Oñatiko San Migel parrokian, ebanjelio aldean, bere kaperan dagoen Pietatearen erretaulari dagokionez, lehendik bagenuen trazagilearen izenaren berri, Gaspar de Tordesillas baitzen, eta egile materialak ere ezagutzen genituen, herriko bertako eskultore-apaintzaile Andres Mendiguren, Migel Iragorri eta Joan Olazaran (pintorea seguruenik) zireneta, Joan Aiala II.a imajinagin gasteiztarrarekin batera. 1533ko ekainaren 4an Rodrigo Mercadok 3.000 dukateko emaitza bat egin zuen, aipatu elizako ebanjelio aldeko bere hilobi-kaperarako erretaula bat eta burdinsare bat egiteko. Apezpikuaren beraren txosten bati esker, jakin badakigu taila lana amaituta zegoela 1536ko uztailaren 26rako12.
1548ko memorialari esker, gainera, erretaula egiteko lanen kronologia zehatzaz osatu dezakegu informazio hau, margotze-urreztatze lanetan aritu zenaren izena emateaz gain inolaz ere13. 1535a zen Valladoliden “apezpikuak eta Valladolideko Gaspar de Tordesillas imajinaginak Oñateko erretaularako kontratua” izenpetu zutenean. Urte berean kontsignatuta dago erretaula hau urreztatzeko eta grabatzeko hitzarmen-eskritura ere, prelatu gipuzkoarraren eta Palentziako bizilagun eta pintore ospetsu Andrés Espinosaren artekoa; pintore honek, garai haietan, kaperako burdinsare ikusgarria urreztatzeko konpromisoa hartu zuen. Urte horretan bertan jasota daude, halaber, On Rodrigoren alde imajinaginak eta pintoreak emandako bi ordainketa-gutun, eta deskargu hau atzera agertuko da 1536koan. Ikusi bezala taila lana azken urte honetako uztailerako amaituta egonik, urreztatze lanengatiko azkeneko ordainketa-gutuna 1537an dago jasota.
Valladolideko bizilagun Gaspar de Tordesillasek, bere buruaz ari delarik, imajinagin, eskultore-apaintzaile eta mihiztatzaile lanbideak aipatzen baditu ere, badirudi aipatu azkena zuela benetako espezialitate. Izan ere, bere biografiaren berri zehatz-zehatzik ez dugu, eta oraindik ere gaurkotasuna aitortzen diogu bere garaian Martí y Monsók eskaini zion azalpen biografikoari, izenpetzen ez zekielako datua barne14. XVI. mendeko lehen hamarkadan jaio zen, eta mendearen bigarren herenean lanean segitzen zuen artean, dokumentatutako obra baitu 1535etik, urte horretan kontratatu zuen Avilako apezpikuarekin Oñatiko San Migel elizako Pietatearen kaperako erretaula, 1562 arte. Alonso Berruguetek Valladolid aldean izandako jarraitzaileetako bat da, eta oso obra handia du, tartean hainbat erretaula baitago, hala nola Isabel Hernández Aldereteren kaperakoa Simancasen (1536), San Benitoko komentuko San Antonena (1547), Valladolideko Eskultura Museo Nazionalean dagoena bera, eta San Martín de Valvenikoa (1553). Valladolideko San Benitoren erretaulan ere parte hartu zuen, eta baita beste zenbait hilobi eta arkitektura galkorretan ere (1543). Era berean, Santiago de Dueñasko Ospitale zaharreko Deikundearen erretaula originala ere berea omen da; hala balitz, bere obrarik goiztiarrenetako bat izango litzateke (c. 1530-1540), Antonio Vázquez15 margolariarekin egina gainera. Beste lan askotan ere elkarrekin aritu ziren. Pedro de las Heras pintorearen adiskide izan zen, are lan harremana ere izan zutelarik, eta honen testamentu-betearazlea ere bai (1557).
Andrés de Espinosa pintorea erretaulagintzara emana zen Burgosko dinastia artistiko bateko kidea izan zen. Honetan aipatzeko modukoak dira Andrésen anaiak, Alonso eta Rodrigo, pintoreak hauek ere, eta batez ere hareb seme Migel, prestakuntza Diego de Siloerekin jaso zuena eta XVI. mendeko bigarren hereneko eskultore garrantzitsua izan zena. Burgosen bizi zirelarik, bere produkzioaren alerik onenak Palentzian daude, Santa Mariaren katedralean batik bat. Andrés de Espinosak burututako lanik handiena katedraleko erretaula nagusia urreztatzea izan zen, bere anaia Alonsorekin batera egin zuen eta lan hori, “antzinako eta Erromako modu eta eran”, 1525 eta 1527 bitartean gutxi gorabehera. Lan honen aurretik, 1520an, huts egindako beste kontratu-eskritura bat izan zen, hiru Espinosa anaiek eta Palentziako pintore Pedro de Villoldo eta Diego de Mayorgak elkarrekin izenpetua16. Oraindik ere, toki askotan, jatorrizko urreztatze eta polikromia mantentzen dira, eta hauetan nabarmentzeko modukoak dira aplikazio brokatu txiki batzuk, loreak, izarrak, eta beste motibo zigilatu batzuk, eremu urdinean grabatutako zonekin batera. Gure pintorearen mailaren lekuko garbitzat, Lehen Errenazimentu hispaniarraren obra handi honetan parte hartu zuten beste maisu batzuk ditugu, hala nola Joan de Valmaseda eta Felipe Bigarni eskultoreak edota Joan de Flandes pintorea.
