Unibertsitateko kaperako erretaula kaleka txandakaturik betetzen duten altuerliebe eta tailak, Pierres Picart eta bere laguntzaileen gubiatik ateratakoak, estiloari dagokionez XVI. mendearen bigarren herenean Valladoliden nagusi zen espresibismoan kokatzen dira, eta manierismo juniarraren72 halako bereganatze bat erakusten dute jada, honekin batera izanik, inolaz ere, Migel Anjelen artearen lehenbiziko eraginak. Eragin hauek irudietan antzematen dira, haragi eta monumentaltasun gehiagokoak baitira, eta baita konposizio eskemetan eta ikonografia batzuetan ere.
Imajinek erretaulan duten kokapenari dagokionez, bete egiten da Errenazimentuko tailaren maisuen arteko arau gorena, simetriaren edo, haiek esaten zioten moduan, “korrespondentziaren” legea alegia, guzti-guztien aurpegi eta keinuak erdiko kalerantz bideratuta daude eta. Aita Betierekoak, goitik beherako ikuspegi batez, multzo osoa ikuskatzen du. Erretaulan San Migel, San Gabriel eta San Rafaelek duten protagonismoa, hauexek ziren On Rodrigoren debozio partikularrak, nabarmenduta geratzen da konposizio triangeluarrari esker; irudion antolaketa, jarrerak, eta baita jantzien zerrenda diagonalak ere, konposizioaren lagungarriak dira. Goiaingeruek ere bere hierarkia ezartzen dute erretaulan, metro bete ingurukoak diren beste imajinak baino handiagoak direlako; salbuespenak dira, dena den, Jasokunde monumentala, 133 cm idulkirik gabe, San Migel, 130 cm, San Rafael, 122 cm, eta San Gabriel, 117 cm-koa hau, azkeneko biotan idulkiak kontatzeke gainera.
Erretaula honetan erliebean dagoen historia bakarrak, Mendekostearenak, konposizio zirkularra du Ama Birjinaren inguruan, apostoluak erregistrotan banatuta daudela, esate baterako Ozkabarte, Almudévar eta Alberiteko erretauletako Espiritu Santuaren Etorreran edota Armentiakoa bezalako multzoetan ikusten dugun moduan; halaz, oso loturik dagoke, inolaz ere, Arnao Bruselaskoari atxikitako marrazki bat dela eta berea delakoan, baina, C. Morteren iritziz, Damián Formentena den artelan bati73. Oñatiko Jasokunde-Koroapenaren multzoa ere eskema obalatu baten arabera antolatuta dago –honen sorburua XV. mendearen amaiera aldeko pinturan dago, eta Erromanismo arte izango zen indarrean–. Honetan, aingeruak Ama Birjinaren orla gisa daude, ilgora eta kerubin-buru bat idulki dira, beste seik gora daramate eta beste bik zeruko erregina gisa koroatzen dute.
Mugimenduaren manierismoa argi eta garbi antzematen da irudietako batzuetan, ezen badirudi bere esparrutik atera nahi dutela, halako espazio-estuasun bat sentituko balute bezala; hauxe ikusten dugu, esate baterako, San Migel goiaingeruaren kasuan, suge lerro bat egiten baitu, edo beronek hankapean duen giza itxurako deabruarenean, modu sinestezinean bihurritzen da eta. Beste imajina oinazetu batzuk bankuko Isaias eta Zakariasena dira, ezinezko moduan bihurritzen dira eta, beste kasu batzuetan baino gehiago gogoraraziz Juan de Juniren obretako batzuk. Dena den hemen Picarten profetek askoz jarrera bihurriagoak hartzen dituzte, borgoinarraren obretako batzuek, esaterako Burgo de Osmako katedraleko erretaula nagusiko lehen gorputzean etzanik ageri diren David eta Abrahanek, baino. Atikoko gorputz erdiko beste profetek ere keinu heroikoak eta besoen gurutzatze kementsuak erakusten dituzte, Balaam eta Jeremiasen kasuan ikusi moduan.
