izaten ziren Sevillako urdina (azurita), Indietako gorrimina, Veneziako berun-zuria eta lur-berdea (kupritsa). Lanen artean, pintzelez egindakoak baino gehiago dira txantiloi bidez esgrafiatu edo grabatutako motibo geometrikoak, esate baterako horma-konken hondoan estofatutako grotesko ordenantzak eta mendel apaingarri batzuk. Enkoadratze, bazter eta hondo batzuetan pikatu edo “distira pikatu” batzuk ere aurkitzen ditugu, Euskal Herriko garai bereko beste obretan ageri ez diren batzuk alegia, eta zigilatuak edo urreztatzeko nahasturabernizaz eta txantiloi bidez mantuetako ifrentzu gardenduen gainean atxikitako motiboak, loretxo, apaingarri geometriko edo anagramak kasu. Alabaina, ez dira aurkitu eskuizkribuetan aipatzen diren koloreen gaineko urre hautsezko gainloreak.

Programa ikonografikoa duen traza. Marko pikatuduna. Marko pikatuduna.

Dena dela, koloreei erreparatuta, ikastetxeko erretaulan nagusi dena urre hori distiratsua da; honen gainean, hanhemenka, beste kolore batzuk daude. Urreztatzea eskuzabal baliatu da, besteak beste San Joan ebanjelariaren altuerliebean eta San Migelen tailan ikusten dugun moduan; izan ere, hauen jantziak –tunika, mantua eta koraza- eta adatsak urreztatuta daude, ia-ia beste inolako lanik egin ez dietela. San Sebastianen altuerliebea gehiegizko urreztatzearen beste adibide bat, zona desegokietan ere egin baita, esate baterako santua loturik dagoen zuhaitz enborrean edota soketan beretan ere, mendel esgrafiatu sinple bat besterik ez duen oihalaz eta nahastura-bernizaz urreztatutako adatsaz gain. San Nikolas Barikoaren tailak liburu gainean daramatzan hiru bolak eta kapa erabat urreztaturik dauzka, eta honetan, esgrafiatutako kiribilak dituen mendel bat beste lanik ez du, eremu urdinean. Erretaula honetako frisoetako taila profanoen artean goitik behera urreztatutako elementuak daude, hala nola lehoiak, hegaztiak eta garezurrak. Urreztatzeko nahastura-berniza zona zehatzetan erabiltzen da, Ama Birjinaren, goiaingeruen, San Joan ebanjelariaren eta San Sebastianen adatsean esaterako, eta motiboetan, lirio, izar eta irudi geometrikoetan, txantiloi bidez eginak baitira mantuen ifrentzuetan.

Erretaulako zona askotan zilar kolorea ikusten dugu, hala erliebe lanetan nola tailan. Zilarrezko orriz estalitako zonak, esaterako jantzien ifrentzuak edo koloma eta balaustreen eremu batzuk, kolore gardeneko “esmaltez” osatuta daude, nagusiki laka berdexka, urdin edo gorrixkez. Agiri batzuetan esaten badute ere esmalteak zilar gainean urre gainean baino biziago ateratzen direla, lehenak ilundu egin dira zilarraren oxidazioaz denbora igaro ahala, eta halaz, gorri koloreak orain marroi itxura du. Kuprits kolorea zona urreztatuetan ikusten da garbien, kapiteletako hosto batzuetan adibidez. Jantzi batzuen ifrentzuak, besteak beste San Anbrosioren euritakoarena eta San Joan ebanjelariaren, San Nikolasen edo San Markosen mantuenak, zilar gardenduaz apainduta ageri dira, eta honen gainean urreztatzeko nahastura-bernizaz eginiko motibo txikiak daude. Eztainuari esker, lodiera handiagoko xaflatan jarrita baitago, metalezko piezak ezagutzen dira, San Antonen panpalina kasu.

Bikromatismoak: Urdin-urrea Bikromatismoak: Urdin-urrea
Bikromatismoak: Zuri-urrea. Bikromatismoak: Zuri-urrea.

Erliebe lanak imitatzeko, urreztatutako inguru batzuetan “pikatuak” egin zituzten; hauek, punta desberdineko hainbat burdina erabiliz eginak izaki, marko eta erronbozko enkoadratze gisa balio dute, eta jantzi inguruetara mugatzen dira, San Joan ebanjelariaren tunikaren lepoko mendel loretxodunera esaterako, eta, urre gaineko distira-pikatu gisa, hondoetara, lehen gorputzeko pilastren hondoetan ikusten dugun moduan, edota jantzienetara, San Anbrosioren euritakoan eta estolan ageri den bezala.

pikatuak-urrea Zuria-urrea Urdina-urrea

Lanen eta koloreen mailaketa pilastretan. a) pikatuak-urrea; b) Zuria-urrea; c) Urdina-urrea.

