Logotipo gipuzkoakultura
2018ko azaroak 17, larunbata

Oñatiko unibertsitatearen Kaperako Errataula

Historia eta zaharberritzea
Aurkibidea ikusi
OÑATIKO UNIBERTSITATEKO ERRETULAREN
AZTERKETA HISTORIKO-ARTISTIKOA

Pedro Echeverria
  1. TESTUINGURU HISTORIKOA
    1. Avilako apezpikua, mezenas eta aholkulari
    2. Pietatearen erretaulari buruzko datu berriak
  2. SANCTI SPIRITUS IKASTETXEKO KAPERAKO ERRETAULA
    1. Dokumentu genesia. Egileak
    2. Traza, egitura eta apaindura. Erretaularen originaltasuna
    3. Estilo kontuak. Espresibismo eta manierismo juniarra
    4. Programa sakratua. Debozioak eta asmoak
    5. Errepertorio profanoa. Zaharkinak, groteskoak, bestioiak eta zaldiak
    6. Erromatar erako polikromia. Lehenbiziko groteskoak
OÑATIKO UNIBERTSITATEKO ERRETAULA ZAHARBERRITZEKO PROZESUA
Xabier Martiarena

Sarrera
ESKU-HARTZEA
  1. ERRETAULA EGITEKO TEKNIKA
    1. Arkitektura eskema
    2. Euskarria
      1. Egitura
      2. Eszenak
      3. Eskulturak
      4. Taulamenduak, kolomak, pilastrak eta horma-konkak
    3. Euskarriaren prestakuntza
      1. Oihala eta iztupa
      2. Prestakina
      3. Bola
    4. Polikromia edo geruza piktorikoa
      1. Urreztatua
        1. Ur-urreztaketa
        2. Urreztatzeko nahastura-berniza
      2. Zilarreztatzea
      3. Bismutoa
      4. Estofatua
        1. Urre gaineko esgrafiatua
        2. “Pintzeladura” edo urre gainean pintzelez eginiko pintura
        3. Zilar gaineko esgrafiatua
        4. Zilar gardendua
    5. Koloreak
      1. Kolore gardenak
      2. Kolore opakoak
      3. Haragi-koloreak
    6. Beste apaindura teknika batzuk
  2. ERRETAULAREN KONTSERBAZIO EGOERA
    1. Euskarria
      1. Xilofagoen erasoa
      2. Egitura
      3. Araldit
      4. Eszenen eta eskulturen egitura
      5. Iztupa
      6. Prestakina
      7. Aldaketak
    2. Polikromia
      1. Alderdi orokorrak
      2. Kolore opakoak
        1. Zuria
        2. Azurita
        3. Gorria
      3. Haragi-koloreak
      4. Urreztatua
      5. Zilarra
      6. Zilar gaineko gardenduak
        1. Laka gorria
        2. Anbar-marroia
        3. Berdea
      7. Bismutoa
      8. Zigilatuak
      9. Alterazioak
  3. ESKU-HARTZEA
    1. Euskarria
      1. Araldit
      2. Intsektuak akabatzea
      3. Egitura arkitektonikoaren berreraikuntza
    2. Polikromia
      1. Kolorea finkatzea
      2. Garbiketa
      3. Iztukatua
      4. Berregite kromatikoa
      5. Urrea birjartzea
    3. PDF: Erretaularen ezaugarri teknikoak
  4. ANALISI KIMIKOA
  5. GRAFIKOAK
    1. Erretaularen neurri orokorrak
    2. Zilarraren kokapena
    3. Zigilatuen kokapena
    4. Erretaula osatzerakoan erabilitako egurrak
    5. Estaien garapena
    6. Frisoetako erliebeen irudikapena
    7. Kontserbazio-egoeren eta erabilitako tekniken adibideak
    8. Hainbat zigilatu-ereduen kokapena
    9. Irudien jantzietan erabilitako zigilatu-eredu desberdinak
    10. Erretaularen horma-konken hondoetan eta irudien jantzietan erabilitako urre gaineko apaindura esgrafiatuak
    11. Erretaularen horma-konken hondoetan eta irudien jantzietan erabilitako zilar gaineko apaindura esgrafiatuak
    12. Erretaularen horma-konken hondoetan eta irudien jantzietan erabilitako metalezko xafla gaineko motiboak, pintzelez eginak


II. SANCTI SPIRITUS IKASTETXEKO KAPERAKO ERRETAULA


4. Programa sakratua. Debozioak eta asmoak

Inolako zalantzarik gabe On Rodrigo Mercado de Zuazolak esanari jarraiki, unibertsitateko kaperako erretaulak salbaziorako debozio programa bat hartzen du baitan, eta hau santu, profeta, bertute, Ama Birjina eta Jainko Aitaren imajinetan gauzatzen da; halaz, narrazio atala Mendekostearen historia titularrera mugatzen da. Bigarren mailako eremuetan, programa profano konbergente batez osatuta dago. Honek itxura neoplatonikoa du, arimaren liberazio zaila eta zeruratzea irudikatzen ditu, eta hurrengo atalean aztertuko dugu.

Goiaingeruek, prelatuaren debozio partikular bat dira, konposizio triangeluar bat osatzen dute erretaulan. San Rafael, San Gabriel eta San Migelek, zeruko medikua, mezulari iragarlea eta demonioaren garailea irudikatzen dituztelarik hurrenez hurren, zientzia morala, filosofia naturala eta Teologia sinbolizatzen dituzte, klabe neoplatonikoan inolaz ere. Mendekosteak, berriz, ez du soilik Espiritu Santuak hizkuntzak eman izana adierazten, baizik eta baita Elizaren batasuna, zazpi dohainen emaitza eta jakinduria eta ezagutza ororen iturria ere. Erretaularen goranzko erritmoan, programa profanoan buru hegaldunez eta sakratuan aingeruez adierazian alegia, Jasokundea-Koroapena erreferentzia garbia da. Kerubin hegaldunezko friso batek zerura garamatza; hau Aita Betierekoa dagoen zirkuluerdi formako erremate batez irudikatuta dago, eta goiaingeruen triada dauka inguruan, Jainkoaren koroa eta aingeru-kategorien laburpen gisa.