Kaperako erretaulako taila eta banakako erliebeen iturri grafikoak identifikatzea lantegi konplexua bada ere, gogopizgarri gertatzen da pentsatzea beharbada ereduetako batzuk On Rodrigok berak erakutsiko zizkiola Pierres Picarti, aukeratu zitzan, “imajina liburu”74 batetik, hau da, estanpa liburu batetik, horrelako bat aipatzen da eta, beste batzuen artean, On Rodrigo zendu ostean bere ondasunei buruz egin inbentarioan. Erretaula honetan ugari diren santuen altuerliebeen ezaugarriak eta, adibidez, Valladolideko San Benitoren monasterioko koruko aulki-sailaren bizkarretan ikusten direnenak –hiriburu gaztelauaren Eskultura Museo Nazionalean gordeta dago saila– oso antzekoak dira. Imajinen artean, kalearteetako santuak eta erretaulako eta atikoko bankuetako profetak mutur banatan jar ditzakegu, lehenak irudi estatiko samarrak baitira, kanon motzekoak eta kontraposto errepikakorrekoak, eta bigarrenak, berriz, askoz dinamikoagoak eta jarrera ugariagokoak, are bihurtze sinestezinetara iristen direla Isaias eta Zakariasen kasuetan. Lehenen ezaugarriak Picarten estiloarekin lotu badira ere, bigarrenen berrikuntza Sixtotar Kaperako eredu migelanjeldarretan inspiratuta egotean datza; halaz, ereduok aitzindari gisa ageri zaizkigu balaustre-erretaula bateko bazter eremuetan.
Gure iritziz, kalearteetako imajinetako batzuek badute halako konposizio kidetasun bat marrazki eta grabatu alemaniarrekin, esaterako Lucas Cranach-ek egin Elizaren Guraso San Joan eta San Timoteorenekin eta, batik bat, Dürer-en kolaboratzaile Hans Baldung Grien-ek (+1545) egindakoekin, zeren eta honek, bere lehen aldiko erlijio pinturetan, bildu egin zituen tradizio gotikoko errealismoa eta manierismoa. Halaz, San Antonen altuerliebeak, kokapenari begiratuta, antza du San Judas Tadeoren xilografiarekin (1519), eta San Anbrosiorena bat dator alemaniarrak grabatutako saileko San Tomasekin, aurpegia eskuinerantz biraturik eta makulua gurutzaturik duela, apostoluaren lantzaren antzera. San Gregorio Handiaren tailak parekotasun batzuk ditu “Berdearen” apostolu taldeko San Feliperekin, zeren eta imajina honek kaparen ertza eskuaz jaso eta, era berean, makulu bat baitarama gurutzatuta. Azkenean, San Sebastian gezikatuak 1505 eta 1507 bitartean Dürer-en original batetik abiatuta grabatutako santu beraren martirioaren konposizio eta kontraposto berdin-berdina du. Gauza bitxia bada ere, San Jeronimoren tailarako, eskultore-apaintzaile galiarrak edo beronen laguntzaileetakoren batek, Rafaelen ereduaren arabera apostolatuaren sailean Marcantonio Raimondik egin San Pauloren grabatua hartu zuen inspirazio iturritzat. Aurpegien soslaiak, bizar luzekoak, oso antzekoak dira, eta baita San Pauloren ezpatari eta, Eliz Guraso edo Aitaren kasuan, makilari eusten dioten besoen jarrerak ere.
