Weisek Sancti Spiritus unibertsitateko kaperako erretaularen autoretza Pierres Picarti atxikitze horrek, eskultoreapaintzailea Oñatin bizi zela eta pilastroietako estatua eta frisoekin duen afinitatea oinarritzat harturik eginak19, berresteko beste modu bat izan dezake oraingoan, 1544an Avilako apezpikuak eta artista frantziarrak Valladoliden –hiri honetan bizi zen orduan artista- izenpetutako kontratuak eskainitako datuari esker. Pedro de Santestebanek apezpikuak aginduta egin zituen eskrituren inbentarioan, horixe ari baikara erabiltzen20, erretaulako eta kaperako pintura eta urreztatzeari buruzko beste protokolo-goiburu batzuk daude jasota; horietako lehena eta garrantzitsuena, urte horretan bertan datatua, On Rodrigo Mercadok berak eta Avilako Jeronimo Rodríguez eta Kristobal de Bustamante pintoreek, Fontiverosko bizilagunek, “haren kapera urreztatzeko” egin hitzarmena da. 1545ean “Oñatiko kapera pintatzeko” beste kontratu bat aurkituko dugu, eta apezpikuak pintore horien alde emandako ordainketa-gutun bat. Beraz, seguru asko haienak izango dira erretaularen polikromia eta kaperako margo-lana. Kapera gotiko-errenazentistako murruak pikatu egin zituzten gero eta, hala, harlanduskoa bistan dago gaur egun, nahiz oraindik ere badiren pintore gaztelauek aldare gainean ohiko grisailadespiezeaz eginiko pintzeladura originalaren hondar txiki batzuk. Mercadoren ondasunen inbentarioan, 1548ko otsailaren 1ekoan, jasota dago “Hontiverosko pintoreen eta hilobi eta erretaulako pinturako kitaren berme bat, Diego Ramosek sinatuta dagoena”21. Taila lanetan, Picarten agindupean, herrikide zituen beste maisu batzuk ere arituko ziren, hala nola Guillaume de Paris, Joan Picart eta Martín Gumet mihiztatzaileak, eta hainbat eskultore-apaintzaile eta imajinagin, Felipe de Borgoina kasu; hauen guztien aldeko legatu edo agintzak jaso zituen 1548an egin zuen lehen hilburukoan22.
Pierres Picart (1509/1512-1588) izenaz ezaguna bazen ere, egiaz Pierres Durand zuen izen, eta eskultore-apaintzaile frantsesa zen, Peronnen jaioa23; eta Gaztelara joandako bere herrikide askok eta askok bezalaxe, azkenean bere jaioterriaren lurraldearekin identifikatzen zuen ezizena hartu zuen, Pikardia baitzen. Aro modernoaren hasieran, Amiensetik hurbileko frantziar herri honek eginkizun estrategiko garrantzitsua bete zuen, Espainiako koroaren mendeko Flandestik hur egonik, Karlos V.aren soldaduen setioari modu heroikoan aurre egiteagatik 1536an. Bere “huchier” edo arotzengatik ospetsua den Pikardiako zona honetatik atera ziren, Borgoinatik eta Normandiatik bezala, tailagintzaren maisu asko hispaniar erresumetarantz, eta haietako askok Picardía, Picardo edo Picart abizena hartu zuten. Esate baterako, Felipe Bigarny borgoiniarrak Burgosen zuen eta Pierres Picart berak ikasi zuen lantegian, aritu ziren, baita ere, Juan Picardo eskultorea eta León Picardo ospetsua. León Picardo hau, erretaula askotako polikromiaren egilea eta Gaztelako kondestablearen pintorea izan zena, Diego de Sagredoren Las medidas del Romano tratatu ospetsuan ageri da, autorearen solaskide gisa. Halaber, PIkardia aldekoak ziren, baita ere, Gabriel Joly imajinagin bikaineko hura, Zaragozara joana XVI. mendearen lehen herenean, eta gure eskultore-apaintzailearen beraren tailerreko kideetako batzuk, hala nola Joan Picart edo frai Joan Beauvais, abizenean adierazi hiriko arotz baten semea zena eta aipatu Jolyren tailerrean trebatua.