“Polikromiaren arau hispaniarra” den azurita/urre horizko bikromatismo urdina friso eta netoak bezalako zonetan kokatzen da erretaula honetan, jori esgrafiatutako eremuez eta, argiago inolaz ere, hirugarren gorputzeko pilastretan, banku mentsuladunean eta zirkuluerdi formako errematean, hau da, zeru inguruan. Zuri/urre konbinazio iradokitzaileak, XVI. mendearen lehen herenaren amaiera aldean bikromatismo nagusia izan zenak –ondoko Pietateko erretaulan ikusten dugun moduan-, eutsi egiten dio bere protagonismoari horma-konketako kasetoietan, maskorretako galloietan, kaxetoiduretan, bigarren gorputzeko pilastren eremuan, hirugarren gorputzeko balaustreen barreneko herenean eta ildaskaduretan eta, batez ere, eliz jantzien piezetan, hala nola eliz atorretan, farfail itxura duten esgrafiatu fin eta joriez, eta beste objektu batzuetan, liburu irekiak kasu. Alabaina, gorria oso gutxi ageri da erretaula honetako polikromian, eta ia-ia mantuetako ifrentzu zilarreztatuetan emandako esmalteetan erabili gorriminera mugatzen da. Honetaz gain, tenpera-gorria bakar-bakarrik jantzien mendel eta banda batzuetan ageri da, eta gailur segida baten antzera tinpano kurboaren gainean etzanda dauden dragoien aho gorrian.

Polikromiaren helburuak tailari sendotasuna, bizitasuna eta adierazgarritasuna ematea badira ere, ezin dugu duen balio sinboliko edo errealista ahantzi, eskulturaren bidez eratutako programaren sendogarria da eta. Adieraziaren lekuko garbiak ditugu Ama Birjinaren tunika gorrixka eta kapa urdina Jasokundearen unean, San Jeronimoren kapelua eta arropa purpura, apezpikuen eliz atorra zuriak edota bi santu eremutarren abituak, beltzez esgrafiatuak. Mundu neoplatonikoaren hiru mailak ere, nolabait, polikromiaren bidez adierazten dira, hiru gorputzetako pilastretan ikusten den lanen eta koloreen mailaketa baliaturik hain zuzen. Halaz, lehen gorputzekoetan, eremuak urreztaturik ageri dira, pikatu edo grofatu lan trinko batez gainera; bigarrenekoetan zuri eta urre koloreen arteko jokoa egiten da; eta hirugarrenekoetan argi eta garbi aurkituko dugu urdin eta urre kolorezko bikromatismoa. Estai honetan eta errematean hondo urdinak ditugu nagusi, hain zuzen kerubin-buruekin batera zeruan koka gaitezen.

Berdexkak. Gorrixkak Urdinak.

Gardendu motak. a) Berdexkak. b) Gorrixkak. c) Urdinak.

Zaharberritze lanaren analitikak aukera eman digu, berriro ere, XVI. mendeko eskulturan polikromiak bete duen eginkizun garrantzitsua egiaztatzeko. Nolabait, naturako hiru erresumak hierarkia batean geratzen dira, metalezko estalduraren erabileraren bidez; horixe ikusten dugu, esate baterako, pilastretan, motibo antropomorfoetan urre distiratsua ikusten dugula, zoomorfoek eta landare motiboek zilar gardendua daramaten bitartean. Kolorearen halako erabilera kanoniko bat ere ikusi ahal izan da, lehen gorpucenefas tzeko kolometan gardentze berdexkak, erretaulako frisoetan urdinak, eta jantzietako ifrentzuetan gorrixkak nagusitu dira eta.

