XVI. mendearen lehen erdialdea On Rodrigo Mercado Zuazolaren ibilbide eklesiastiko, politiko eta kultural bizi-biziaren garaia izan zen; bera izan zen XVI. mendeko Gaztelan euskaldunik unibertsalenetako bat4. Mallorcako (1511-1530) eta Avilako (1530-1548) apezpikua izan bazen ere, oso denbora gutxi eman zuen egokitu zitzaizkion apezpiku-barruti horietako egoitzetan. Aldi berean, Fernando II.a Katolikoaren eta Karlos I.aren zerbitzuan osatutako curriculum politikoa nahikoa adierazgarria da berez, ezen Valentzian inkisidore izan baitzen, Nafarroako Errege Kontseiluko buru Erresuma Zaharraren anexioaren ostean, eta Granadako Kantzelaritzako buru (1525-1530); eta bere bizitzan zehar bi aldiz, aipatu errege bien kontseilari izan zen. Bere kargu, errenta eta aberastasunetako asko, bere ortodoxia eta zorroztasun kristauagatik eta erregeren zerbitzari prestu eta leial gisa burutu lanagatik izan zituen izendapen eta errege dohainen emaitza dira.
Gipuzkoar ospetsu hau bete-betean sartzen da Errenazimentuko ideal humanistan, Elizaren eta enperadorearen zerbitzurako bete zituen karguez gain doktore baitzen zuzen bide bietan, eta teologo, filosofo, matematikari, kosmografo, hizlari eta idazle5. Gortearen politikaren betearazle, esate baterako juduen aurkako prozesuetan, kalbinismoaren aurreko brida eta komuneroen aurkako sostengu, Euskal Herrian lehenbiziko arte errenazentista sartuko zuen, inperio ideiaren berreste plastiko gisa, jaioterri zuen Oñatin berak fundatutako Sancti Spiritus Ikastetxean. Plangintzarako, trazak aztertzeko eta lanak egiteko, Rodrigo Gil de Hontañón, Diego de Siloe eta Pierres Picart maisu handiengana jo zuen, eta hauekin batera artista gaztelau pila bat ere inguratu zuen –hauetako batzuk avilarrak ziren-; gaztelauekin apaindurako elementuak kontratatu zituen, Valladoliden, eta horrenbestez, artista horiek Gipuzkoara etorri behar izan zuten.
Aipatutako apezpiku-barrutietan emandako denboran ez zuen mezenasgo aztarna adierazgarririk utzi, eta horregatik, Oñatiko Sancti Spiritus ikastetxea izango zen haren izena betiko gordeko zuena. Aurretik eginiko gestioak eta eraikuntza lanen historia ondo ezagunak dira6: lehenek sei urte eraman zituzten, eta lanak berak 1540an hasi eta, hatua barne, ia-ia ez ziren amaitu sustatzailea bera 1548an hil zen arte. Oñatiko unibertsitate-eskolarako Sancti Spiritus titulua aukeratu izanak berak badu oinarri bat, tradizio sendo bat alegia, honen arabera kristautasunaren jakinduriaren zabalkundea, Errenazimentuaz geroztik, Espiritu Santuak irudikatzen baitu, berori delako ezagutza eta jakinduria ororen iturri. Horrela ikus dezakegu, esate baterako, Alcalá de Henaresko Unibertsitateko San Ildefonso Eskola Nagusiko fatxadan (1537-1553), ezen honetan balaustradaren ardatzetan eta muturretako pinakuluetan hamabi zuzi edo gar dira koroa, Espiritu Santuak apostoluei gogo-barrenean eragin zizkienen sinbolo gisa. Oñatiko San Migel elizako Pietatearen kaperan On Rodrigo Mercado Zuazolak duen hilobi-erretaulan7, Diego de Siloek 1528 eta 1529 bitartean landuan, arkosolioaren hondoan bi elementu nabarmentzen dira, Espiritu Santuaren usoa laino eta aingeru-buruen artean dagoen erliebe bat eta, apezpiku belaunikatuaren atzean,Jakinduriaren alegoria bat; jarrera berdinean errepikatzen da, apezpikuari bultzada emanez bezala, portadan ere, ikastetxe bereko garaipen-arku gisa. XVI. mendeko unibertsitateen eduki erlijioso garrantzitsua, kristau jakinduriaren benetako tenpluak ziren, ageri-agerian dugu, berriro ere, Oñatiko honetan ezen, apezpiku bat izan zuelarik sustatzaile Espiritu Santuaren adbokaziopean, eta enperadorearen babespean zelarik -honek armarria ikusten baitugu portada nagusian-, bertan teologia ikasketak ziren nagusi.