Erretaula honetako imajinetako batzuetan, batez ere erretaulako eta erremateko bankuetako profetenetan, eredu migelanjeldarren halako bereganatze goiztiar bat egiaztatzen da; izan ere, Valladoliden Juan de Junirekin izandako harremanari esker ezagutuko zituen Picartek75. Erremateko Aita Betierekoak, grotesko itxurako irudia bera, dituen eskortzoa eta beso zabalezko jarrera, eta Migel Anjelek Sixtotar Kaperako gangan fresko moduan margotutako Lurren eta Uren Banatzearen eszenan (1509-1512) Jainko sortzaileak duena, oso antzekoak dira. Bankuko harroinirudiak aipatu gangako ilargixketako tronuetako ignudien eta Julio II.aren Hilobiko esklaboen aldaera goiztiar bat dira.
Jarreretako batzuk, gainera, badirudi Sixtotarreko ignudietako batzuetan inspiratuta daudela, esate baterako Isaiasek diagonalean gurutzaturik duen ezkerreko hanka, gizakiaren Kreazioan Adanengandik hurbilen dagoen tronuko mutikoaren eskuinekoa bezalakoa baita. Ignudi honen beronen ezkerreko besoaren gurutzatze kementsua errepikaturik ageri zaigu Oñatiko erretaulako erremateko Balaam profetaren irudian. Era berean, konposizio kidetasun batzuk antzematen ditugu Isaiasen altuerliebe honen eta Marcantonio Raimondiren obra grafikoko zenbait pertsonaiaren artean, adibidez Jakintsuen Biltzarrean bildutakoetako baten beso luzatuak liburua seinalatzen duenean, Sixtotarreko Gizakiaren Kreazioko Adanen besoaren berdina baita, edota Ebanjelarien saileko San Mateoren hanka gurutzaketa adierazgarrian, edo enbor batean eseritako gazte biluziarenean.
Bankuko Zakariasen erliebea, bere eskortzo zailaz, eta Azken Judizioko ezkerreko ilargixkan Zigorkatzearen kolo mari harroinetik eusten dion aingerua bat datoz. Filakteria bidez identifikatzeke dagoen profeta bakarrak, laugarrenak, ezkerreko besoa altxaturik eta eskuinekoa bular gainean gurutzatzean erakusten digun keinu kementsuaz, Azken Judizioko Kristo (1536-1541) gogorazten digu. Zehatzago joz, profeta honek errepikatu egiten du Kleofaseko Mariaren keinua, Juan de Junik 1539an Mondoñedoko apezpikuaren kaperarako egin eta Valladolideko Eskultura Museo Nazionalean dagoen Hobiratze Santuaren eskultura-multzokoarena.
Habakuk profetaren jarrerak, beso biak paraleloan altxaturik dituela, Sixtotarreko bere ilargixkan ignudietako batek eta Amanek dutenean izan dezake eredua. Estatua klasiko batzuen, esaterako Delfosko Aurigaren edo Apoxiomenosen antzeko jarrera dute. Ikonografia migelanjeldar hau bere egin zuen Alonso Berruguetek Joben irudian, Toledoko katedraleko aulki-sailean (1539), eta XVI. mendeko hirurogeiko hamarkadaren erdialdean atzera ikusiko dugu Pedro López Gamizen bi erretaulatan, Briviescako Santa Klararenean eta Estavilloko San Sebastianenean Ama Birjina koroatzen duen Kristorako. Oro har, atikoko bankuko lau profeten kokapenak, bustoak baitira, keinu adierazgarrikoak eta aurrez aurre binaka jarriak, gogora dakarzkigu Solesmesko Saint Pierreren abade-elizako santuak edo Elizaren Gurasoak; hauek, horma-konketan sarturik, lerroan jarrita daude, tribuna batean bezala, Ama Birjinaren Hobiratzearen hilobiaren gainean (1540-1550).
