Unibertsitateko erretaula urre txartatuaren koloreaz ageri zaigu. Teknika honen oinarria zera da, urrezko xafla bolaren gainean aplikatzea kola-urez; ia-ia lehortu delarik, txartatu egiten da agata-harri batez, C. Cenninik bere Tratado de la pintura4 lanean zehazten digun moduan.
Urrezko orriak lauki formakoak izaten ziren, eta urrezko txanponetatik ateratzen zituzten, esate baterako Portugalgo “trentzatuetatik” edo gaztelau edo dobloi espainiar deituetatik. Honek txanpon galera bat ekarri zuen, estatuaren onarpen pasiboari esker noski, eta ondorio larriak izan zituen, Martín Gonzálezek dioen moduan5. Erretaulan antzematen diren urrezko orrien neurria 8 x 8 cm-koa da, nahiz neurrietako bat zaila den ziurtatzen. Karratuak edo angeluzuzen samarrak izan daitezke.
Zona urreztatuak oso-oso ugariak dira. Egituraren beheko erdiko zatia ia-ia osorik urreztatuta dago, eta goiko erdian, berriz, azuritaren erabilerak tokia kendu dio urreztaketari hondoetan; izan ere, kostuak merkatzeko modu dotore bat da, balio sinboliko bat adierazteaz gain.
Irudiak, bai eszenetan bai eskulturetan, zeharo urreztaturik eta polikromatuta daude, estofatuaren teknika erabilita. Arropetan dauden urre txartatuzko zatiak oso handiak dira. Profetetan, barnealde zilarreztatu eta gardendua izan ezik, beste guztia kolorerik gabeko urre txartatua da. Beste imajinetan urreztatze garbiaren erabilera da gauzarik normalena, inguru batzuk estofatuta edo ertzak mendel bidez dotoretuta dituztela. Urrearen gainean erabilitako apaintze teknika bat distira- pikatua izan da; honen aurrekariak Erdi Aroan urreginek egindako mailu-lan eta zizelatze lanetan aurkitu behar ditugu. Teknika honetan, marrazkiak grabatu egiten dira zizel edo puntzoi kolpe txikiz, urreztatutako azalera leuna edo iztuku-orea hondoratuz. Horretarako zizel txikiak erabiltzen dira. Hauen mutur edo puntak hainbat forma izan ohi ditu, hala nola: bola itxurakoa, izar itxurakoa, karratua, lore gisa, etab.
Italian 1272 inguruan badira jada apaingarri ebakidunak dituzten argi-koroak (Louvreko gurutzefika)6, baina distirapikatua “Trecentoan” –XIV. mendean– iritsiko da, Ducciorekin, argi-koroen eta hondoetako ertzen profilen apaindurara. “Quattrocento” italiarrean eta “nazioarteko estiloan” garapen handia izan zuten teknika hauek, eta mantuetako ertzetan eta hondoetan aplikatzen zituzten, horrelakoetan orbelezko profilak edo adar sortak eginez. Teknika hau berau aurkituko dugu Alemania hegoaldean eta Herbehereetan. 1400 inguruko distira-pikatu batzuk badira, Flandesen, santuen argi-koroetan, eta Namur-eko “San Maurizioren Kutxa” delakoaren hondoko adar sorten profiletan7. 1515erako pikatu hauek jada ohikoak ziren Anberesko erretauletan eta Bruselakoetan 8, eta baita Ama Birjina malinastarretan ere.
Unibertsitateko erretaulan erabilitako motiboak bankuko eszena batera eta lehen estai osora mugatzen dira, zonarik ikusgarrienera alegia. Erabilitako motiboak honakoak izan dira: zortzi puntako izar marraduna zirkulu baten barnean, bola-pikatuaz egindako erronbo artean kokatua; eta marrazki berarekin, beste bertsio bat, izarraren inguruan lau bola-pikatu handiago dituena. Pikardatuaren erabilera ere ikusi dugu, tuniketan, eremu urreztatuen gainean pintzelez eginiko estofatuarekin konbinatuta, eta hondoko espazio urreztatuetan adar sorta apaingarriak egiten dituen pikatua ere bai. Beste motibo bat, San Agustinen erliebean oraingoan, bi edo hiru begiko zubi baten antzera zabaldutako zirkulu pikardatu bat da.
Beste tekniketako bat, barbotina edo “pastilla” (italieraz), ez da erabili, nahiz horrelakorik izan dela pentsa dezaespinikegun. Barbotina teknikaz, pintzelez oso iztuku arina ematen da azal leun baten gainean, erliebe geometrikoak edo lorezkoak sortuz horrenbestez. Behin lehortu ostean, hauek urreztatu egiten dira, piezaren beste zatiak bezalaxe. San Migelen korazako eta berna-babeseko erliebeek nahasketa hori eragin diezagukete, baina ongi azterturik, ikusi ahal izan dugu erliebeak egurrean bertan tailatuta daudela.
4 CENNINI, C.: op. aip., CXXXIV eta CXXXVIII. atalak, 97-100. orr.
5 MARTÍN GONZÁLEZ, J.J.: “La policromía de la escultura castellana” en A.E.A. 1954, 305. or., non: 5 SÁNCHEZ MESA, D.: Técnica de la escultura policromada granadina, Granadako Unibertsitatea, 1971, 43. or.
6 HAINBAT EGILE: Italian painting . Before 1400, London, National Gallery, 1990.
– Louvreko gurutzefika. San Frantziskoko maisua. 54-63. orr.
– San Joan Bataiatzailearen, San Joan Ebanjelariaren eta San Jaimeren (?) ohola, Nardo de Cione-rena, 1365. San Giovanni Battista della Calzako elizan. Florentzia. 127-139. orr.
7 HAINBAT EGILE: Caja de San Mauricio de Namur pre-eyckiano 1400, IRPA XX 84/85, 70-98. orr. HAINBAT EGILE: Cuatríptico de Amberes y Baltimor pre-eyckiano, IRPA. XVI, 76/77 , 7-25. orr. HAINBAT EGILE: Le retable d Íssenheim et la sculpture au nord des Alpes à la fin du moyen âge, 83. or. Trône de Saint Antoine,167-173. orr.
8 HAINBAT EGILE. Dirct. Hans Nieuwdorg. Retablos anversois, XV-XVI siècles.V.2. Circuncisión. Anvers, 1540. Inv. 2917,138 or.-V.1.