Apezpikuak Oñatin arteen sustapenaren arloan egindako lanari buruz hemen eskaintzen ditugun datu dokumentalik berritzaileenak Valladolideko Kantzelaritzan 1548an izandako auzi batetik ateratakoak dira; izan ere honetan dago jasota Avilako apezpikuak eta hainbat artistak San Migel parrokiako eta Oñatiko Unibertsitateko Pietatearen kaperetako hornidura eta hatuari buruz izenpetu hitzarmen-eskriturak eta kitantza edo ordainketa-gutun guztiak jasotzen dituen memorial bat8, prelatu ospetsuaren testamentuaren traslado batekin eta 1534az geroztik Valladoliden egin zuen egonaldian zehar hurreko zituen pertsonaien izenekin batera. Bere testamentuan, 1548ko urtarrilaren 25ean Valladoliden datatuan, bere gorputza eramatea, baltsamatzea eta Oñatin zeukan kaperan hobiratzea xedatzen zuen, Arantzazuko Andre Mariaren eta Bidaurretako komentuei eta Oñatiko beatei 1.000 bana marabediko limosnak eta Unibertsitateari zentsuetako 25.000 maraiko ematearekin batera. Bere ondasun guztien jaraunsle unibertsal Sancti Spiritus Ikastetxeko errektore eta ikasleak utzi zituen. Datu hauek osatzeko, On Rodrigoren ondasunen inbentariokoak erabil daitezke, 1548an egin baitzuten, prelatuaren idazkari eta testamentubetearazlea zen Lucas Garnica batxilerrak eskatuta9.
Beste dokumentazio idatzirik ezean, eta Valladoliden eskribautza zeukan Pedro de Santesteban notarioaren eskritura publikoak desagertu direla –honekin egiten zuen lan, zorioneko gara aipatu zerrenda hori gure eskuetara iritsi dela. Prozesu honetan, eskribauak On Rodrigoren testamentu- betearazleei eskatzen zien 200 dukat ordaintzea, hark aginduta egin zituen eskritura publikoengatik. Hilburuko zain gisa apezpikuaren anaia Antso Sánchez de Mercado lizentziatua, klerikoa berau ere, Lucas Garnica batxilerra Avilako apezpikuaren senide, Joan Rodríguez Otalora elizbarrutiko entzutegiko notario eta maiordomo faktore, eta Escudero doktorea ageri dira.
Frogetarako aurkeztutako lekukoen artean, berriz, prelatu gipuzkoarraren hurreko klerikoak agertu ziren, hala nola ganbarari zuen Frantzisko Luzuriaga, bere maiordomo Antonio Abad Gaona eta bere beste zerbitzari batzuk, Francisco Cedillo eta Francisco Carvajal kasu, 1534an Valladolida iritsi zenetik ondoan izan baitzituen hauek 1548an zendu zen arte; azken urte honetan, Oñatiraino eskoltatu zuten On Rodrigoren gorpua zeraman hilkutxa. Edonola ere, bitxia eta oso adierazgarria da Pedro de Santestebanen zerbitzuan ari zen Antonio Ortiz de Vergara eskribau gaztearen adierazpena ezen, egiteko agindu zioten memorialaren zabalak gainditu egin zuelarik, “haserretu egiten nintzen –diosku berak– Avilako apezpiku horren hainbeste eskritura ikustean, izugarrizko lana ematen zidan eta horiek ateratzeak”. Bere hilburukoan ondasunen jaraunsle unibertsal Sancti Spiritus Unibertsitateko errektore eta ikasleak utzi zituenez, On Joan Abad Oxirondo ere aipatzen da, 1548an berau zen-eta ikastetxe horretan errektore.