San Gabriel. San Rafael. San Migel.

a) San Gabriel. b) San Rafael. c) San Migel.

Errenazimentuko erretauletan kokapenaren eta sinbologiaren artean izan ohi den loturaren arabera, bankuetan, erretaularen zimendu gisa, justizia eta sendotasuna bertuteak daude, profetekin batera; hauek, bere aitzin-irudien bidez, Mesiasen etorrera iragarri eta Itun Berriaren edukia berresten digute. Erretaulako erdiko kalea erdian hartuz, ebanjelariak, Errebelazioaren gordetzaile eta hedarazleak. Hauen ondoan, lehen gorputzean irudikaturik, oinarri intelektual gisa, Eliza Latinoaren Gurasoak ebanjelioen exegeta gisa; San Agustinek filosofia ordezkatzen du, eta San Jeronimok teologia. Erretaulan bikote simetrikoetan ageri diren beste santuak bi eremutar dira, San Anton Abadea eta San Paulo eremutarra, bizimodu aszetikoaren eredu; bigarren gorputzean San Nikolas Bariko eta San Blas apezpikuak, eta hirugarrenean San Sebastian eta San Roke. Hauetako gehienen ezaugarri komuna herrian debozio handia eragindako santuak izatea da, batez ere azkeneko bien kasuan, izurriteen aurkakotzat hartuak baititu jendeak.

Goiaingeruen neurri handiagoa eta erretaulan duten kokapena eta jarrera, konposizio triangeluar bat osatzen dute, ez dira ohikoak XVI. mendeko gure erretaulagintzan. Beraz, esan dezakegu hemen agertzearen arrazoia On Rodrigo Mercado aholkulariaren borondate eta debozioak direla. Bere hilburukoaren lehenbiziko legatu edo agintzetako batean oso bereziki “San Migel eta San Gabriel dohatsuen” eskutan lagatzen du bere burua, hurrena beste santu batzuk gehituz, “beste aingeru eta goiaingeruekin batera”79. Letrango Kontzilioan hiru goiaingeruen ezagutza ofiziala egin zelarik, horienganako debozio modernoa Italian abiatu zen. Herrialde horretan, 1523an, Karlos V.a enperadoreak Zazpi Goiaingeruei eskainitako tenplu bat fundatu zuen Palermon, eta hemendik berehala zabaldu zen debozioa Espainiara80.

Programa ikonografikoa duen traza. Programa ikonografikoa duen traza.
San Migel (zaharberritze fasean, hegalik gabe). San Migel (zaharberritze fasean, hegalik gabe).

San Migelek argiak ilunpearen gainean lortu garaipena irudikatzen du, oinpean duen demonio beldurgarria suntsitzean zerura baitaramatza arimak. Halako korrelazio bat ezar genezake irudi honen ikonografia militarraren, ezkutu korreiformea eta mozorro oinazeduna dituela, eta ezkutuan Medusaren burua irudikaturik daraman Pertseo paganoaren artean, nahiz, dena den, goiaingeruak eskuan daraman balaustre itxurako gurutze batez amaitutako lantza bat, banderatxo bat eta gurutzearen zeinua dauzkan bat. Goiaingerua da On Rodrigo bataiatu zuten eta bertan hilobira zezaten agindu zuen Oñatiko parrokiako titularra; hain zuzen horrexetarako eraikiarazi zuen bertan Pietatearen kapera. Santu honek toki berezia du bere patronatu-kaperako erretaulan, gerra-ikonografia horixe mantentzen du, eta kasu honetan psikostasia edo arimen pisatzea gehitu zaio. Gonzalez de Zaratek, esangura hauekin batera, beste esangura humanista bat proposatzen du, Avilako apezpikuak zeukan Pico della Mirandolaren “Gizakiaren Duintasunaz” tratatuko kapitulu bati jarraiki81. Horretan Apaiz Nagusi gisa ageri zaigu Migel, eta bere lerroetan dioenez, “geure buruaz atarramentu ona ateratzen dugunok, filosofiaren banderen pean eskainiz gure zerbitzua, Teologiaren apaizgoaz markatuko gaitu, harribitxizko koroa baten antzera”82, zeren eta Migelek demonioa hiltzean, gizakia gaitzetik askatzen baitu, eta Jainkoa benetan ezagutzera eramaten.

San Gabriel (zaharberritze fasean, hegalik gabe). San Gabriel (zaharberritze fasean, hegalik gabe).
San Rafael (zaharberritze fasean, hegalik gabe). San Rafael (zaharberritze fasean, hegalik gabe).
Mendekostea. Mendekostea.
Koroatzea Koroatzea

Deikundearen goiaingeru San Gabrielek galdu egun du eskuineko eskuan zeraman eta, Merkurio kristau baten antzera, Jainkoaren mezulari gisa aurkezten zigun zetroa. San Gabrieli buruz, Pico della Mirandolak honakoa idatzi zuen: “Osasun onera itzulirik jada, Gabriel etorriko da, Jainkoaren indarra, gurekin bizi izatera, eta ordena naturaleko mirarietan zehar eramango gaitu, Jainkoaren bertute eta boterea toki orotan erakutsiz”. San Rafaelek, Jainkoaren sendagaia esan nahi du, ezkerreko eskuan balaustre itxurako gurutze batez amaitutako makila bat darama, erromesen zaindari izaki, eta eskuinekoan, berriz, arrain bat du, Tobiasek modu harrigarrian bere aitaren itsutasuna sendatzeko erabili zuena. Aipatu humanista florentziarrak gonbidapena egiten du: “Jeremiasek esana denez heriotza leihoetatik sartu zela, eta gibela eta bihotza hondatu zituela, eska diezaiogun Rafaeli laguntza, berau baita zeruko sendagilea, moralaren eta dialektikaren botika osasungarriez sendatuko gaituena”83.