Esgrafiatuak: San Antonen sorbaldako saio
esgrafiatua. Esgrafiatuak: San Antonen sorbaldako saio esgrafiatua.
Esgrafiatuak: Eguzki-arrano inperial esgrafiatua. Esgrafiatuak: Eguzki-arrano inperial esgrafiatua.
Zapata Zapata Zapata Zapata

Zapatak

Esgrafiatuek bere aplikazio-eremu onenak, frisoetako hondo urdinez gain, tunika batzuetan dauzkate, hala nola eremu urdinezko San Lukasenean, apezpikuen eliz atorra zurietan, San Joanena bezalako mendeletan, eta San Gabriel eta San Rafaelena bezalako bandetan. Motibo geometriko askotarikoen artean kiribilak, pitxarrak, hegaztiak, haurrak eta kornukopiak dira. Apaingarri-diseinu ikusgarrienak beltzean esgrafiatuta dagoen San Anton Abadearen abituko piezetan daude, batez ere sorbaldako saioaren koadrikuletan, nahiz badaramatzan, halaber, bizkarreko, bonet eta oinetakoetan ere. Azkeneko honek, arabesko eta kibisten konbinaketaz, Virgil Solis alemaniarraren ereduak dakarzkigu gogora125. Originalak dira, halaber, San Rokeren tunikan eremu beltzean esgrafiatutako obaloak. Ziztailu edo grafioaz San Lukasen zezenaren ilea irudikatzen da, arrakalak eginez, eta baita San Rafaelen arrainaren ezkatak ere, eta ebanjelarien tintontziak eta lumen zorroak ere horrelaxe daude apainduta. Esgrafiatuta daude, era berean, Mariaren inizial koroaduna eta Jasokundearen kapako buelta urdina betetzen duten izarrak. Beti-beti simetriaren legeari jarraiki, jantzietan beste konposizio grotesko esgrafiatu batzuk aurkituko ditugu, eta kopa, edalontzi eta iturrien alde banatan, “eremuei berdintasuna ematearren”, fruituak mokokatzen dituzten hegaztiak, kornukopia eta dragoiak eta candelieri erako apaindura ikusiko dugu, eremu urdin, beltz eta zurien gainean. Gairen bat marko eta guzti ageri zaigu, hain zuzen nabarmenarazteko, esate baterako eguzki-arrano burubiko eta koroatua; hau errepikatu egiten da, eremu zuri, gorri eta urdinetan, San Gregorio Handiaren euritakoan edota San Nikolasenean.

Ordenantza grabatuak. Jasokundearen
horma-konka. Ordenantza grabatuak. Jasokundearen horma-konka.
Ordenantza grabatuak. Jasokundearen
horma-konka. Ordenantza grabatuak. Jasokundearen horma-konka.

Bigarren eta hirugarren gorputzeko horma-konken hondoak zilarreztatuta daude, eta esgrafiatu ederrak dituzte, eremu urdinean, landare zurtoin eta kiribilez, groteskoz, haurrez eta hegazti eta dragoi batzuez; beti-beti simetria ardatzen edo argimutilen arabera antolatuta daude. Jasokundearen hondoa ikusgarria da; honetan, Ama Birjinak bi ume ditu eskolta gisa, koroatzen duten tailako bi aingeruen atzean. Horma-konka bietan ordenantzetan IHS edo Kristoren anagrama dago, eta ANNO hitza, nahiz honen ondoan ez den inolako zenbakirik. Espiritu Santuaren Etorreraren horma-konka da eskala txikiko motibo esgrafiatuak dituen bakarra, hondoan sakabanatuta baititu, bordatu lanak imitatuz; aplikazio brokatuak gogorazten dituzte.

San Gregorioren kapa. Grotesko estofatuak dituen mendela. San Gregorioren kapa. Grotesko estofatuak dituen mendela.

Grotesko estofatuak lehen gorputzeko oso zona zehatzetan daude nagusiki, esate baterako San Agustin, San Gregorio Handi, San Lukas eta San Anbrosioren apaingarri eta mendeletan, eta horma-konken hondoan zerrenda estereotipatuekin. Avilako pintoreek lengoaia fantastikoa bere egina dutela erakusten duten motiboak San Gregorio Handi aita santuaren euritakoan zeharreko mendeletako groteskoak dira. Grisailaz eginda daudela hondo arrakalatu gainean, bordatu erliebedun itxura dute, hostozko giza irudi batez, eta honen besoetatik mozorroak, kerubin hegaldun baten burutxoa eta lepoaren goiko aldean idi-buru bat ateratzen dira; buru gainean beste irudi kopadun bat ageri da, eta zati bertikalean, berriz, medailoi bustodun bat. San Agustinen meza-jantziak apaingarri liturgiko luxuzko bat imitatzen du, pintzelez marraztutako lepo luzeko hegaztiak, fruitu-kordak eta mozorroak dituela; mendel bordatuak, berriz, urdinez esgrafiatutako lanez itxuratzen dira. San Anbrosioren euritakoa ere groteskoz beteta dago, eta hauen artean kartela korreiforme mozorrodun bat, pitxar bateko fruituak mokokatzen dituzten hegazti batzuk, eta idi-buru bat ikusten dira. San Lukasen urre koloreko mantuan grotesko finez apaindu eta ezten edo puntzoiz eginiko loretxo batzuez profilatutako mendel bat nabarmentzen da. Pintzelez eginiko motibo estilizatuen artean dragoi bat, mozorro bat eta zentauro bat bereizten ditugu.

