Zilar gardendua nahikoa ugari erabiltzen da erretaula barruan. Anbar kolorea edo kolofonia, tonu marroi argitik hasi eta gorrixketaraino iritsiz, tuniken barnealdean erabiltzen da; hauek urreztatzeko nahastura-bernizaz eginiko apaingarri geometriko txikiz (zigilatuz) aberastuta daude, aplikazio brokatuaren deribazio bat balitz bezala. Eszenen hondoetako batzuetan erabilera bera ikus dezakegu. Lehen estaiko kolomek berdez (kobre-resinatoa) gardendutako zilarrezko hondoak erakusten dizkigute, nahiz gaur hondatuta dauden. Urdina (azurita kolarekin) pilastren kapiteletako zalditxoetan eta frisoetako itsas-uhinetan erabiltzen da. Frisoetako fruitu-mordoetan, berriz, gorria ikusten dugu. Zilar gardenduaren teknika erabiltzen da eraztun, mitra eta abarretan harribitxiak imitatzeko.