On Rodrigo Mercado de Zuazolak Oñatin fundatu zuen ikastetxea Sancti Spiritus izenpeko egitea erabaki zuen, horrexengandik baitatorkigu jakinduria guztia. Horregatik gai hau aro modernoko ikastetxe eta unibertsitate askotan ageri da hainbat ikonografia baliatuta, izan baitaitezke Mendekostea, Espiritu Santuaren usoa edo suzko mihia84, besteak beste Alcalá de Henaresko Unibertsitateko fatxadako erremateetan ikusten dugun moduan. Erretaulan buru, Espiritu Santuaren apostoluenganako jetorrera. Eszena hauxe da multzo osoan erliebez eginda dagoen bakarra. Mendekostea izenaz ezaguna den honek, Espiritu Santua Igokundetik hamar egunera hamabi apostoluei uso itxuran agertu zitzaienekoa jasotzen du; apostoluek, jatorrizko kontakizunean agertzen ez den Ama Birjina zutelarik bilkura horretan buru, hizkuntzen dohaina jaso zuten, buru gaineko gar gisa (Act. 2, 1-4). Hauxe da Elizaren batasunaren lehenbiziko adierazpena, eta baita zazpi dohainen emaitzarena ere; hauek jakinduria eta inteligentzia, aholkua, sendotasuna, zientzia, pietatea eta Jainkoaren beldur izatea dira. Pietatearen kaperako erretaula-hilobiko arkosolioan, era berean, Espiritu Santuaren usoa dugu, erliebez egina, eta Jakinduriaren alegoria bat ere bai apezpikuaren mukulu otoizgilearen atzean, unibertsitateko portada nagusian ikusten dugun bezalaxe.

Taldeko pertsonaien banaketa hierarkiaren araberakoa da: Maria tronuan dago, lehentasunezko toki batean goian, ikastetxean buru; San Pedro, Kristoren ondorengoa, Ama Birjinaren eskuinean dago, San Joan eta Santiago Nagusia bezala, eta San Matias Judas Iskarioteren ordezko ageri da. Maria simetri ardatza da, eta sei apostolu ditu alde banatan. Multzoan buru, Ama Birjinaren gainean, Espiritu Santuaren usoa, aureola gurutzedun batez eta gar itxurako izpiek mendel gisakoa egiten diotela.

Mendekostearen eta Aita Betierekoaren artean Jasokundearen taila dago, bere bitartekari izaera sinbolizatuz horrenbestez. Ama Birjinaren Jasokundearen eta Koroapenaren gertaerak, elkarren segidakoak, irudikatzen ditu: sei aingeruk gorantz daramate Ama Birjina, eta beste bik zeruko erregina gisa koroatzen dute, kerubin-buru hegaldun batek prestatzekeko idulki lana egiten duen bitartean. Oinetan, berriz, ilargi erdi bat ageri da, puntak gorantz dituena; hau emakume apokaliptikoaren sinboloetako bat da, eta gehiago dagokio, berez, Sortzez Garbiaren ikonografiari.

Puntu honetan On Rodrigo Mercado de Zuazolaren Mariaganako debozioa gogoratu behar dugu, honexek justifikatzen baitu erretaula honetan emakumezko ordezkaritza bakar –bankuko bertuteen bi alegoria kenduta- baina ezinbesteko hori egotea. 1548ko testamentuan ez zuen ahantzi, garai hartan ohi zenari jarraiki, bere arima “beti dohatsu Ama Birjinaren”85 eskutan lagatzea, bitarteko gisa. Diadema gisako txirikorda bat duen orrazkera, bihotz bat erakusten duen zintzilikarioa, eta mahuka potortuak dituen jantzia garai berekoak badira ere, jantzien koloreak kanonikoak dira, soinekoa gorria baita, urre kolorekoa gerrikoa, eta urdina berriz kapa. Azken honek Maria koroatuaren anagrama darama, eta errepikatu egiten da, izarrez inguratuta.

Isaias. Isaias.
Zakarias. Zakarias.

Lehen Errenazimentuko erretaula honetan Itun Zaharreko profetak ageri dira, nahikoa kontu ohikoa inolaz ere Trentoko Kontzilioko xedapenak gauzatzen hasi aurretik. Izan ere, aipatu honen ostean desagertuz joango ziren, ukitu judua-edo ematen zutelako, eta multzo zenbaitetan Moises eta Daviden irudiak besterik ez dugu ikusiko. Filakteria bidez izen eta guzti identifikatuta, Isaias ikusiko dugu bankuan, eta Balaam, Jeremias eta Habakuk, identifikatu gabeko beste profeta batekin batera, atikoko bankuan. Gizon urtetsuak dira, bizar handikoak, durbantez jantziak eta filakteriaz hornituak. Lehenaren gorputza osorik ikusten dugu, nahikoa jarrera konplexuan, eta goiko aldeko lauren kasuan, berriz, gorputz erdia besterik ez, jarrera goratuetan inolaz ere. Isaiasekiko korrespondentzian, bankuko epistolaren aldean Zakarias ageri da, apaiz goren eta San Joan Bataiatzailearen aita bera; eta hark bezala jarrera ezinezko bat du, ekialdeko txano frigiar bat du jantzirik, eta Aurrendariaren iragarpenaren profezia irakurtzen den liburua du zabalik esku artean. Erretaulan bankuetan jarrita egonik, Oñatin bezala, hauts-babes eta pultserek Kristoren etorrera aurreirudikatzen dute, Itun Zaharraren eta Berriaren arteko jarraitasunaren eta Jainkoaren Errebelazioaren lekukotasuna emanez horrenbestez.