Dagoeneko aipatu ditugun San Migelen eta Isaiasen tailez gain, beste batzuek ere, San Gabrielenak kasu, gurutzatu egiten dituzte hankak. Dena den, espresibismoa gehiago ikusten da adats eta bizar astinduetan, hala nola Aita Betiereko, San Migel, San Lukas, San Jeronimo edo profetenetan, edota oihal hegalen ertzetan, esate baterako San Migelen kapako barrenaldean edo San Gabriel eta San Rafaelen jantzietako mahuketan. Beste keinu espresibo bat San Blasena da, eztarriko gaitzetarako ararteko edo abokatua izaki eskuineko eskua lepoan jartzen duela. Osterantzeko tailek forma klasikoago eta lasaiagoak dituzte, garai hartako beste maisuen lanetatik bereizten dituen sei aurpegietatik hurbileko kanon motz batez, eta zangoetako bat aurrera eramanda lortutako kontraposto errepikatuez. Imajinetako batzuek, Jasokundearenak adibidez, bere forma-zuzentasun, oreka eta xehetasunengatik Felipe Bigarny eskultore borgoinarraren estiloa dakarkigute gogora; Burgosen bizi zen, eta berak abiarazi zuen Gaztelan Errenazimentua.
Irudiek bolumen handiagoak dituzte, Erromanismorako iragaitzan, eta anatomia sendoagoak, San Sebastianen irudian edo harroin-irudietan ikusten dugun moduan; eta bankuko profetek Juan de Juniren haragi eta oihalezko “masak” gogorazten dituzte. Hala eta guztiz ere, oraindik masailalboak nabarmen erakusten dituzte, eta baita artikulazioetako batzuk ere. Gure eskultore-apaintzaileak eta bere laguntzaileek gustukoago dituzte pertsona helduak eta bizar luzeko zaharrak, oliba-koloreko haragia dutenak igarotako bizimodu aszetikoaren erakusgarri, besteak beste San Anton Abade, San Paulo eremutar edo San Jeronimoren kasuan; hauetan guztietan, polikromia bidez lortzen da apaindura osoarekiko egokitzapena, esaterako San Paulo eremutarraren kasuan, urtetsua dela adierazteko adatsa eta bizarra urdinduak baititu. Judas Iskarioteren tokian Matias dela, Espiritu Santuaren Etorreraren eszenan kontseilua osatzen duten hamabi apostoluak aurpegien itxuraketa desberdinen arabera bereizten dira, batzuk bizargabeak baitira, bizardunak beste batzuk, eta burusoil bizardunik ere bada; adatsaren eta bizarraren koloreak ere bereizten ditu, eta ukitu urdinduak duintasuna eta adina adierazten ditu. Emakumeek, gazteek eta haurrek zein Ama Birjinak, goiaingeruek eta San Sebastianek aurpegi idealizatuago eta borobilagoak dauzkate, profil helenoaz, hau da, sudurra kopetalerroaren jarraipena da, eta haragi-kolorea argiago eta gorrixkagoa da.
Imajinetako batzuek aurrerantz makurtzen dute burua, tortsio ezaugarri batez, eta, aldi berean, dagokion sorbalcruzamientos da aurreratzen dute, kokotsa oinarritzearren. Eskema hau migelanjeldarra da, besteak beste nahiko modu goiztiarrean Berruguete, Giralte edo Juni bezalako eskultore handiek errepikatua. San Markos edo San Lukasena bezalako irudietan, ikustea ahalbidetzeko kontraposizioak egiten dira, burua eta besoak alde baterantz biratuta baitauzkate, zangoak doazen kontrako alderantz alegia. J. Parradoren arabera, San Markosek errepikatu egiten du Damian Formentek76 Ozkabarteko katedraleko erretaula nagusian egin San Lukasen irudiaren eskema bera. San Agustinen buruaren ezkerreranzko bira horren konpentsazio gisa, besoek beste aldera jotzen dute, eta ezkerrekoak gorputza zeharkatzen du.
