Oñatiko Unibertsitateko erretaula platereskoaren kontserbazio egoera kaskarra, batez ere beheko alde, banku barren eta lehenengo eta bigarren estaietakoa ikusirik, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2000ko urtean multzo osoaren zaharberritzeari ekin zion.
1968an, garai hartan Oñatiko alkate Corcostegui jaunak behin eta berriz eskatu zuelarik erretaulan lehenbailehen zerbait egitea, erabat suntsitzeko arriskua begi-bistakoa baitzen, Madrilgo Arte Ederren ministerioak Zaharberritze Institutuko teknikoak igorri zituen, garai hartan honen zuzendaria Jose Maria Martos zelarik, kontserbazio egoerari buruzko lehenbiziko txostenak egitera; eta honek bere gain hartu zuen arazoa, eta ikusiaren araberako lanetan hasi zen.
Madrila 1968an igorritako gutunetako batean berehalako suntsitze arriskua aipatzen da, termita izurrite bat delarik eragile; eta aipatzen da, halaber, predela edo bankuaren eskuinaldea dela intsektu horien hondatze lana nabarien ikusten den tokia.
Madrilgo Zaharberritze Institutuak 1968ko martxoan emandako txosten batek zioenez, laginak aztertu ondoren ikusi ahal izan zuten Unibertsitateko zurezko elementuak hondatzen ari zen intsektu xilofagoa “reticulitermes lucifugus” izenekoa zela, termita esaten zaiona alegia.
1968ko uztailean hasiko zen izurritea desagerrarazteko esku-hartzea. Madrilgo Zaharberritze Institutuak erretaulazati bat desmuntatzeko lanari ekin zion, bi udal langileren eta Victoriano Celaya arotzaren laguntzaz. Txosten horrek dioenaren arabera, sakristiako ateko eskuineko eta ezkerreko panelak desmuntatu zituzten, hauetan pintura-pelikula besterik ez zegoen, eta beste guztia lokatza zen. Ondoren alde bereko frisoa desmuntatzen hasi ziren, aldareraino iritsiz. Eta ikusi zuten erretaularen sostenguko habe horizontala alde horretarantz erorita zegoela, burua janda zeukan eta; erortze honen eraginez, piezen mihiztadura deseginda zegoen. Gauzak horrela, erretaula zurkaiztu egin zuten, erortzeko arriskuan zegoen eta. Zurkaizte honek erretaulak 5 cm gora berreskuratzea ekarri zuen. Eskuineko zatia desmuntatzen jarraitu zuten, 2., 3. eta 4. gorputzeko bilbea eskoratzen eta sendotzen segitu zuten bitartean; eta halaz, multzo osoak 7 bat cm errekuperatu zituen gorantz1.
Argazkietan ikus dezakegunaren arabera, erretaula behetik gorantz desmuntatu zuten, hau da, banku barrenetik lehen eta bigarren gorputzera, baina erretaularen beste zatiak ukitzeke mantenduz; ez zen inolaz ere ohiko prozedura, are Sebastian de la Torre Fernández de Soto-ren txostenak aipatzen zuela “taila guztiak bere horma-konketatik atera eta tratamendu kimiko zehatz-zehatz bat ematea (intsektuak akabatzea alegia) eta erretaula osoa desmuntatzea, piezaz pieza, prozesu bera errepikatzearren imajinetan eta arkitekturako piezetan, ahal den neurrian zura bera ere finkatuz”2.
Lanak egiteko modu hau ez zen oso egokia gertatu ezen, ikusi dugunaren arabera, piezen arteko lotura sistema guztiak eten egin behar izan zituzten (ziriak, mihiak, etab.), eta muntatzeko unean arazoak izan ziren piezak lotzeko. Erretaula errenazentista baten finkatze sistema ainguraketa bidezkoa dela hartzen badugu kontuan, hau da, goiko piezak behekoetan mihiztatzen dira, behetik gorako desmuntatze batek ezinezko egiten du sistema hori erabiltzea. Hori dela eta, argazkietan ikusten den moduan, 1968ko zaharberritzean desmontatutako piezak lotzeko erabilitako sistema araldit madera (epoxi erretxina) materialezko masa izan zen eta, behin lehortu ondoren, elkarren artean itsatsi zituzten.
Piezak desmuntaturik, ikusi zuten asko eta asko erabat hutsik zeudela, eta beste batzuk, berriz, oso hondatuta. Termiten erasoa desagerrarazi ondoren, piezak finkatu beharra zegoen, gaineko azala edo polikromia besterik ez baitzuten. Horretarako berriro erabili zuten araldit madera izeneko pasta. Zona huts guztiak aralditez bete zituzten, inolako metodologiari edo irizpideri jarraitzeke, eta masak trinkotasuna izan zezan euskarri zurrunen bat behar zen zonetan, pinu-zurezko edo konglomeratuzko estrabeak sartu zituzten. Palaroid masa pikortsuak ere (erretxina akrilikoa) aurkitu dira, disolbatu gabe, konglomeratu gisa, hutsuneak betetzeko.
Garbitze lanari dagokionez, berriz, ez dugu informaziorik, zeren eta udaletxean dauden txostenetan ez baita kontu honi buruzko ezer aipatzen; dena den, garbitze lanen bat izango zela jotzen dugu, nahiz seguruenik oso axalekoa izango zen. Beheko zatian, argizaria, kola eta berniz geruza batzuk aurkitu ditugu, urrearen eta polikromiaren distira handiagotzeko-edo emango zituzten eta.
1968ko esku-hartze honetan aldare-mahaia kendu egin zuten, fabrikakoa zen nonbait, eta kapera osoa pikatu zuten, bistako harriaz uzteko, ganga izan ezik. Zaharberritze lanei ekiteko unean, aldare-mahaiaren ordez atlante berri batzuk zeuden, alboetatik kopiatuta, eta panel erliebedun batzuk. Erdikoan Zuazola apezpikuaren ikurra dago irudikatuta. Zati honetan aplikatutako polikromia ez da kalitate handikoa.
Paretak pikatzea akats handia izan dela aipatu behar dugu, ezen baliteke hauetan harlanduaren despiezearen marrazkiren bat izatea, eta inskripzio edo eszenak ere bai agian, ez gaur egun ikusten dugun harlanduskoa, garai hartan inork ez baitzuen horrelakorik onartuko. Luzitu guztia desagertu egin da; bakar-bakarrik erretaularen atzeko aldean eta gangetan mantendu da. Ganga hondo gris ilunaren gaineko zurizko despieze batez margotuta dagoela ikusi ahal izan dugu. Motibo bera aurkitu dugu Santiago elizaren sakristian, Medina de Rioseco herrian (Valladolid), hala nola, garai hartako beste hainbat eta hainbat elizatan.