Lau profeta nagusietako lehena, Isaias, bankuan dago, eta bere burukoaz eta jantziez erakusten du jatorri noblekoa eta aberatsa dela. Judaren babesle sutsu, Jerusalen berrian Elizaren lehen irudia ikusten du. Bere profezien artean Deikundearena, Kristoren Jaiotzarena eta Azken Judizioarena nabarmentzen dira. Zakariasek, txano frigiar original bat duela, Salbatzailearen ikuspen profetikoa azaltzen du bere testuan; Aurrendariak prestatuko du honen etorrera. Halaz, Isaias eta Zakariasen irudien bidez, Mesiasen etorrera iragartzen da. Atikoko bankuan kokatutako lehen profeta Balaam da, Dabid eta Mesiasen etorrera iragarri zuen profeta eta aztia, nahiz, zekenkeriaren tentazioan erori ostean, Jainkoak zigortu egin zuen Zenbakietan kontatzen den astemearen pasadizoan. Hurrena Jeremias da, profeta nagusietan bigarrena, judu herriaren idolatriaren aurkako borrokalari izana eta zoritxar pila itzela iragarri zuena. Pasio edo nekaldiaren profetatzat hartua da, Kristoren beraren aurre-iruditzat. Habakuk dugu Mariaren birjintasunezko amatasuna iragartzen duen profetetako beste bat, baina ez da Babilonian, lehoien zuloan, otar bat ogiz Danieli jaten eman ziona.

Balaam Jeremias Habakuk Profeta i/g.

Profetak. a) Balaam / b) Jeremias / c) Habakuk / d) Profeta i/g.

Lizarrako San Joan Bataiatzailearen erretaula nagusiko harrizko zokaloan, artean ere adierazgarria zen 1563ko urtean, Pierres Picart eta bere laguntzaileek Ezekiel, David, Moises eta Daniel profetak irudikatu zituzten, Itun Berriko historien oinarri eta iragarle gisa. San Joan Bataiatzailea, berau da erretaulako titularra, profetetako azkentzat hartu izan da. Ezekielek, beste guztiak bezala eserita ageri dela, filakteria bat darama, eta honetan Gloriaren Ikuspenaren zati bat, kapitulu bat seinalatzen ari den liburu ireki batekin batera.

Erretaulako titular diren San Migelen eta Mendekostearen aldamenean, Agerkundearen hartzaile eta jagole gisa, lau ebanjelariak daude, San Joan, San Lukas, San Markos eta San Mateo. Guztiek zabalik dituzte bere liburu kanonikoak, eta Mesiasen etorrera aipatzen duten latinezko bersetak seinalatzen dituzte; eta bakoitzak bere tetramorfo edo animalia sinbolikoak ditu ondoan. San Joan laugarren ebanjelioaren, gutunen eta Apokalipsiaren egilea da. Liburu honetan, San Migel demonioa lantzaz zauritzen ari den ikuspena deskribatzen da. Goiaingeruaren ezkerrean San Lukas dago, hirugarren ebanjelioaren idazlea, Mariaren irudia ondoen erretratatu duena gainera; izan ere, honen kontakizunean sumatu egiten da Espiritu Santuaren presentzia salbazioaren historia osoan zehar. Sinoptikoetako bigarren ebanjelioaren egilea, San Markos, Espiritu Santuaren Etorreratik eskuinera dago, lehoia lagun duela; animalia honen jatorria bere testuaren hasierako paragrafoan dago, San Joan Bataiatzailea “basamortuan deiadarka ari den Ahotsa” balitz bezala aipatzen baitu, eta bestiarioek Kristoren piztueran lehoiari atxikitzen dioten esangurari loturik. Zikloa ixteko San Mateoren altuerliebea dugu; hauxe izan zen lehen ebanjelioaren egilea, eta bera da Itun Zaharreko profetak eta judu herria gehien aipatzen dituena. Bere testua Kristoren giza jatorri edo genealogiaz abiatzen da, eta horrenbestez bere ezaugarria liburuari eusten dion ume bat da. Lotura hau are sendoago ageri zaigu, Deikundetik Jaiotza arte Kristoren Gizakundea ondoen azaltzen duen ebanjelaria delako.

San Markos. San Mateo. San Joan. San Lukas

Ebanjelariak. a) San Markos. b) San Mateo. c) San Joan. d) San Lukas.

Lehen gorputzeko muturreko kaleetako horma-konketan Eliza Latinoaren lau Gurasoak daude, ohiko tokian inolaz ere, hau bat baitator kristau dotrinaren zutabe gisa atxiki ohi zaien sinbologiarekin. Ebanjelioen Agerkundearen interpreteak izaki, ebanjelariak eskoltatzen dituzte, eta berez, bere exegesiez, aginte moralerako irizpide dira. Laurok eskuetan dute tenplu maketa bana, Elizaren euskarri intelektualak direla erakustearren. Prelatu doktore izate horrek badu halako kidetasun bat Avilako apezpikuaren izaera humanistarekin eta erretaula kokatuta dagoen eraikina ikastetxea izatearekin.

Ezkerretik eskuinera lehena San Agustinen altuerliebea da, Hiponako apezpikuarena alegia, eta halakoa izaki mitra eta makulua daramatza, eta soinean, berriz, eliz atorraren gainean meza-jantzia. Elizaren doktore nagusitzat hartua, dorre itxurako tenplu baten maketa darama, Elizaren batasunaren babeslea dela adierazteko86. Bere obrek, hauen artean De civitate Dei nabarmentzen da historiaren filosofia bat egiteko lehen ahalegina delako, idazle neoplatoniko handienen artean kokatu dute. Picartek berak egina izaki, Unibertsitatearen portadan ere ageri da San Agustinen estatua, garaipen-arkuaren ezkerraldean, eta burua galdu badu ere, Filosofia ordezkatzen du; izan ere, San Jeronimok ordezkatzen duen Teologiarekin batera ikastetxe horretan ikasten zituzten diziplinarik garrantzitsuenak ziren87. Orain, San Agustinen ikonografia aztertu dutenei oharkabean joan zaien ezaugarri bat azpimarratu nahi genuke ezen, esate baterako eskuarteko dugun kasu honetan, beste Gurasoetatik bereizteko aukera ematen digu. Mitraren plano ikusgarrietako batean izar edo disko distiradun bat nabarmentzen da, Kristoren anagrama, IHS, duelarik barnean88.

San Agustin. San Gregorio. San Jeronimo. San Anbrosio.