Grotesko estofatuak
San Lukasen mantuan. Grotesko estofatuak San Lukasen mantuan.
Grotesko estofatuak
San Lukasen mantuan. Grotesko estofatuak San Lukasen mantuan.

Lehen gorputzeko horma-konketako hondo ikusgarrietan grotesko estofatuzko ordenantza bat errepikatzen da, behetik gora baititu honakoak: putti elkartuzko triada bat126; zirkulu forman giza irudi bat kokoriko jarrita, landarezangoak dituena eta besoak mozorro metamorfoseatzen direna; ertza mozorro eta hegazti-hegalez egina duen kartela batean inskribatutako idi-buru bat; bi fruitu-korda dituen hermes bat; honen oinean, landare-zangoak dituzten bi putti eseri eta, azkenean, erremate gisa, pitxar frutadun bat. Pintzelez marraztutako beste grotesko ordenantza batzuek aldaketa batzuk erakusten dizkigute, hala nola maskorrak, lehoi- edo putti-buruak edo aingerutxo hegaldunak, medailoi bustodunak, hermes draperiadunak arku, buiraka eta gezia uztai batetik zintzilik dituztela, begietatik mozorroak eta munstroak ateratzen zaizkion idi-burua, eta fruta-otarrak mokokatzen dituzten ohiko hegaztiak.

Motiboetako batzuek, fruituak dituzten saskien aurrez aurre dauden lepo ikaragarriko hegaztiek esaterako, halako antzekotasun bat badute Ozkabarteko erretaula nagusiko kutxen hondoan Andres de Melgar pintoreak estofatuekin; N. Dacos-ek Melgarri atxiki dio New Yorkeko Museo Metropolitanoko hispaniar marrazkien koadernoko grotesko edo hostapainetako asko eta asko127. Ertz biribilduko kartela mozorrodunak egoteak, hermes eta draperiekin batera, Fontainebleau-ren manierismo fantastikoaren motiboen bereganatze goiztiar bat adierazten du. Azalera desberdinetarako beharrezko egokitzapenez, grotesko hauek oso zorrotz betetzen dute simetriaren legea, candelieri eran antolatzen baitira, Vatikanoko Logietan G. de Udinek eta Rafaelek egin konposizio groteskoen antzera.

Grotesko estofatuak
San Lukasen mantuan. Haragi-koloreak: San Paulo.
Grotesko estofatuak
San Lukasen mantuan. Haragi-koloreak: San Paulo.

Une honetako pintatze, urreztatze eta estofatze kontratuetan behin eta berriz ageri bada ere zona biluziak kolore txartatu distiratsuaz estaltzeko baldintza, hemen olio-pinturaz emandako haragi-kolore guztiak mateak dira; eta Avilako bi pintoreek, gainera, kontraposizio garbia finkatu zuten, ile eta bizar iluneko eremutar eta apezpikuei laka gorriz emandako oliba-koloreak baitira alde batetik, esate baterako San Nikolasena, eta aingeru, Ama Birjina, San Joan Ebanjelari, San Sebastian eta puttien argiago eta gorrixkagoak bestetik. Bi kolore mota hauek azpimarratu egiten dute frisoetan zentauroen -hauek grina gaiztoen mendean daude- eta putti eta nereiden artean ezartzen den bertute/bizio kontraposizioa. San Anton eta San Paulo eremutarrak oso urtetsuak direla erakusten digu, halaber, bizar eta adats urdinduak; San Joanen urre koloreko adatsak haren gaztetasun eta maila erakusten ditu, eta goiaingeruenak, berriz, hauen izaera zerutarra.