Inbentarioak Valladolideko aldian protokolizatutako 129 eskritura publikoz osatu zerrenda bat ematen digu, 1534 eta 1548 bitartekoa alegia; hauek bi multzotan bil ditzakegu. Lehen multzoan, ugariena ere bada, Avilako apezpiku-barrutiko errentamenduetako emaitzei buruzko eskriturak daude, bai parrokiei bai artzapezpiku-barrutiei dagozkienak, onuren errentak jasotzen dituztenak, eta baita 1539an Lucas Garnica batxilerrari Leongo apezpikuarengandik 500 dukateko pentsio bat kobratzeko emandako ahalorde bat ere. Eskritura hauetako askotan ahala ematen die bere zerbitzariei, esate baterako Joan Zurueta, Joan Altzibar, Gregorio Rodríguez, Frantzisko Luzuriaga, Joan Girondo eta Joan Pérez Bikuñari, edota bere ganbarazain Andres Girondori; eta bere kontatzaile Joan de la Vegak emandako auzi bat ere jasota dago. 1543an apezpikuaren beste ahalorde bat kontsignatuta dago, bere anaia Antso Sánchez de Mercadoren aldeko bat, kutxa batetik 4.000 dukat ateratzeko; eta hurrengo urtean brebe edo buldatxo baterako eta berreste baterako baimena, Avilako apezpikuak 2.000 dukateko benefizioak izateko.
Memoriala, gainera, zerrenda bikaina dugu, goitik behera ageri baitira Avilako apezpikuak bere hobiratze-kaperako eta ikastetxeko apaindura eta hornidurarako izan zituen maisuak. 1537ko protokoloen artean, hargin-maisu Domingo Guerrak apezpikuaren alde emandako ordainketa-gutun bat inbentariatu zuten; Domingo hori zen unibertsitateko fabriken arduradun eta egilea, eta bere lanean Rodrigo Gil de Hontañónek egindako eta ikuskatutako trazak jarraitu zituen. 1536 eta 1537ko dataz, Avilako apezpikuaren eta liburu-inprimatzaile batzuen arteko obligazio-eskritura batzuk daude jasota, eta tartean da azken urte horretan Pierres Esteban izeneko batek “brebiarioei” buruz emandakoa. 1543an izenpetu zen On Rodrigo Mercadoren eta Avilako bizilagun Kristobal Xibaja eta Frantzisko Salzalays zuraje-arotzen arteko kontratua, armarri eta guztiko haritzezko kasetoidura mudejarrei buruzkoa; lan hauen artean zegoen, esaterako, eskailera-sabai ikusgarria bera. Obra hau 1.020 dukatetan tasatu zuten Pierres Picartek, eskultore-apaintzailea bera, eta Martin Saez Soraluze arotzak10. 1535ean Andrés Espinosak, Palentziako bizilagun eta margolariak, konpromisoa hartu zuen kaperako erromatar erako burdinsare landu ikusgarria urreztatzeko.
1545ean, apezpikuaren ondasun guztiak Oñatiko Ikastetxeari emateko eskritura bat dago erregistratuta. Santestebanek emandako eskrituren zerrenda 1548an amaitzen da, urte horretan zendu zen On Rodrigo, honek etxean zeukan zilarraren eta diruaren inbentarioaz eta pisatzeaz, horrelaxe egitea agindu baitzuen On Rodrigoren testamentu-betearazle Garnica batxilerrak. Eta lan hauetan zortzi egun eman zituen Santestebanek. Osterantzean, inbentarioa Arrieta entzulelizentziatuari eman zion, ondasun guztien tasazio batekin batera. Alabaina, memorial honetako eskritura publikoen goiburu laburrek eskaintzen dizkiguten daturik garrantzitsuenak Oñatiko bi erretaula handien data zehatzak eta egile, eskultore-apaintzaile eta pintore-urreztatzaileen izenak dira.