Bere obrarik onenek ekarpen handia, erabakigarria egin zioten Palentziako katedraleko erretauletako eta burdinsare-etako apaindura errenazentistari. Bera bezala pintorea zen Kristobal de Herrerarekin batera, Andrés de Espinosak, 1534an, Sagrarioko kaperako erretaula pintatzea, urreztatzea eta estofatzea kontratatu zuen, 500 dukaten truke; lan hori egiteko, urtebeteko epea zuen17. Gure pintoreak urreztatu eta esgrafiatutako beste obra bat San Gregorio Handiaren erretaula da nonbait, 1536 inguruan polikromatua. Berak polikromatutako erretauletako azalek bikromatismo klasiko garbia erakusten dute, eremuetako kolore zuriaz eta, erromatar erako taila-apaindura jori eta xeherako, urre koloreaz osatua; izan ere, bikromatismo honen xedea marmolezko hilobi florentziarrak gogoraztea da. Konbinaketa bera ikusten da, urdin/urre bikromatismoarekin batera, Oñatiko Pietatearen erretaulan. Aplikazio brokatu errenazentista txiki batzuek, oraindik ere, hor diraute, elkarren gaineko apaindura hauek gotiko berantiarrean lortu zuten distira gogoratzen digutela, baina lanik zabalduenak erromatar erako esgrafiatuak dira, urdin eta gorri koloreko eremuetan eginak, eta mendel eta bandetan kokatuak. Behin eta berriz erabilitako motiboak kapiteletako kiribildura gisako landareak, tuniketako erronbo eta zirkuluak, eta hondoetako xake-taula gisakoak dira, baina beste esgrafiatu edo ziztalan mota batzuk ere ikusten dira, begite lanak esaterako18.
12 ARRAZOLA ECHEVERRIA, Mª A.: Op. aip., 34-35. orr. Datu hauek dagoeneko aipatuta zeuden honakootan: LIZARRALDE,
J.A.: Op. aip., 54. eta 56-57. orr., eta ZUMALDE, I.: Op. aip., 474-475. orr., 288. oharra.
13 V.E.K.A. Auzi zibilak. Lapuerta. Ahantziak C 738/3. Pedro de Santestebanek Avilako apezpikuaren aginduz eginiko eskritura publikoen memoriala.
14 MARTÍ Y MONSÓ, J.: Estudios histórico-artísticos relativos principalmente a Valladolid, basados en la investigación de diversos archivos. Valladolid-Madril, 1901, 447. or. Semblanza de Gaspar de Tordesillas.
15 Memorias y esplendores. Las Edades del Hombre. Palentziako Katedrala. Erakusketako katalogoa. Palentzia, 1999, 169-170. orr., 34. fitxa, J.M. Parrado del Olmok egina.
16 SAN MARTIN PAYO, J.: “El retablo mayor de la catedral de Palencia. Nuevos datos”. Publicaciones de la Institución Tello Téllez de Meneses, 10 (1953), 299-306. orr. Contrato con los doradores del retablo mayor. Memorias y esplendores…, 112. or., 1. fitxa, F.J. de la Plaza Santiagok egina.
17 GARCIA CUESTA, T.: “La Catedral de Palencia según los protocolos”. B.S.A.A., XIX (1952-1953), 67-69 eta 77-79. orr. 19. dokumentu eranskina. Andres de Espinosa eta Kristobal de Herreraren kontratua, Palentziako katedraleko Sakramentuaren kaperako erretaula urreztatzeko.
PARRADO DEL OLMO, J.Mª.: Los escultores seguidores de Berruguete en Palencia. Valladolideko Unibertsitatea. Valladolid, 1981, 58 eta 106. orr.
18 Andres de Espinosak Pietatearen erretaulan eginiko lan eta urreztatzeak distiratsu ageri zaizkigu berriro, Artelan enpresak burutu duen zaharberritze lanari esker. LATORRE ZUBIRI, J.: Retablo de la Piedad (Oñati). Restauración, 21 de mayo a 21 de junio de 1999. Donostiako Elizbarrutiko Museoa. Donostia, 1999.