Elizaren Gurasoak. a) San Agustin. b) San Gregorio. c) San Jeronimo. d) San Anbrosio.

San Gregorio Handiaren mukuluak, lau Gurasoetako aita santu bakarra izaki, lehentasunezko hurrengo tokia hartzen du San Migelen eskuinean. Aita santu jantziak daramatza, eliz atorra, estola eta euritakoaz, luxu handiz apaindua berau inolaz ere grotesko estofatuak dituela mendelean, eta esgrafiatu ederrak halaber, eguzki-arrano burubiko zenbait tartean. Aita santuaren tiara darama, hiru pisukoa, aita santuaren hiru botereen sinbolo gisa, eta zeharraga hirukoitzeko gurutzea. San Migelen ezkerrean kokatutako hormakonka batean San Jeronimoren taila dago; kardinalen jantzi purpurak daramatza soinean, katazurizko ertzak dituen bizkarrekoa, eskularruak eta ohiko kapelu gorria buruan. Makila bat darama eskuineko eskuan, eta ezkerrekoaz, berriz, dorre zilindrikoa eta kapitel konikoa duen eliza baten maketari eusten dio. Oinean ageri zaigu arantza atera zion lehoiaren burua. Vulgataren egile, hau Bibliaren latinezko bertsioa da, “teologoen printzetzat” hartua da eta, halakoa izaki, teologia ordezkatzen du unibertsitateko portada nagusiko estatuan. Hau ere Pierres Picartek egin zuen, eta estilo aldetik taila polikromatuaren oso-oso antzekoa da. Elizako Doktoreen zikloa San Anbrosiok ixten du, Milango apezpikuak, hizlari eta idazle ospetsua izana bera. Eliz atorra eta lepoko edo estola gainean, esgrafiatu finez apaindurik, euritakoa darama, estofatutako grotesko ederrez dotoretua, eta bere dignitateari dagokion itxura osatzeko, mitra eta makulua ere baditu. Ezkerreko eskuan ohiko eliz maketa du, kasu honetan kanpai-horma bat duela erremate gisa.

Erretaula hau betetzen duten beste santuen ezaugarri komuna, sail desberdinetakoak badira ere, santu mirarigile eta bitarteko izatea da. Beren bizitza eta mirariak oinarrizko iturri den Jacobo de Vorágine-ren Urrezko Kondairan daude bilduta; Kondaira honi esker hainbat santuk, San Anton Abadeak kasu, hedapen eta ospe handia lortu zuten. Hemen gogoratu beharrekoa dugu On Rodrigo Mercado de Zuazolaren liburutegiko aleen artean zegoela “Legenda Aurea Sanctorum” en inkunable bat, 1483an Venezian inprimatua89.

Bigarren gorputzeko muturreko kaleek San Anton eta San Paulo hartzen dituzte, lagun eremutarrak baitziren bizimodu eremutarraren sorburuan Egipton, eta bizimodu aszetikoaren eredu; aipatu lehena, gainera, ospe handia hartutako santua da, animalien zaindari eta pasmoaren kontrako gisa. Antonianoen fundatzailea izan zen halaber. San Anton Abadeak90, “monjeen aita” izanik, abitu beltza darama, kapusai, txano eta sorbaldako saio dotore esgrafiatuaz. Buru-berogarri baten antzera belarriak estaltzen dizkion burukoa ere nahikoa bitxia da. Tau forma duen makila motz adabegidun bat erabiltzen du sostengu gisa, eta bertatik zintzilik arrosario bat dauka; beste eskuarekin, berriz, hilen elizkizun edo ofizioan zabaldutako liburu bati eusten dio, eta baita panpalina bati ere. Oinetan txerrikume esgrafiatua ageri da. San Paulo eremutarra91 izan zen bizimodu honi ekin zion lehena, Tebaidan, eta urte asko-asko hartu zituenez, adats eta bizar urdinduak dituen agure baten antzera irudikatzen dute. Antzeko abitua darama jantzirik, txanoz eta sorbaldako saio esgrafiatuaz, eta goiko partean korapilatutako adabegizko makila bat dauka, makulu gisa, eta arrosario bat. Liburu bat du zabalik, Ama Birjinaren ofizioko kapitulu batean, eta honen gainean, berriz, bele bat, hain zuzen kondairak dioenaren arabera hirurogei urtez jaten eman ziona, egunero-egunero mokoan eramaten zion ogi erdi batez.

San Agustin. San Gregorio. San Jeronimo. San Anbrosio.

Eremutarrak.
a) San Anton. b) San Paulo eremutarra.

Apezpikuak.
c) San Nikolas Barikoa. d) San Blas.

Avilako apezpikuak erretaulan lau apezpiku jartzea agindu zuen, dagoeneko aipatutako San Agustin eta San Anbrosio batetik, Elizaren Aita gisa, eta herrian hainbat gaitzen aurka itzal handia zuten beste bi santuren tailak bestetik, San Nikolas Barikoarena eta San Blasena; hauek bigarren gorputzeko horma-konka batzuetan daude. San Nikolasek92, Myrako apezpikuak, eliz atorra, estola, euritakoa eta mitra ditu jantzirik, eta apezpiku makulua darama. Ezkerreko eskuan zabalik duen liburuaren gainean urre koloreko hiru bola daude, santuak hiru ahizpa ezkongaberi, ezkontzearren, eman zizkien hiru ezkonsariak gogorazten dituztenak. Epistolaren aldean jarrita dagoenarekiko korrespondentzian, San Blasen mukuluak93, Sebasteko apezpikua izaki eliz atorra, estola, gerrikoa eta euritakoa jantzita dituela, mitra du buruan, eta ezkerreko eskuan makulu bat darama. Bere bitartekaritzari esker gazte batek eztarrian zeukan arrain-hezur bat bota zuelako miraria gogoratuz, lepora darama eskua, eztarriko gaitzetarako zaindaritzat hartua izan baita.

Isaias. Santu osatzailea, San Sebastian.
Zakarias. Santu osatzailea, San Roke.

