Erretaulak hainbat eszenaz tailatutako banku barren bat, hiru estai eta bi gorputzeko atiko bat ditu. Bertikalean, hiru kale eta lau kalearte ditu. Hirugarren gorputzetik gora erretaula estuago egiten da, eta hiru kale eta bi kaleartez jarraitzen du. Kale nagusietan mukulu biribileko eskulturak daude, eta kalearteetan, berriz, altuerliebe gisa eginiko eszenak. Atikoan, profeten eta Aita Betierekoaren imajinak mukulu biribilekoak dira.
Eskulturen eta erliebeen etxeak laukizuzenak dira, goiko txanga duten maskorrek arku erdi gisakoa egiten diete, eta grotesko edo hostapainezko apaindura duten pilastrek, berriz, markoa. Hauen neurriak handitu egiten dira, altura ere handitu ahala. Kale nagusiek plano aurreratuagoa hartzen dute, fugan inolaz ere kalearteekiko, eta grotesko motiboez jori apaindutako kolomak dituzte marko gisa lehen estaian, balaustre gisakoak berriz besteetan; koloma hauek kanporantz ateratako arkitrabeen sostengua dira. Bankua harrizko zokalo baten gainean oinarritzen da. Erdiko kaleak beste guztiak baino neurri handiagoak ditu, eta San Migelen eta Mariaren Jasokundearen irudiak, mukulu biribilekoak, espaziorantz abiatzen dira, horma-konketatik atera egiten dira eta. Estaien arteko bereizketarako, jori apaindutako taulamenduak daude; lehenbiziko biek erliebez eginiko eszena mitologikoak eta fantastikoak dauzkate, hirugarren estaian, berriz, bolumena irabazten joateko, pertsona-buruez, animaliez eta girlandez apaintzen da, eta laugarrenean, mukulu biribileko kerubin-buruen irudiez. Erretaularen estutze hori putti eusle batzuen bidez amaitzen da, horiek apezpikuaren armarriari eta fruta-otar batzuei eusten baitiete, erliebeak dituzten kiribiltzar batzuen aurrean; hauen ostean garaipen-arku handi bat, eta honetan profeten horma-konkak, apezpikuaren armarria eta Aita Betierekoa.