Taulamenduen egiturako zatiak arkitrabea (beheko zatia), frisoa (eszenak) eta erlaitza (goiko zatia) dira. Gure kasuan, arkitrabearen ordez erlaitz edo oinarri bat dago, eta halaz bi erlaitz eta erdian friso bat dituen taulamendu bat ateratzen da. Erlaitz biak intxaur zurezko pieza mazizo luzez eginda daude; hauek miru-buztanez finkatu dituzte. Bi erlaitzen artean dagoen frisoan, eszenetarako marko eginkizuna betetzen duten intxaurrezko pieza batzuk daude, bertikalean jarrita. Taulamenduak hiru zati nagusi ditu.
Hauek elkarrekin mihiztatuta daude, eta erretaularen zabalera osoa hartzen dute (ikus grafikoa). Moldura geometrikoz eta lorez eginiko taila joria du honek beheko zatian, eta goiko zati lisoan, berriz, bai ziriz, bai mihi edo ziritxoz lotzen diren pieza bertikaletarako kutxa eta ildaskak daude. Frisoko eszena fantastikoak dituzten panelak intxaur eta ezki zurez daude tailatuta. Hauen kokapena materialaren araberakoa da; halaz, intxaurrez eginiko eszenak behatzailearen paraleloan daude, eta ezkizkoak, berriz, zeiharka. (marrazkia ikusi). Konposatzeko modu honen arrazoi posiblea izango genuke, agian, intxaurrezko panelak, eta pieza bertikalak (ostikoak) ere bai bere kokapenagatik, nahikoa izatea egitura sendotzeko; zeiharka jarritako panelek ez dute euskarri lanik egiten. Lehen estaiko kolomak intxaurrezkoak dira, beraz erresistentzia badute erretaulako goiko mailen pisuari eusteko. Goiko estaietakoak ezkizkoak dira, hain zuzen erretaularen pisua arintzeko, eta zur mota horrek tailatzeko ematen duen erraztasuna baliatzeko. Pilastrekin ere gauza bera gertatzen da.Kolomak intxaurrondo enborrak dira, eta bakar-bakarrik kanpoen dauden zatiak, hala nola kapitelak eta harroinak, dira erantsiren bat dutenak; erantsi hauek zurezko larakoz lotzen zaizkio erretaulari, eta pilastrak mihi bidez. Lehen estaiko fusteen taila oso konkor handikoa da, mamitsua nolabait, eta bertan gai mitologiko-fantastikoak irudikatzen dira “candelieri” eran, urre txartatuaz, berdez gardendutako zilarrezko hondo baten gainean. Pertsonaia antropomorfoak polikromatuta daude. Pilastrek “candelieri” sistema bera erreproduzitzen dute, urre txartatuaz, pertsonaia polikromatuetan eta landare eta animali elementuetan zilar gardendua dutela. Bigarren eta hirugarren estaietako kolomak balaustre itxurakoak dira.
Bigarren estaiko pilastretan, urre koloreko hondoaren ordez zuria dago, eta hirugarren estaian, berriz, azurita.
Horma-konkak taulamenduetako janguneetan kokatuta daude. Oinarria haritzezkoa dute, alboak intxaurrezkoak, eta hondoa, berriz, bizpahiru gaztaina-oholez eginda dago; maskor batek ixten du goiko partea, arku baten antzera. Pieza bertikalak ziri bidez lotzen zaizkie horizontalei, eta hauek blokeatzeko falkak erabili dira. Atzeko aldea iltzez josita dago perimetro osoan zehar.