Beharbada hauxe izan da erretaularen zailtasun handienetako bat, inguru guztietan duen urre kantitatea dela eta.
Egitura-zonak urrezko orriz berrosatzea erabaki zen, hala nola: eszenetako markoak, erlaitzetako zuloak, taulamenduak eta araldita bistan zegoen inguruak. Behin aplikatu eta gero, altzairuzko ilupaz, akuarelaz eta pigmentuz zahartu zen.
Berreraikitako zona gehienak bistako zurez mantendu dira.
Irudiei, hau da, eskultura eta erliebeei dagokienez, beste modu batez jardun da. Berregite bat izan den espazioetan, hala nola arropa eta hondoetan, iriodina erabili da. Honen aplikaziorako prozedura honakoa izan da: Lehen fasean, iriodina bol gainean aplikatu zen, rigattino teknikaz, baina zalantzazko emaitza lortu zen, estetikari begiratuta. Hainbat proba egin ondoren, iriodina iztuku zuriaren gainean bertan eman zen, azpi homogeneo eta trinko bat sortuz; hurrena, berregite kromatikoa zertu zen, rigattino teknikaz eta pigmentuak erabilita. Teknika honen abantaila nagusia oso itzulgarria eta kentzen oso erraza izatea da.
Urreztatua eta polikromia galdu izanaren ondorioz zura bistan duten zonak garbitu egin dira eta, kasu askotan, zura bera argitu egin da azido oxalikoa erabilita, urreztatuaren kolorea eta zurarena berdintzearren hain zuzen.
Aldare-mahaiko aurrealdea, desagertua zena, berreraiki egin da, argazki zaharretan jasotakoari jarraiki. Polikromia ere berregin egin da, hain multzo urreztatu eta polikromatuan zurezko multzo handi horrek, bistan egotean, horrenbesteko eraginik sor ez zezan.