Erretaularen polikromia ez zuten inoiz berriz pintatu, hau da, ikusten zen polikromia, bere aldaketa eta zikinkeria guztiez, hasieran margotutako bera zen.
Beheko alde edo bankuan pintura pelikularen eta prestakinaren galerak handiak ziren, lurrarekin eta pareta hezeekin kontaktu handiagoa izateagatik hain zuzen, ezen honek zura mugitzea eta prestakina askatzea eragin du zenbaitetan. Halaz, polikromia erori egin da, zura eta prestakina bista-bistan utziz kasu batzuetan eta oihal leuntzailea erakutsiz, berriz, besteetan. lehenengo estaian egoera bera ikusten da, are larriagoa inolaz ere sakristiako atera eta albo-paretetara hurreratu ahala.
Termiten erasoak polikromiaren eta urreztatuaren zati batzuk erortzea eragin du, eta galdutako zati hauek handiak dira, gainera, zona batzuetan.
Pintura pelikularen urradura oso-oso larria da bankuko zonan eta pareta ukitzen duten pilastretan, eta baita urreztatuaren urradura ere taulamenduetako zona irtenetan. Garaiera irabazi ahala, ordea, kalteak txikiagoak dira eta kontserbazio egoera, berriz, hobea.