Logotipo gipuzkoakultura
2018ko ekainak 19, asteartea

Oñatiko unibertsitatearen Kaperako Errataula

Historia eta zaharberritzea
Aurkibidea ikusi
OÑATIKO UNIBERTSITATEKO ERRETULAREN
AZTERKETA HISTORIKO-ARTISTIKOA

Pedro Echeverria
  1. TESTUINGURU HISTORIKOA
    1. Avilako apezpikua, mezenas eta aholkulari
    2. Pietatearen erretaulari buruzko datu berriak
  2. SANCTI SPIRITUS IKASTETXEKO KAPERAKO ERRETAULA
    1. Dokumentu genesia. Egileak
    2. Traza, egitura eta apaindura. Erretaularen originaltasuna
    3. Estilo kontuak. Espresibismo eta manierismo juniarra
    4. Programa sakratua. Debozioak eta asmoak
    5. Errepertorio profanoa. Zaharkinak, groteskoak, bestioiak eta zaldiak
    6. Erromatar erako polikromia. Lehenbiziko groteskoak
OÑATIKO UNIBERTSITATEKO ERRETAULA ZAHARBERRITZEKO PROZESUA
Xabier Martiarena

Sarrera
ESKU-HARTZEA
  1. ERRETAULA EGITEKO TEKNIKA
    1. Arkitektura eskema
    2. Euskarria
      1. Egitura
      2. Eszenak
      3. Eskulturak
      4. Taulamenduak, kolomak, pilastrak eta horma-konkak
    3. Euskarriaren prestakuntza
      1. Oihala eta iztupa
      2. Prestakina
      3. Bola
    4. Polikromia edo geruza piktorikoa
      1. Urreztatua
        1. Ur-urreztaketa
        2. Urreztatzeko nahastura-berniza
      2. Zilarreztatzea
      3. Bismutoa
      4. Estofatua
        1. Urre gaineko esgrafiatua
        2. “Pintzeladura” edo urre gainean pintzelez eginiko pintura
        3. Zilar gaineko esgrafiatua
        4. Zilar gardendua
    5. Koloreak
      1. Kolore gardenak
      2. Kolore opakoak
      3. Haragi-koloreak
    6. Beste apaindura teknika batzuk
  2. ERRETAULAREN KONTSERBAZIO EGOERA
    1. Euskarria
      1. Xilofagoen erasoa
      2. Egitura
      3. Araldit
      4. Eszenen eta eskulturen egitura
      5. Iztupa
      6. Prestakina
      7. Aldaketak
    2. Polikromia
      1. Alderdi orokorrak
      2. Kolore opakoak
        1. Zuria
        2. Azurita
        3. Gorria
      3. Haragi-koloreak
      4. Urreztatua
      5. Zilarra
      6. Zilar gaineko gardenduak
        1. Laka gorria
        2. Anbar-marroia
        3. Berdea
      7. Bismutoa
      8. Zigilatuak
      9. Alterazioak
  3. ESKU-HARTZEA
    1. Euskarria
      1. Araldit
      2. Intsektuak akabatzea
      3. Egitura arkitektonikoaren berreraikuntza
    2. Polikromia
      1. Kolorea finkatzea
      2. Garbiketa
      3. Iztukatua
      4. Berregite kromatikoa
      5. Urrea birjartzea
    3. PDF: Erretaularen ezaugarri teknikoak
  4. ANALISI KIMIKOA
  5. GRAFIKOAK
    1. Erretaularen neurri orokorrak
    2. Zilarraren kokapena
    3. Zigilatuen kokapena
    4. Erretaula osatzerakoan erabilitako egurrak
    5. Estaien garapena
    6. Frisoetako erliebeen irudikapena
    7. Kontserbazio-egoeren eta erabilitako tekniken adibideak
    8. Hainbat zigilatu-ereduen kokapena
    9. Irudien jantzietan erabilitako zigilatu-eredu desberdinak
    10. Erretaularen horma-konken hondoetan eta irudien jantzietan erabilitako urre gaineko apaindura esgrafiatuak
    11. Erretaularen horma-konken hondoetan eta irudien jantzietan erabilitako zilar gaineko apaindura esgrafiatuak
    12. Erretaularen horma-konken hondoetan eta irudien jantzietan erabilitako metalezko xafla gaineko motiboak, pintzelez eginak


