Kontserbazioari dagokionez, esan behar dugu haragi-kolore batzuk oso krakelatuta daudela, eta toki zehatz batzuetan haragi-kolorea tolestu egin dela, zimurrak eginez, lehorgarri gehiegi erabiltzeagatik. Knut Nicolausek dio alterazio hau linazi-olio edo intxaur-olio gehiegiz eta pigmentu gutxiz aglutinatutako kolorezko geruza lodiak erabiltzeagatik gertatzen dela, eta honela azaltzen digu prozesua: “Zimurtze hau, goiko geruza lehortu eta azpiko linazi geruza lehortzeke segitzeagatik gertatzen da. Zati hegazkorrak goiko geruzatik zehar lurruntzen direnean, hauek bigundu eta ahuldu egiten dute geruza hori. Eta aldi berean bolumena murrizten denez, beheko geruzako elementu hegazkorrak lurruntzeagatik hain justu, goikoa zimurtu egiten da, ezinbestez, finkatzeko espazio txikiagoa gelditu zaiolako”. Eta hurrena honela segitzen du: “Intxaur-olioa duen geruza batean, zimurtu ostean, uzkurtze goiztiarreko pitzadurak ager daitezke”4 Alterazio hauek biak oso ongi ikus ditzakegu atikoko profetetan, laugarren taulamenduko kerubinetan eta mukulu biribileko eskulturetan, apezpikuetan bezalaxe.>
Haragi-kolorearen irudikapena bi modutan egiten da; haragi-kolore argi edo zuria, emakume, haur, aingeru eta gizonezko batzuetan, San Sebastianen kasuan esate baterako, ezen ia-ia larrugorririk ageri zaigu, eta haragi-kolore ilun edo gorrixka gizonezkoetan. Haragi-kolore argirako erabiltzen den teknikan berun-zuria eta minioa erabiltzen da oinarritzat, eta berun-zuria eta gorrimina azurita eta beltz arrasto batzuekin, beste batzuetan. Haragi-kolore beltzaran edo ilunetarako, haragi-kolore argiari laka gorria (haragi-kolore gorrixka) eta beltz gehiago (haragi-kolore iluna) gehitzen zaio.
4 HAINBAT EGILE: Bidaurretako erretaula errenazentista, Gipuzkoako Foru Aldundiaren argitalpenak, 1991.
ARTELAN: Restauración del retablo del Espíritu Santo de Oñate de la parroquia de San Miguel de Oñati (Gipuzkoa). Argitaratu gabeko txostena, 2002.