Erretaula desmuntatu ondoren, ikusi ahal izan dugu erretaularen egituraren oinarrizko armazoia bigarren eta hirugarren estaien parean pareta batetik bestera horizontalean jarritako hiru habe edo enbor handi direla; sendogarri bertikalak ere badituzte, burdinazkoren bat edo beste tartean. Lehenengo habea, lehenengo estaiari zegokiokeena, desagertuta zegoen, eta 68ko lanetan zehar haren ordez burdinazko lau habe zati jarri zituzten, beheraxeago, paretan ainguratuta.
Erretaulak urak eta itoginek eragindako kalteak izan ditu albo-paretetatik hurbileko aldeetan, eta halaz polikromia eta urreztatua galdu egin da zona honetako elementu arkitektonikoetan; zura bera ere oso ahuldurik geratu da (kolomak, pilastrak, hauts-babesak, etab.).