II. SANCTI SPIRITUS IKASTETXEKO KAPERAKO ERRETAULA


2. Traza, egitura eta apaindura. Erretaularen originaltasuna

Sancti Spiritus kaperako erretaularen trazari originaltasuna ematen diona zera da: kale bakoitietan altuerliebe gisako imajina banakakoak hartzea, eta kale bikoitietan eta errematean, berriz, mukulu biribilekoak; imajina hauen artean, On Rodrigo Mercado aholkulariaren debozio partikularretako batzuk daude. Horregatik, kalearteko erretaula baten itxura du, eszena erliebedun bakarra, Mendekostea alegia, duelarik buru. Oro har, Lehen Errenazimentuko multzo plateresko bat dugu begi-bistan, horixe erakusten digute-eta balaustreek eta azal erabilgarri guztiak betetzen dituen erromatar erako apaindura joriak, friso eta pilastretatik koloma eta balaustreetaraino iristen baita.

Erretaularen traza eta egituraren marrazkia. Erretaularen traza eta egituraren marrazkia.
Errematearen trazaren marrazkia, banku eta guzti. Errematearen trazaren marrazkia, banku eta guzti.

Obra honetan erabilitako lehengaiak ez dira eskultoreapaintzaile frantsesaren beste erretaula batzuetan aurkitzen ditugunetatik askorik aldentzen; betiko baldintza izan ohi zuen, dena den, zura ongi moztuta eta lehor egotea. Mukulu exentu eta altuerliebeetan intxaur-adakia erabili zuten, haritza berriz egiturari eusten dioten habe nagusietan, eta gaztaina eta ezkia erliebe lan, kutxa eta frisoetan; erretaula gorputzetan gora egin ahala, bigarrenak hartzen du gaztaina- zuraren tokia. Frisoetako panel zuzenetan intxaurra erabili zuten, erresistentzia handiagokoa delako, eta lapranetan, berriz, “til” deritzon zura, zur argiago eta lantzeko errazago bat alegia; Europa ipar eta erdialdeko arotz eta eskultore-apaintzaileak oso ohituta zeuden zur mota horrekin lan egiten, eta Picartek berak ere erabili zuen beste lan batzuetan, besteak beste Lizarrako San Joan Bataiatzailearen erretaulako zutabe eta erlikiategian66. Erretaula osatzen duten piezak mihiztatzeko ez zuten, goiko errematean eta toki bakar batzuetan izan ezik, iltzerik erabili, gida batzuetan sartzen diren eta multzo akasgabea osatzen duten mihi bidez ahokatu baitzituzten.

Traza mailakatua du, eta osagaiak bankua, zazpina kaleko bi atal, bost kaleko atal bat eta tinpano kurbo itxurako atiko bat ditu, banku baten gainean finkatua berau, beste bost kale dituela honek. Alde banatan, trapezio itxurako bi erremate maskordun. Kiribiletan grotesko itxura hartzen duten bi kiribiltzarren bidez, azkeneko atalak eta atikoak bat egiten dute zabalagoa den bere oinarriarekin. Ate-erretaula bat ere bada, zeren eta epistolaren aldean bankua etenik baitago, ate batetik zehar sakristiara pasatzeko; hona iristeko, arku konopial bat igarotzen da. Hasiera batean, banku honen aurretik aldare-mahai bat zegoen, eta honek, aurrealdean, apezpikuaren armarri-ikur ertz korreiformeduna zeukan, zerrenda batez bereizitako bi eguzki antropomorfoez. Alde banatan kateatu manieristak errepikatzen ziren, erritmikoki, barnean errosetak hartzen zituzten erronbo eta obaloak txandaka.

Errematearen trazaren marrazkia, banku eta guzti. Errematearen trazaren marrazkia, banku eta guzti.

Horizontaltasun handiko obra bat da, taulamenduak nagusi direna, eta frontoirik ez duen arren, bi zati zuzenen arteko zirkuluerdi formako erremate bat du koroa gisa. Garapen laua badu ere, bere elementuetako batzuk eslaian edo perspektiba zeiharrean egoteak, hala nola mentsulak, idulkiak, balaustreen ziriak eta erlaitzak, dinamizatu egiten du multzo osoa, sakontasuna emanez; eta hau horrela izan dadin laguntzen dute, halaber, imajinek daramatzaten gauzetako batzuek, saiheska daudela. Atikoko bankua, irtenune handikoa, hosto-kiribil bikoitzeko sei mentsulatan dago oinarrituta; alboetan gizon helduak dira kiribiletan, eta erdiko kalean, berriz, landareztutako haurrak. Zirkuluerdi formako tinpanoak, Aita Betierekoa hartzearren, Errenazimentuko forma geometriko akasgabea du, makrokosmoaren sinbolo gisa, ildo neoplatonikoari jarraiki.