Hala, bada, Oñatiko Sancti Spiritus ikastetxeko kaperako erretaularen pintura, urreztatze eta estofatua aurreratu egin zitzaizkion, teknika eta motiboei erreparatuta, Euskal Herriko tailerretako polikromiari, hauetan ia-ia beste hamabost urte behar izan baitzituen manierismo fantastikoaren errepertorioa bere egiteko; izan ere, bereganatze hau gertatu zeneko XVI. mendeko 50eko hamarkadako azken urteetan egongo ginen. Eta, ikusi dugun moduan, 1544 eta 1545 bitartean Jeronimo Rodríguez eta Kristobal de Bustamante pintore avilarrek egina izaki, Avilako elizbarruti zaharreko XVI. mendeko polikromiarekiko baloratu behar dugu ezen, nahiz oraindik aztertzeke dagoen, badirudi hau ez zela Palentzia eta Valladolideko ondoko elizbarrutietan lortu zuen handitasun mailara iritsi. Balorazio hau egina du jada Parrado del Olmok. Honek, gainera, zehaztu du 40ko hamarkadan sartu zirela han groteskoak eta pintzel puntaz eginiko pintura128; motibo eta prozedura hauek aberastu egin zuten ordura arte funtsean landare-apaingarri edo geometria esgrafiatuetara mugatzen zen errepertorioa.

 

122 ECHEVERRIA GOÑI, P.L.: Policromía del Renacimiento en Navarra. Nafarroako Gobernua. Iruñea,1990, 229-236. orr. Pintura del Romano y Manierismo fantástico. Ibid.: Contribución del País Vasco a las artes pictóricas del Renacimiento.
La pinceladura norteña. Donostia, 1999, 41-53. orr. Pintura del Romano y Manierismo fantástico.

101 V.E.K.A. Auzi zibilak. Lapuerta. Ahantziak C 738 / 3. Pedro de Santestebanek Avilako apezpikuaren aginduz eginiko eskritura publikoen memoriala.

123 GARCÍA CHICO, E.: Op. aip., 27, 29, 30-31 eta 54-55. orr. PARRADO DEL OLMO, J.Mª.: Op. aip., 461-462. eta 500-501. orr.

124 V.E.K.A. Auzi zibilak. Quevedo. Amaituak C 160/4. Apezpikuaren ondasunen inbentarioa, 153atz-155. orr. Apezpikuaren liburuen inbentarioa. Haren liburutegia osatzen zuten liburuen artean, bere pentsamenduaren adierazgarri ditugu hainbat ale, hala nola “Genealogía de Juan Vocaçio” (153atz) edo “las obras del Tostado en veynte e dos cuerpos” (154.a).

125 Arabescos. Paneles decorativos del Renacimiento. Enciclopedia de la ornamentación. Gustavo Gili. Mexiko, 1996, 82. 86-89. orr.

126 La Calahorrako jauregiko balkoi-ate bateko kolometako fustearen erdian elkarri loturik ageri diren irudi hirukote dantzarien artean hiru putti daude; hauek maitasun sakratua adierazten dute, eta XV. mendearen amaierako apaindura lonbardarretatik eratorriak dira. FERNÁNDEZ GÓMEZ, M.: Los grutescos en la arquitectura española del Protorrenacimiento. Generalitat Valenciana. Valentzia, 1987, 149 eta 154. orr. Argimutil apaindura duten zerrenda batzuen beheko zatian, halaber,
hiru putti eusle ageri dira, hain zuzen Barthel Beham-en 1526ko batean eta R.B. maisuaren 1535-1536ko beste batean bezala.
WARNCKE, C.P.: Die ornamentale Groteske in Deuschland, 1500- 1650. Verlag Volker Spiess. Berlin, 1979. Band 1. Text und Bildokumentation, 32 eta 49. orr. Band 2. Gesamtkatalog, 159 eta 295. orr.

127 DACOS, N.: “Giulio Aquili, Andrés de Melgar et leurs grotesques. Rome, Valladolid, Santo Domingo de la Calzada”. Dialoghi di Storia dell,Arte, 4/5 zk. (1997), 24-33. orr.

128 PARRADO DEL OLMO, J.Mª: Op. aip., 53. or. Polikromia mota honen ale interesgarri bat dugu Carbonero el Mayor-eko erretaulako erliebe lanen urreztatze eta estofatua eta erretaulako taila; seguruenik Avilako pintore Diego Rosales eta Juan Velak egingo zuten, XVI. mendeko 40ko hamarkadaren bigarren erdialdean. COLLAR DE CACERES, F.: “Informe histórico-artístico”, non: Retablo de Carbonero…, 19. or.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2009 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net