Garai honetan oso ohikoa da apaindurako tekniken artean aplikazio brokatua aurkitzea. Teknika hau ez da erretaula honetan agertzen, bai ordea beste bat, hondo gardenduetan nahastura-bernizaz urre-koloreko motiboak aplikatzen dituena alegia (zigilatzea). Teknika hau ikusten dugu, esaterako, Bidaurretako erretaula zaharrean eta San Migelen parrokiako Espiritu Santuaren kaperako erretaulan17 , Oñatin bertan kasu bietan. Teknika honen erabilera zabalduaren oso urruneko lekuko bat Ries-en dugu, Alemania hegoaldean; izan ere, teknika hau Santa Ana hirukoiztarraren imajina bati hondoa ematen dion gortinan erabili zuten (1496- 1505), ezen zilar gainean emaniko laka organiko gorrizko hondo baten gainean lore batzuk ditu, urre edo zilarrezko orri gainean txantiloiz eginak18 .
Unibertsitateko erretaulan dauden marrazkiak era askotakoak dira; lirio loreak, lorezko gurutzeak, hizkiak, lorezko marrazki geometrikoak, etab. Lan hauek txantiloiz eginak dira (grafikoak ikusi). Oro har, zigilatze hauetan bi ehundura mota desberdin antzematen dira: lehen kasuan bolumena dute (nahastura kargaduna) eta, bestean, oso azal leuna, urrea olio lehorgarriz eman geruza fin-fin batez lotzen zaiola esmalteari. Azkeneko teknika hau da erabiliena.
Teresa Gómezek, Gil de Siloeri buruzko bere testuan, adierazten digu artista honek aplikazio brokatuaren teknika erabiltzen zuela Burgos eta Toledon egin zituen erretauletan, tuniketako hondo gardenduetan. Apaingarri txiki-txiki batzuk dira, paper ore eta animali kola, argizari edo oliopinturazko geruza betegarri batez, hots, aplikazio brokatuan erabiliaren antzeko batez moldean eginak; formari begiratuta, arrosak, botoiak, hirustak eta lirioak dira gaia, eta urreztatzeko nahastura-bernizaz emandako akabera dute19 . Teknika bera ikusten dugu Altzagan XVI. mendearen lehen herenean egindako San Migelen erretaulan,20 eta Oñatiko San Migelen parrokiako Espiritu Santuaren erretaulan (1532); hauek biak Gipuzkoan21 daude. Aldiz, teknika hau ez da erabili Unibertsitateko erretaulan, nahiz eta azken hau R. M. Zuazola obispo beraren agindupean egina izan.
17 HAINBAT EGILE: Bidaurretako erretaula errenazentista, Gipuzkoako Foru Aldundiaren argitalpenak, 1991.
ARTELAN: Restauración del retablo del Espíritu Santo de Oñate de la parroquia de San Miguel de Oñati (Gipuzkoa). Argitaratu gabeko txostena, 2002.
18 HAINBAT EGILE: Sculptures alemandes de la fin deu Moyen Age. Commisaire, Sophie Guillot de Suduiraut. Reunión des Musées Nationaux. Louvre 1991-92. 188. or.
19 GÓMEZ ESPINOSA, Teresa. “Policromía del gótico final. Retablo mayor de la catedral de Toledo y obras burgalesas de Gil de Siloe” en HAINBAT EGILE: Actas del Congreso Internacional sobre Gil Siloe y la escultura de su época. Burgos 2001. 577. or. ESTELLA MARCOS, Margarita: La imaginería de los retablos de la Capilla del Condestable. Burgos, Edic. Cabildo metropolitano, 1995.
20 ARTELAN: Restauración del retablo de San Miguel de Altzaga (Gipuzkoa). Argitaratu gabeko txostena, 2003.
21 ARTELAN: Restauración del retablo del Espiritu Santo de la parroquia de San Miguel de Oñate (Gipuzkoa). Argitaratu gabeko txostena, 2002.