Aita Betierekoa hartzeko koroatze modu hau berau ikusten dugu XVI. mendeko bigarren hereneko beste erretaula gaztelau batzuetan ere, esate baterako Cardeñosako (Avila) eta Parraleko monasterioko (Segovia) nagusietan. Madrilgo San Andres parrokian dagoen Gutierre de Carvajal apezpikuaren erretaula Jainko Aita hartzen duen medailoi ereinotzkoroadun batez dago errematatuta, Palentziako katedralean Santa Apoloniaren erretaula koroatzen duen tondoan ikusten dugun bezalaxe. Zirkuluerdi formako tinpanoak edo Jainko Aita duten medailoiak, sarriago, zutikako hilobietan ikusten dira, itxitura gisa67. Beste erretaula batzuetako zirkuluerdi formako atikoek, esate baterako Mejorada de Olmedokoak (Valladolideko Eskultura Museo Nazionala), Olivares de Duerokoak eta Valladolideko Santiago elizan dagoen Erregeen Adorazioarena kalbarioak dauzkate Eroskundearen goreneko puntu gisa. Azken hori 1537an Alonso Berruguetek egina da, Diego de la Haya bankugizonaren aginduz, eta erretaula- eszenatoki horietakoa den arren, F. Maríasek antza hartzen dio, egituran nahiz apaingarrietan, Oñatiko multzoarekin68. Valladolideko San Benitoren komentuko erretaula nagusiari buruz egin berreraikuntza ideal bati esker, Eskultura Museo Nazionalean baitugu ikusgai, erdiko kalearen erremate maskor handi bat zegoela ikusten dugu; honek bi frontoi triangeluar zeuzkan alde banatan, eta bere baitan Kalbarioa hartzen zuen. Avilako katedraleko apainduran hainbat albo-erretaula ikusiko ditugu zirkuluerdi formako erremate batez hornituta, San Segundorena eta Santa Katalinarena kasu. Aragoin ere itxitura kurboak aurkitzen ditugu, Sedileko zirkuluerdi itxurako atiko txaranbeldu ikusgarria esaterako, hasiera batean Calatayudeko San Juan el Realeko San Juan de Vallepiékoa zena bera. Aldameneko Errioxan ere ikusiko dugu aleren bat edo beste, Grañóngo erretaula nagusiko zirkulu erdiko atikoa, Kalbarioko Kristoa hartzen duena, edo Otxanduriko erretaula nagusiko serliarra, bere maskorpean Kalbarioa babesten duena.

Errematearen trazaren marrazkia, banku eta guzti. Errematearen trazaren marrazkia, banku eta guzti.
Errematearen trazaren marrazkia, banku eta guzti. Errematearen trazaren marrazkia, banku eta guzti.

Lehen gorputzaren mugarri, zortzi koloma, ordena konposatukoak, fustea candelieri eran antolatutako groteskoz betea dutenak; beste bi gorputzetan, berriz, apaingarriak balaustre edo koloma beldurgarriak dira, kapitel konposatukoak, kiribil bikoitzeko heldulekuak eta erromatar erako motibo landuak dituztenak. Diego de Sagredok Medidas del Romano lanean deskribatzen duen moduan, hauen osaketa honakoa da: “bureta eta ontzi antigoalekoak, hainbat itxuratan eginak, hostajeaz eta fantasiazko beste elementu batzuez estali eta jantziak: eta gainera denak balaustrean oinarrituta daude: eta honen hornidura ere ez da apalagoa bere hosto zaharren sabelean eta ildasken lepoan”69. Oinarri hauetako bakoitzak, simetria akasgabeaz, bere kontra-pilastra du, ordena berekoa beti, kaxetan grotesko edo hostapainezko ordenantzak dituela. Multzoari egonkortasuna emanez, berriz, taulamendu klasizista batzuk, erlaitz, dentikulu eta friso jori landu batzuez. Balaustreen gainean jarrita dauden idulki edo taulamendu independenteak saiheska kokatuta daude, perspektibadun eslaian, trazaren lautasuna gainditu ahal izateko. Sakontasun itxura honetan laguntzen du, halaber, santuen ezaugarriak zeiharka ipinita egoteak, esate baterako San Nikolasen liburua edo San Jeronimor eliz maketa. Lehen gorputzeko hormakonkak ertz korreiformeak dituzten kasetoi itxurako esfera-laurdenez estalita daude, San Migelena eta San Mateorena izan ezik, hauek landare-profila erakusten baitute; eta beste bi gorputzetan, txanga alderantziz daukaten maskorrez, lehenekoak bezala korreiformeak inolaz ere. Maskorrak, pentsamendu neoplatonikoan, maitasun zerutiarraren jaiotza adierazten du, eta kristau mezuko bataioaren parekotzat har daiteke. Bankuan badirudi erretaularen egiturari eusten diotela, mentsulei atxikirik, jatorrizko lau harroin-irudietatik bik; bekatuaz hertsatu eta zapaldurik, arimaren kartzela den gorputza sinbolizatzen dute. Hauxe dugu Euskal Herriko erretauletan esklabo neoplatonikoaren irudia atlante gisa ikusi dugun irudikapen goiztiarrenetako bat.

