Urreztatzeko nahastura-bernizak urreztatze txartatuarekin duen alde nagusia distirarik eza da. Teknika hau nagusiki San Sebastian, San Migel eta Ama Birjinaren adats urrekolorekoetan ikus dezakegu, besteak beste. Zigilatze izeneko teknika ere erabili da, inguru zilarreztatu eta gardenduetan apaindurako elementuak eransteko. Teknika honetan, txantiloi baten bidez finkatzaile bat aplikatzen da urreztatu behar diren zonetan, gero urrezko orria jartzen da eta, lehortu ondoren, brotxa batez kendu soberako guztia; bestea finkatuta geratzen da, egin nahi zen marrazkia eginda.
Teknika hau asko erabili zuten italiarrek, esate baterako Ducciok (Maestá), oihalen ertzak edertzeko eta hauen gainean apaindurako elementuak jartzeko.
Erretaulan egindako motiboak asko eta askotarikoak dira, nahiz batzuk errepikatu egiten diren (grafikoak ikusi). Urreztatzeko nahastura-bernizak hainbat formula ditu: Nahastura-bernizaren formula, sinplifikaturik, honakoa da, olioa (linazi-olioa) pigmentu lehorgarri batzuekin eta berniz pixka batekin nahastua; horrelaxe azaltzen digu C. Cenninik bere “Tratado sobre la pintura” lanean9. Sánchez- Mesak, polikromia granadarrari buruzko bere obran, beste konposizio bat deskribatzen digu, oso antzekoa inolaz ere10, eta Palominok zehaztasun handiagoz azaltzen du11.
9 CENNINI, C.: op. aip., CLI atala, 113. or. C. Cenninik honakoa diosku: “finkatzailea lortzeko, olioa (linazi-olioa)
sutan edo eguzkitan egosten da, eta olio honekin batera berun-zuri eta kobre-berde (lehorgarri) pixka bat xehatzen da eta, dena xehaturik eta ura bezain mehe dagoenean, berniz pixka bat gehitu eta irakiten utzi, dena batera. Jalkitzen laga ostean erabiltzeko moduan dago”.
10 SÁNCHEZ MESA: Técnica de la escultura policromada granadina, Edic. Universidad de Granada, 1971. 45. or. “Italiako iluna eta oliotan xehatutako zuria, edo kolore zaharrezkoa, sutan egosten jarriz linazi olioz eta kolore zaharrezkoa iragaziz oihal zakar batez, gero larru marreztuetako berniz pixka bat edo etxean egindakoa gehituz”.
11 PALOMINO, Antonio: Museo pictórico y escala óptica. II. liburukia, VII. atala, 519-20. orr. Ed. Aguilar. S.A., 1988. Palominok honela deskribatzen du bere formula: “kolore zaharrez (paleta garbitzen denean bildutako hondarrak, eta zenbat eta zaharragoak hobe) sutan egosten jartzen dira gopor edo kazola beiratu batean, eta lehorgarri pixka bat botatzen zaie, beratu direnean; eta ongi egosi, eragin eta kutxararen batekin mastrikatu ostean... bahe oihal batetik pasatu, ondo trinkoa den batetik, edo zapitxo mehe batetik, eta aiztoaz ongi lauskitu;...” Kolore zaharrik
ez badago, Italiako ilun eta berun-zuriz, eta okre argiz egin daiteke, laranja-kolore bizi-bizitik pixka bat jarrita, den-dena ongi xehaturik betiere linazi-olioaz... egosten jarri, lehorgarri pixka bat botata, estaltzen denean, eta eragin, eta ongi egosi dadila, eta gero finkatzailea ongi eginda dago”.