Jasokundearen alde banatan daude, hirugarren gorputzean, San Sebastianen eta San Rokeren altuerliebeak, inolako zalantzarik gabe aro modernoko izurrite garrantzitsuenen aurkako bitarteko santuenak. Gainera, On Rodrigo Mercadoren debozio partikularrak izateaz gain, Oñatin oso kultu garbia zuten santuak ziren, ermita bana eskaini baitzieten herrian. Elkarturik aurkituko ditugu, era berean, Oñatiko San Migeleko Pietatearen kaperako erretaulan; obra hau ere gure aholkulari ospetsuak bultzatu zuen. Bi mende geroago, aipatu parrokiako erretaula nagusian aurkituko ditugu atzera. Jasokundetik eskuinera jarrita dagoela, San Sebastian94, Erromako jauregiko guardiako ofiziala bera, adabegiz beteriko enbor bati lotuta dago, eta bakarbakarrik garbitasun oihal batez estalita, kristautasunari uko ez egiteagatik gezikatzen ari diren eszenan. Ikonografia hau nagusi izan zen XVI. mendean zehar, izurriaren aurkako bitartekoa zela-eta; izan ere kondairaren arabera bizirik atera zen Diokleziano enperadoreak agindutako bi martirio saiakeretatik. Gainera, bere historiagatik gorputz biluzi eder baten estudio anatomikoa zeharo justifikatuta zegoen kasu apurretako bat zen, Errenazimentuko humanismoaren arabera kreazioko izakirik ederrena zelako.

Honekiko korrespondentzian, epistolaren aldean San Roke ikusiko dugu, lur hauetan itzal handieneko santu osatzaileetako beste bat berau. Erromara eginiko bidaia gogoratuz, bere ondasun guztiak pobreei eman ostean erromes janzten da, kapa, bizkarreko eta bi giltza dituen kapelu hegaldunaz. Ezaugarri sorta honen osagarri, pordoia eta zorroa ditu. Aingeru bat sendatzen ari zaion ultzera erakusten du, eta ezkerrean, berriz, txakurtxo bat dago, atzeko hanketan zutik, honexek ekartzen zion eta, Jainkoak hala nahi zuela, janaria.

Erretaula honetan lau aldiz errepikatzen da sustatzailearen armarri-ikurra, fundatu zuen unibertsitateko hainbat zonatan ikusten dugun moduan. Marko korreiformetan sarturik, aldare parean, hirugarren gorputzeko muturretan, eta atikoko bankuan Aita Betierekoaren irudiaren pean daude. Lehen eta azken kasuan kapelua daramate koroa gisa, eta kasu guztietan, aldarekoan izan ezik, mutiko batzuk dituzte eusle. Armarri-ikurrak bi eguzki antropomorfo ditu, hauek zerrenda batez bereizita daude, eta harrizko blasoietako batzuetan, honako ikurritz hau darama latinez: SOL IUSTITIAE XPO DEUS NOSTER A SOLIS ORTU USQUE AD OCASUM, hau da, Kristo, Zuzentasunaren eguzki, egunsentitik iluntzera arte. Testu honen inspirazio iturria 113,3 Salmoan dago, honakoa baitio: “Egunsentitik iluntzera arte, Jainkoaren izena goretsia izan bedi”.

Bertutea, Justizia. Bertutea, Justizia.
Bertutea, Sendotasun zuhurra. Bertutea, Sendotasun zuhurra.

Hieroglifiko honi loturik, berriz, jarri behar da bankuaren eskuinean Justizia agertzea. Aipatua bertute kardinal bat da, modu alegorikoan leinargiko andere erromatar batez irudikatua; honek eskuinaz ezpata zuzen bati eusten dio, tinko eutsi ere, legeak berak bezala ez baitu okertu behar; eta ezkerraz balantza bati, legeak bezala zuzentasun printzipioari eutsi behar baitio. Diadema itxurako txirikorda bat du buruan, eta mahuka potortuzko jantzia, Jasokundeak bezalaxe. Gure pertsonaia kultuak ikur hau aukeratu izanak gogora dakarkigu Egipton eskubide, lege eta zuzentasun ororen iturria faraoia zela, eta honen agintea eguzki jainko Osirisengandik zetorrela. Oraindik ere bada programa originalean identifikazio zailagoko beste bertute bat, sakristiarako atearen eskuin aldean kokatutako panel erliebedun batean. Sendotasun zuhurraren95 alegoria bat dateke, ezen kasket, koraza eta kapaz jantzitako emakume bat da irudia, eta ohikoa ez bada ere alkabuz bat du arma; ezkerreko eskuan, berriz, suge bat dauka, gaitzaren sinboloa eta zuhurtziaren ezaugarria bera, eta esfera bat ari da zapaltzen.

Liburua Zakariasen profeziaz. Liburua Zakariasen profeziaz.

Sancti Spiritus kaperako erretaula, aholkulariaren maila intelektualari dagokion moduan, irudi eta testu biltze eder bat da, zeren eta bere programa -tartean On Rodrigoren debozio partikularrak dituena- filakteria bidez identifikatu edo zehaztuta baitago profeten izenekin, anagramekin eta Bibliako eta Ama Birjinaren eta hildakoen ofizioetako liburuetako bersetekin, latinez idatzita daude-eta hizki kapitaletan96. Irudiak katekesi adierazgarria ziren moduan analfabetoentzat, testuetako latina eliteen hizkuntza jasoa zen. Ildo honetatik, egoki izango da hemen gogoratzea Mercado apezpikuak eta hainbat liburu-inprimatzaile eta idazlek eginiko eskriturak, aipatutako 1548ko memorialean jasoak, batez ere 1537an Pierres Esteban izeneko inprimatzaile frantses batekin Brebiario edo otoitz-liburu batzuen gainean eginikoa97. Apezpikuaren liburuen artean, ondasunen inbentarioan honakoak aipatzen dira: Palentziako brebiario handi bat, hiru brebiario erromatar zahar, brebiario erromatar handi bat, eta brebiario erromatar txiki bat, biblia hainbat eranskinez, salterio edo salmo-liburu bat, hamar pasiogorputz eta jai liturgiko garrantzitsuenak jasotzen dituen egutegi erromatar bat98.