Serlio, Arkitekturako III. liburua. Larru itxurako armarritxoak. Serlio, Arkitekturako III. liburua. Larru itxurako armarritxoak. On Rodrigo Mercadoren armarri-ikurra. San Migelen armarri mozorroduna.
a) - b) Serlio, Arkitekturako III. liburua. Larru itxurako armarritxoak.
c) On Rodrigo Mercadoren armarri-ikurra. d) San Migelen armarri
mozorroduna.

Mantegna eta Rafaelen eskolako grabatuetan eta, azken batean, sarkofago klasikoetako erliebeetan sorburua duten motiboekin bat, 40ko hamarkadaren erdialdean aurkituko ditugu jada, Oñatin, nazioartean zabalduen zegoen manierismo fantastikoaren ezaugarri diren hainbat apaingarri, Fontainebleauko eskolako grabatu frantses eta flandestarretatik aterata70. Motibo hauek, penintsularen iparreko koadrantean 1558-1560az geroztik orokortuko ziren, kartelak eta larru bihurrituzko kartutxoak dira, nabarmen-nabarmenak inolaz ere aholkulariaren armarriikurrean eta San Migelenean, eta baita horma-konketako maskorretan ere –Migel Anjel, Serlio eta Rossoren 1530eko diseinuak dakarzkigute gogora–; eta horiekin batera hermes edo termino batzuk, draperia edo oihal zintzilikatuak, buru gainean fruituz betetako buru-babesak daramatzaten mutikoak, mozorroak, landare-izakiak eta beste hainbat grotesko edo hostapain. Honi guztiari gehitu egiten zaizkio, putti mundu bat gaurkotuz nolabait, animalia errealak eta fantasiazkoak, zaldiak, lehoiburuak, burezurrak, idi-buruak, apaingarri militarrak, armak, edikuluak eta arabeskoak, eta itsasoko gaiak eta psikomakiak ere ugari-ugariak dira.

Pilastra hermesduna. Pilastra hermesduna.
Hirugarren gorputzeko taulamenduaren atzealdea. Balaustre marrazkia. Hirugarren gorputzeko taulamenduaren atzealdea. Balaustre marrazkia.

Egituraren beraren zati ez badira ere, hemen baloratu egin nahi ditugu Mendekostearen eszena nagusian Ama Birjinaren tronuaren errematea egiten duen frontoi triangeluarra, multzo oso honetan dagoen bakarra, lehen gorputzeko kontra-pilastretan tailatuta dauden tenplete originalak, eta erliebe lanen atzealdean eginiko balaustre baten marrazkia, arkitekturako zirriborroa eta apuntea. Pilastren erdian Errenazimentu garaiko egitura arkitektoniko batzuk landu zituzten, Kupido edo puttiak hartzeko; horrenbestez, maitasunaren benetako tenpluak dira. Tenpletetako lauk, laugarren eta zazpigarren pilastren artean kokatuek, estai biko erdiko oin zirkularra dute; goikoa txikiagoa da, irekia, eta kupula batez estalia. Azkenekoak du diseinurik konplexuena, kiribil bikoitzeko albo-kiribiltzar moduko batzuez. Tenplete erreal eta edikulu fantasiazko hauetako askok Rafaelek eta Giovanni de Udinek asmatu zituzten, eta Rafaelen inguruko hainbat grabatzailek hedatu zituzten hurrena, hala nola Agostino Venecianok71 eta Marcantonio Raimondik.

