Eszenak, oro har, ebakidura tangentzial edo erradialeko bi edo hiru oholez eginda daude; ertz biziz daude elkarri lotuta, eta atzealdean marrusketaz eta, batzuetan, zeioz landuta. Oholen zabalera ez da beti bat, estuenak 15 eta 18 cm bitartekoak diren bitartean zabalenak 32 eta 44 cm bitartekoak dira eta; logikoa denez, salbuespenak ere badira (grafikoa ikusi). Oholen lodiera 12 eta 16 cm bitartekoa da, Justiziaren eszenan izan ezik, honetan 5,5 cm-koak baitira. Panelen luzerak gora egiten du estaien altuerarekin batera. Halaz, bankuan 79 cm ingurukoa da garaiera, lehen estaian 122 cm-koa, bigarren estaian 134 cm-koa eta hirugarren estaian 147 cm-koa. Eszenen zabalera osoa ere handituz doa, garaiera irabazi ahala; lehenbiziko eszenen 50 cm-ko zabaleratik hirugarren estaikoen 63 cm-etara heltzen da.
Oholen arteko lotura iztupaz estalita dago, eta baita zuraren pitzadurak eta beste akats batzuk ere. Iltzerik ez da ikusten, elementu solte batzuetan izan ezik, esate baterako San Markosen lehoiaren burua finkatzeko, atikoko arkuak egiten duen teilatutxoko oholetan, eta horma-konken hondoetan. Eszenetako batzuk, zuraren beraren deformazioak edo egiturazko aldaketak zirela eta (pitzadurak), takoz, miru-buztanez edo eszenak finkatu eta arrail zitezen eragotzi zuten zurezko xaflez sendotu zituzten.