Profeta nagusiak, hala nola bankuan irudia duen Isaias eta profeta eta aztia zen Jeremias, Habakuk eta Balaamekin batera, goiko partean irudikatuta daude, eta zaharberritze lanen ostean identifikatu ahal izan dira, inguratzen dituzten filakterietan agertu diren inskripzioez; San Joan Bataiatzailearen aita zen Zakarias, aldiz, bankuan kokatuta dagoela, buru gainean altxatzen duen liburuko testuari esker ezagutu ahal izan dugu, Aurrendariaren iragarpenaren profeziari baitagokio testua99; osterantzean, atikoko azkeneko profeta identifikatzeke geratu da, filakteriarik ez du eta. Jasokundearen kaparen ifrentzua jori esgrafiatuta dago, hondo urdinaren gainean, zeruko erreginaren koroa jarria duen Mariaren anagramez. San Agustinek, Eliza Latinoaren Gurasoetako bat eta filosofiaren zaindaria bera, garrezko disko edo eguzki erliebedun txiki bat dauka mitran, eta diskoaren barrenean IHS edo Kristoren anagrama. San Lukasen ebanjelioko lehen kapituluan Zakariasen profezia dago jasota, eta honixe dagozkio Oñatiko bankuko hurrengo berset hauek; goiko lerroan (Z)ACA(RIAS) identifikatu ostean, eta hutsuneak osaturik, honakoa irakur dezakegu: BENEDICTVS DOMINVS DEVS ISRAEL, QVIA VISITAVIT, ET FECIT REDEMPTIONEM PLEBIS SUAE. ET EREXIT CORNV SALVTIS NOBIS: IN DOMO DAVID PUERI SVI. SICVT LOCVTVS EST PER SANCTORVM, QVI A SAECVLO SVNT, PROPHETARVM EIVS, SALVTEM EX INIMICIS NOSTRIS, ET DE MANV OMNIVM, QVI ODERVNT NOS. AD FACIENDAM MIS(ERICORDIAM CVM PATRIBVS NOSTRIS). Honen itzulpenak zera diosku: “Bedeinkatua izan bedi Jauna, Israelen Jainkoa, bere herria bisitatu eta berrerosi zuelako. Bere zerbitzari Dabiden familian indar salbatzailea sortarazi du, antzinatik agindua zuen moduan bere profeta santuen bidez, gure etsaietatik eta gorrotatzen gaituzten guztien boteretik salbatzeko. Horrelaxe erakutsi zien Jaunak bere miserikordia gure gurasoei” (Lukas 1, 68-72a)

San Anton. Liburua, hildakoen elizkizunetan zabaldua. San Anton. Liburua, hildakoen elizkizunetan zabaldua.

Ebanjelarietako bakoitzak bere liburu kanonikoa du, zabalik, latinez idatzitako berset batzuez, San Markosen liburuaren kasuan izan ezik, erabat galdu baita. San Joanen liburuko orrialdeetako batek bere ebanjelioaren lehen berseta jasotzen du: IN PRINCIPIO ERAT VERBVM, ET VERBVM ERAT APVD DEVM, ET DEVS ERAT VER(BVM), hau da, “Hasieran Hitza bazen. Hitza Jainkoaren ondoan zegoen eta Hitza Jainkoa zen” (Joan 1,1). Hasiera honetan oinarritzen da ebanjelariaren sinbolo edo tetramorfoa, arranoa, Kristoren jainkozko sorrerarekin lotzen dena. Beste orrialdean, neurri batean estalita baitago pasatzean tolestutako batez, bakar-bakarrik testuaren erdia irakur daiteke. San Lukasen ebanjelioko orrialdeetan Jesusen jaiotzaren iragarpena kontatzen duen berseta aukeratu zuten: IN ILLO TENPORE MISSVS EST ANGELVS GABRIEL A DEO IN CIVITATEM GALILEAE CVI NO(MEN NAZARETH), eta honek, itzulita, zera diosku: “Garai hartan –jatorrizkoan seigarren hilean badio ere- Jainkoak Gabriel aingerua bidali zuen Galileako hiri batera, Nazarethera” (Lukas 1,26). San Mateoren testuak, luzeenak, ekialdeko aztien etorrera aipatzen du, eta honakoa dio: NATVS ESSET IESVS IN BETHLEHEM IVDA IN DIEBVS HERODIS REGIS, ECCE MAGI AB ORIENTE VENERVNT IEROSOLIMAM, DICENTES: VBI EST QVI NATVS EST REX IVDEORVM, VIDIMVS ENIM STELLAM EIVS IN ORIENTE,…, hau da, “Jesus Belenen jaio zen, Judeako herri batean, Herodes zelarik errege. Garai hartan, ekialdeko jakintsu batzuk Jerusalenen aurkeztu, eta zera galdetu zuten: Non dago juduen errege jaio berria? Haren izarra ikusi dugu ekialdean (eta hari gurtza egitera gatoz)” (Mateo 2, 1-2). San Markosen ebanjelioa San Joan Bataiatzailearen predikazioarekin hasten da, “basamortuan deiadarka ari den ahotsarekin”; hau lehoiarekin identifikatu da.