Marcantonio Raimondi. Maitasunaren tenpletea. Lehen gorputzeko pilastra. Marcantonio Raimondi. Maitasunaren tenpletea. Lehen gorputzeko pilastra.
Marcantonio Raimondi. Maitasunaren tenpletea. Lehen gorputzeko pilastra. Marcantonio Raimondi. Maitasunaren tenpletea. Lehen gorputzeko pilastra.
Banku baten oinplanoaren zati bat eta sagrario kupuladun bat jasotzen dituen marrazkia. Banku baten oinplanoaren zati bat eta sagrario kupuladun bat jasotzen dituen marrazkia.

Erretaula desmuntaturik, zaharberritze prozesuan zehar zenbait marrazki aurkitu dira, esate baterako bigarren eta hirugarren gorputzen arteko friso baten atzealdean balaustre edo koloma beldurgarri bat erakusten diguna.

Bankuaren eta lehen gorputzaren arteko friso baten atzealdean kokatutako zirriborro bat ere oso interesgarria da, ezen badirudi erretaula bateko bankuaren erdia irudikatzen duela, oinaren dinamismoaz, erdi-puntuko horma-konkez, eta sagrariorako izango zen oinplano zirkularreko tenplete erdi batez, beronek galloi-kupula bat duela estalgarri. Erretaulak erlikia-ontzi edo sagrariorik ez badauka ere, apunte honek ongi erakusten digu Errenazimentu italiarraren teorikoek nahiago zutela oinplano zirkularra, ez bakarrik zuen esangura neoplatonikoagatik, baizik eta, nagusiki, bere sinbologia kristauagatik, Jerusalengo Hilobi Santua baitakarkigu gogora.

 

66 Lizarrako erretaula errematatzeko baldintzetako batean, zur horien erabilera zehazten da. URANGA GALDIANO, J.: Retablos navarros del Renacimiento. Nafarroako Foru Diputazioa. C.S.I.C. Iruñea, 1947, 22 eta 46. orr. Halaz, esate baterako, Zuricheko Suitzako Museo Nazionalak dituen taila polikromatuetako gehienak, 1500 inguruan eginak, ezki zurez eginda daude. LAPAIRE, C.: “La sculpture sur bois du Moyen Age en Suisse. Recherches sur la determination des essences”. Zeitschrift für Schweizerische Archäeologie und Kunstgeschichte/Revue Suisse d’Art et d’Archeologie, 30 (1973), 80. or. “XV. mendearen erdialdeaz. geroztik behintzat 1530 arte, ezkia eskulturetatik %90 baino gehixeagotan erabili zen”. Garai gotikoaren azken fasean (1470-1530) ezki zurez eginiko eskulturen zerrenda bat ere badu; honetan 277 taila daude jasota (79. or.).

67 REDONDO CANTERA, Mª. J.: El sepulcro en España en el siglo XVI. Tipología e iconografía. Kultura Ministerioa. Madril, 1987, 146. or..

68 MARÍAS, F: Op. cit., 20 or.

69 SAGREDO, D. De: Medidas del Romano. Facsímil de la edición princeps de Ramón de Patrás. Toledo, 1526. F. Marías eta A. Bustamanteren sarrera. Tratados bilduma. Madril, 1986. “De la formación de las colunas dichas mo(n)struosas, ca(n)deleros y Balaustres” atala.

70 GRUBER, A. (zuz.) eta beste: L,art décoratif en Europe. Renaissance et Manierisme. Citadelles & Mazenod. Paris, 1993. Motibo adierazgarri gisa artekatzeak, hostajeak, groteskoak, maskaroiak, argimutilak, arabeskoak, larruak eta kartutxoak biltzen ditu. ZERNER, H.: Ecole de Fontainebleau. Gravures. Paris, 1969. MÜLLER PROFUMO, L.: El ornamento icónico y la arquitectura, 1400-1600. Ensayos Arte Cátedra. Madril, 1985.

71 BERLINER, R.: Modelos ornamentales de los siglos XV a XVIII. Ed. Labor. Bartzelona, 1928. I. alea. Testua, 28. or.II. alea. Laminak: 41.1, 42.2 eta 43.1.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2009 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net