Pertsonaiek arropa astunak daramatzate, toles zabalekoak, bolumen itxura are nabarmenagotzen dutenak, mantua edo kapa altxatua dutela gainera batzuek, belaunetako baten pareraino. Une honetako ezaugarria dugu San Sebastianen garbitasun zapiaren korapilo oihaltsua. Kapelei dagokienez, berriz, aipatzeko modukoak dira profeten durbanteak eta, zehatzago joz, Zakariasek daukan ekialdeko txano frigiarra, Juan de Juniren77 tipo batzuetan ere errepikatzen dena bera. Gehien-gehienek denbora gabeko jantziak badaramatzate ere, edo duten aita santu, kardinal edo apezpiku mailari dagozkionak bestela, ez ditugu aipatzeke utzi nahi Ama Birjinaren jantziak, lepo lauko soinekoa, mahuka potortuak eta alkandora, San Migelen eta Sendotasunaren koraza fantasiazkoak bezala.
Erretaula hau betetzen duten santuetako batzuetan gizon aurpegiak errepikatzeko halako joera bat ikusten bada ere, zaharren kasuan esate baterako, eta aingeru eta emakume aurpegietan idealizaziorako joera, ez da gauza bera gertatzen identifikatzeko aukera ematen duten osagarri eta ezaugarri ikonografikoetako batzuetan. Halaz, San Migelen oinpean bihurritzen den eta oinazetan dagoen demonio beldurgarriaren adarrak eranskin bat dira, hemengo bertako ahari-adarrez eginak, eta polikromatuta daude. San Lukasen zezenak kolore gorrixka polikromatu bat dauka, Oñatiko San Martinen ermitako erretaulako taila lanagatik Pierres Picarti 1548an ordaindu zizkioten lau bigantxa “gorrizten” antzera78. Beste elementu errealista batzuk ditugu, esaterako, ebanjelarien tintontziak eta zorro esgrafiatuak, San Markosen kasuan izan ezik tetramorfoek daramatzatenak, edo azkene ko honen belarriko luma, edota San Rokeren kasuan, santuak Erromara egin erromesaldiaren oroitzapen gisa, kapelu-hegalaren bueltan gurutzatutako zilar eta urre koloreko giltza bana. Oso xehetasun maila handikoak dira, halaber, Eliza Latinoaren Guraso San Nikolas eta San Blas eliz jantziak, zegozkien dignitateenak, osagai dituzte-eta tiara, mitrak, eliz longaina edo euritakoak, meza-jantziak, eliz atorrak eta lepokoak edo estolak, eta baita eraztunak ere, bere eskuineko eskuko larruazalaren gainean San Jeronimok daramatzan lauak kasu. Gurasoetako bakoitzak eliz maketa desberdin bat darama, bere dorre edo kanpai-horma eta guztikoa, elizaren espirituzko euskarriaren adierazgarri. Halako originaltasun bat erakusten duten beste elementu batzuk San Rafaelen arraina eta Sendotasunaren alkabuza dira.
72 MARTÍN GONZÁLEZ, J.J.: Juan de Juni…, 64-70. orr. El estilo (clasicismo y barroquismo o manierismo).
73 María, fiel al Espíritu. Su iconografía en Aragón de la Edad Media al Barroco. Erakusketako katalogoa. Camón Aznar Museoa, Zaragozako artzapezpikutza eta Ibercaja. Zaragoza, 1998, 150 or., 28 zk.
73 MARÍAS, F: Op. cit., 20 or.
74 V.E.K.A. Auzi zibilak. Quevedo. Amaituak C 160/4. Apezpikuaren ondasunen inbentarioa, 155. or.
75 FERNÁNDEZ DEL HOYO, Mª A.: “Datos para la biografía de Juan de Juni”. B.S.A.A., LVII (1991), 339. or. Eskultore galiarraren paper, marrazki eta estanpen artean “un papel grande del Juizio de Micael Ángel” bat inbentariatu zuten.
76 Damián Forment…, 288. or., 22. zk.
77 Damián Forment…, 288. or., 22. zk.
78 ARRAZOLA ECHEVERRIA, Mº. A.: Op. aip., II. alea, 41. or.