San Anton eta San Paulo eremutarrek bere otoitz-liburuak erakusten dituzte, hildakoen elizkizunetan eta Ama Birjinaren ohorezko arrendi txikerrean zabalik, hurrenez hurren. Antonianoen fundatzaileak zabalduriko orrialdeetan hildakoen elizkizunetako –OFICIVM DEFVUNTOR( VM)- berset bat irakurtzen da, Joben jakinduriazko liburutik ateratako bat, honakoa dioena: MANV(S) TVAE FECERVN(T) ME TOTVM IN CIRCVUITV ET SIC REPENTE ME PRAECIPITAS ME. MEMENTO… (Job 10, 8-9), eta honen itzulpena honakoa da: “Zure eskuek itxuratu ninduten, gauza egin ninduten eta gero, suminduraz, suntsitu egin nahi naute!. Gogora ezazu...” (buztina lantzen den moduan egin ninduzuela, eta hautsetara itzuli behar nauzula). 118. salmoaren hasiera, 73. berseta, errepikatzen du ezen “Zure eskuek egin eta itxuratu naute...” dio. San Paulo eremutarraren debozio liburuan Ama Birjinaren ofizioko –OFICIVM BEATE MARIA- (Officium Beatae Mariae Virginis) matutietako sarrera bat irakurtzen dugu, beste ofizio batzuetan ere ageri dena eta salmoetako batean oinarrituta dagoena, honako testu honekin: VENITE EXVLTEMVS DÓMINO, IVBI(LÉMVS DEO SALVTARI) NOST(RO): PRAE(OCCVOEMUS)…, honako itzulpenaz: “Zatozte, kanta diezaiogun pozarren Jainkoari, goretsi dezagun gure salbazioaren Haitza, goazen” (haren aurrera eskerronezko ekintzez, goretsi dezagun salmoez (95. salmoa (94). Erreinuko salmoa. Deia).

79 V.E.K.A. Errege Entzutegia. Auzi zibilak. Lapuerta. Ahantziak. C 738/3. On Rodrigo Mercado de Zuazolaren testamentua.

80 SÁNCHEZ ESTEBAN, N.: “Sobre los arcángeles”. Cuadernos de Arte e Iconografía. Actas de los II Coloquios de Iconografía. IV. alea, 8. zk. (1991), 96-97. orr.

81 GONZÁLEZ DE ZÁRATE, J. Mª: Arquitectura e iconografía…, 63. or. LUZURIAGA SÁNCHEZ, G.: Catálogo de Incunables…, 163. or., 548. zk. Ioannis Pici Mirándola omnia opera. Venezia, 1519.

82 MIRANDOLA, P. de la: De la dignidad del hombre. Edic. de L. Martínez Gómez. Ed. Nacional. Madril, 1984, 120. or.

83 Ibid.

84 VORAGINE, S. De la: La Leyenda Dorada, 1. Alianza. Madril, 1984, 309. or. Espiritu Santua bost modutan agertzen da: Bataioko usoa, Kristo antzaldatuaren gaineko argi-lainoa, hats edo arnasa, sua eta mihia.

85 V.E.K.A. Errege Entzutegia. Auzi zibilak. Lapuerta. Ahantziak. C 738/3. On Rodrigo Mercado de Zuazolaren testamentua.

86  ITURBE, A.: “Atributos y temas o títulos iconográficos. Sus orígenes literarios. Ciclos principales”, Iconografía agustiniana. Institutiones historicam Agustinianam Biltzarreko aktak. Erroma, 2001, 34-43. orr. Ezaugarriak (bihotza, luma, liburua, mitra, makulua, euritakoa eta eliz maketa).

87 FORNELLS ANGELATS, M.: La Universidad de Oñati…, 101 eta 103. orr.

88 ITURBE, A.: Op. aip., 124. or.Antzeko osagai ikonografikoa ikusten dugu XVI. mendeko beste obra batzuetan, esaterako San Agustinen harrizko bustoan, 1510ean Anton Pilgram-ek Vienako San Estebanen katedralean landuan.

89 LUZURIAGA SÁNCHEZ, G.: Catálogo de Incunables…, 61. or., 50. zk. Ibid.: La Universidad de Oñati…, 80. or.

90 VORAGINE, S. de la: Op. aip., 1, 107-111. orr. (XXI).

91 Ibid., 97-99. orr. (XV).

92 Ibid., 37-43. orr. (III).

93 Ibid., 164-167. orr. (XXXVIII).

94 Ibid. 111-116. orr. (XXIII).

95 RIPA, C.: Iconología. I eta II. aleak. Akal. Arte y estética. Madril, 2002, 440. or. (sendotasuna eta zuhurtzia). Egile italiar honek aipatzen du, halaber, “filosofoek dioten moduan zeruko esferen mugimenduak sortarazten duen” inteligentzia; baina, sugea bezala, lehenik lurrean arrastaka ibili behar dela zeruko gauzak ulertu ahal izateko (Ibid., 533-534. orr.); eta Konkordia militarra ere aipatzen du (Ibid., 240. or.), eskuan suge bat duen gerlari bat erakusten digun zuhurtzia militarrari buruzko Francesco Colonnaren hieroglifiko bat jasoz (COLONNA, F.: Sueño de Polifilo. Ed. de Pilar Pedraza. Colegio Oficial de Aparejadores y A.T. Murtzia, 1981, 209. or., 19. atala.

96 Erretaula idazkuntzarako orri gisa aztertua da lehendik ere Ikus PEÑA SANTIAGO, C. de la: “El valor de la palabra en el retablo español. De finales del Gótico a comienzos del Neoclasicismo”. Tonos. Revista electrónica de Estudios Filológicos, IV. Universidad de Murcia (2002). www.um.es/tonosdigital/2num4/estudios/retablo.htm.

97 V.E.K.A. Auzi zibilak. Lapuerta. Ahantziak C 738 / 3. Pedro de Santestebanek Avilako apezpikuaren aginduz eginiko eskritura publikoen memoriala. “En el año MDXXXVII” se consigna, entre otros traslados de protocolos notariales, ”la saca de una obligación que otorgó Pierres (Es)teban ?, impresor, sobre los bribiarios”

98 V.E.K.A. Auzi zibilak. Quevedo. Amaituak C 160/4. Apezpikuaren ondasunen inbentarioa, 154-155. orr.

99  Eskerrak eman nahi dizkiegu Andres Ibañez eta Antonio Badiolari, Gasteizko Apaizgaitegiko Liburutegiko arduradunei alegia, Zakarias, San Anton Abade eta San Paulo eremutarrak daramatzaten liburuetako latinezko testuak identifikatzeko unean eskaini dizkiguten aholkuengatik.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2009 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net