Erretaula zaharberritzeari ekiteko garaia heldu zelarik, honek ordurako termita eraso latz bat jasanda zuen, batez ere erretaularen barreneko aldean. Erasoaren ingurua sakristiako atetik beste aldeko paretaren bukaeraraino heltzen zen, eta bankutik bigarren estairako espazioa hartzen zuen. Gainera beste xilofago batzuek ere egina zioten erasoa, esaterako “anobium punctatum” izenekoak, pipi txikiak alegia, eta “xestobium rufovillosum” deritzanak.
Eraikinari eta erretaulari eraso egin dioten termitak “Reticulitermes lucífugus” espeziekoak dira, Rhinotermitadae (lurpeko termitak) familiakoak1. Eraso honen ondorioa zura hustea izan daiteke, halako neurrian ezen zeharo ahuldu ostean erori egin daitekeen, erretaularen hondamena gertatuz azkenean.
Esan bezala, pipia edo “Anobium puctatum” 2 ere erretaulari eraso egin dioten espezieetako bat da. Anobido honek hostozabalen eta erretxinatsuen zurgizenari egiten dio eraso, eta baita hostozabal batzuen zurgiharrari ere, batez ere hezetasuna delarik tartean, hain zuzen egurrean onddoak eta bakteriak egoteak laguntzen dionean.
Eta beste espezie erasotzailea Xestobium rufovillosum da, “heriotzaren erloju” ere deitua.3
1968an, eraikineko eta erretaulako intsektuak akabatzeari ekin zion Kramer enpresak; honek erauzi egin zuen termiten eta beste xilofago batzuen izurrite hura.
1 “Reticulitermes lucífugus” termitek itxura zurixka edo garden samarra dute (langileek), eta koloniak eratzen dituzte. Hauen habiak lurpean egoten dira, eta zelulosa-materialak jaten dituzte, egituretako zura esate baterako. Eraso izan duten zurek ez dute sintoma ikusgarririk, zeren eta termitek pelikula edo mintz txiki bat uzten baitute ukitzeke, argitasunetik
babestuta egoteko. Bitartean, zur barnea xaflatan jaten dute, zuntzaren norabidean, eta ez dute hauts arrastorik uzten, bai ordea bere eginkarien eta listuaren nahasketa den lur-sekrezio bat.
2 1-3 mm bitarteko zulotxo biribil batzuk eta hauts pikordun gisako eginkariak izaten dira hauek lanean ari diren seinale. Garatzeko bizpahiru urte behar dituzte, edo gehiago, eta egiten duten kaltea ez da garrantzitsua izaten egiturari dagokionez.
3 Helduek 7-8 mm inguruko luzera dute, marroi-gorrixkak dira, eta halako iletxo batzuez estalita egoten dira. Irteerako zuloen diametroa 3-5 mm ingurukoa da. Eginkariak handiak eta dilista-formakoak dira. Egiturako
egurrean, larbek 5 eta 10 urte bitartean igaro ditzakete garapena burutu arte. Hauen erasoa zur hezeetan gertatzen da, aurrez onddoek ere bere lana egina dutenean.