Valladolideko etxean aurkitutako ondasunen inbentarioan, liburu pila handi bat eta arte kontuen gaineko hainbat eskritura daude kontsignatuta; eta eskritura hauen artean, Pierres Picartek Unibertsitatean egin lanei buruzko hirurak, hala nola “Ikastetxeko lanari buruz maisu Pierres Picartekin egin kontratu bat”, “Ikastetxeko pilareei buruz maisu Pierresekin egin kontratu bat”, eta “Pierres Picart eskultore-apaintzailearekiko beste ordainduko bat”. Beste batzuek hilobia aipatzen dute, esaterako “Avilako apezpikuarentzako beste eskritura bat, haren hilobiaren entregari buruz, Antonio Rogelek sinatua” dioenak; edota eraikineko arotzia, “Martin Soraluze arotz-maisuaren kontratua, Pedro López Lazarragak sinatua” dioenak; sarrailagintza ere bai, “Ikastetxeko sarrailgintzako lanei buruz Reinaldo Troçiren izeneko ordainduko eta bermea” jasotzen duenak, eta baita dagokionean aipatuko ditugun erretaulako margotze eta urreztatze lanak ere11.
4 LIZARRALDE, J.A.: Op. aip., 1-30. orr. Biografía de don Rodrigo Saez de Mercado de Zuazola. FORNELLS ANGELATS, M.: “Rodrigo Mercado de Zuazola, un mecenas del Renacimiento guipuzcoano”. Revisión del Arte del Renacimiento. Ondare, 17 (1998), 167-175. orr.
5 LIZARRALDE, J. A.: Op. aip., 20. orr. FORNELLS ANGELATS, M.: La Universidad de Oñati…, 79. or. Transcripción del latín de la semblanza de don Rodrigo Mercado por Lucio Marineo Sículo, de 1530.
6 LIZARRALDE, J.A.: Op. aip., 58-82. orr. (proiektua), 83-102. orr. (eraikuntza) eta 103-130. orr. (testamentua). FORNELLS ANGELATS, M.: La Universidad de Oñati…, 87-110. orr. Primeros pasos y construcción.
7 Obra hau Siloeri atxiki zion GOMEZ-MORENO, M-k, lan honetan: Las águilas del Renacimiento español (1945). Xarait. Madril, 1983, 62-64. orr. GÓMEZ-MORENO, Mª. E.: “El Sepulcro de D. Rodrigo Mercado en Oñate”. Oñate, I (1950), 40-46. orr. GONZÁLEZ DE ZÁRATE, J.Mª.: La Literatura en las Artes. Iconografía e Iconología en las Artes en el País Vasco. Etor. Donostia, 1987, 173-181. orr. Programa ikonografikoari buruzko azterketa.
8 Valladolideko Errege Kantzelaritzaren Artxiboa. Errege Entzutegia. Auzi zibilak. Lapuerta eskribautza. Auzi ahantziak. C 738/3. Valladolideko notario Pedro de Santesteban Avilako apezpikuaren testamentu- betearazleen aurka, eskritura eta kontratuen ordainketa dela eta. Honen barnean dago honakoa: “Memorial de las escrituras que pasaron ante mi, P(edro) de S(an)testevan, notario, del de buena memoria don R(odrigo) de Mercado, obispo que fue de Ábila”.
9 Ibid. Quevedo eskribautza. Auzi amaituak. 160/4. Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitateko errektore eta ikasleak, On Rodrigo de Mercadoren ondasunen jaraunsle unibertsalak, On Diego Ramiro Burgosko apezpikutegiko probisore eta Unibertsitatearen lehengo errektorearen aurka, ondasunen itzultze eta ordainketa dela eta (1561-1566), 150-159. orr. Avilako apezpikuaren ondasunen inbentarioa.
10 LIZARRALDE, J.A.: Op. aip., 102. or.
11 V.E.K.A. Auzi zibilak. Quevedo. Amaituak C 160/4. Avilako apezpikuaren ondasunen inbentarioa, 155-158. orr. Ibid. Taboada. Auzi ahantziak C L,31. Juan Lopez Olarriaga Martin Saez Soraluzeren aurka, arotz-maisuak biak, beronen ondasunen exekuzioari buruz, Oñatiko Unibertsitateko arotzeria lanengatik zor zizkion 60 dukatengatik.