Ehun Urteko Gerraren amaierak bake garai bat eraman zuen inguru horietara, eta artearen loraldi aparta era berean; honen lekuko bikain ditugu, besteak beste, Abbevilleko San Vulfranen kolejiatako portada eta, batik bat, Amiensko katedraleko koruko aulki-saila, 1508an abiatu eta mihiztatze lanak 1522an amaitutako obra gotiko flamigero garrantzitsua bera. Bere 120 aulkietan Pikardiako arotz pila handi samarra aritu zen lanean, mihiztatzaile, eskultore-apaintzaile eta imajinaginekin batera, eta lanok ispilu izango ziren,nonbait, gaitasun nabarmena zuten gure Pierres bezalako gazteentzat. Miserikordia eta aulki-bizkarretan zehar Testamentu Zaharreko eta Ama Birjinaren Bizitzako eszenak ikusten ditugu, eta “bigarren mailako zonak”, berriz, gotiko berantiar honetan ohi zenari jarraiki, eszena moral, lanbide eta apaindurako hainbat motibotarako gorde dira, landare eta animalia motiboetarako bereziki24.
Pierres Picartek Gaztelan eta Nafarroan egin zuen ibilbide luzea nahikoa ezaguna zaigu gaur egun. Herrikide zuen Felipe Bigarnyren tailerrean hasi zen, Burgosen, hiri hartan bizi izan baitzen 1533 eta 153625 bitartean. Borgoniar eskultore eta estatuagile polifazetiko haren tailer ibiltariko beste kide batzuekin batera Toledon aritu zen 1537an, katedralaren Dorreko kaperaren portadan apaindura lanak egiten. F. Maríasen iritziz, 1538an seguruenik Madrilen aritu zen, Kalagorri-Ozkabarteko apezpiku on Alonsoren kaperako apaintze lanetan, Santo Domingo el Real26 komentuelizan. Bigarnyren27 taldeko taila-maisuen artean ugari ziren haren herrikideak, batez ere Borgoina eta Pikardiatik helduak, esate baterako Juan de Langres, Diego Guillén, Gaspar de Sidores eta gure Pierres Picart bera, guztion artean halako endogamia suerte bat gertatzen zelarik; tartean zen, halaber, penintsulan proiekzio handiagoa izan zuen eskultore bat, Orleansko Esteban Jamete.
Identifikazioa iradokitzailea bada ere, ez dirudi gure eskultore-apaintzailea 1539an Iruñeko katedraleko koruko aulki-sailean Esteban Obrayren zuzendaritzapean lanean ari diren eskultore-apaintzaile frantsesen zerrenda luzean ageri den Pierres Picart bera denik. Honen arotz lanbideak, adinak eta emaztearen izenak, 1544 eta 1550eko bi prozesutan jasotako beste datu batzuekin batera, horietan Iruñeko bizilaguna dela esaten baitu, beste artista frantziar bat dela erakusten dute28. Berrogeiko hamarraldiren lehenengo urteetan berriz ere Burgosen bizitzen egon zen, baina Bigarny 1542. urtean hil eta handik gutxira Burgostik irten29 eta Valladolidera aldatu zen. Valladoliden, izan ere, adierazi zuen Juan de Juni 1545. urteaz geroztik ezagutzen zuela, halaxe deklaratu baitzuen, Antiguako erretaularen adjudikazioa zela-eta Juan de Juni eskultore borgoinarrak 1548an Frantzisko Giralterekin izandako auzi batean, haren obraren trazak “arte erromatarraren ukitu nabarmenagoa” zuela azpimarratuz30.
1545ean bertan Avilako apezpikuarekin kontratatu zuen, hiriburu gaztelauan, Oñatiko Unibertsitateko fatxadako pilastroi estatuadunak egiteko lana31. Gipuzkoako hiri honetara etorri zelarik obra hau eta beste batzuk, hala nola portada, ikastetxeko patioko medailoi bustodunak edo kaperako pilare gaineko hilobia egiteko (1548), Katalina Elorduirekin ezkondu eta hementxe jarri zuen bere tailerra, eta hurrena probintzia osoan, Araban eta Nafarroan hedatu zituen erromatar erako taila, espresibismo gaztelaurik onena eta manierismo juniarra.
Oñatiko tailerretik lan handia egin zuen probintzian zehar, Sakana-Burunda korridorean eta Larraun ibarrean Uharte-Arakil harturik erdigune; eta ekialdeko Lautadan ere aritu zen, 1570 ingurutik Agurainen zeukan tailerretik32. XVI. mendearen bigarren herenean hainbat obra dokumentatu zaizkio, adibidez Oñatiko Unibertsitateko kaperako erretaula (1544), herri bereko San Martinen ermitakoa (1548 baino lehen), Albeizko erretaula nagusia (c. 1550), Dulantziko zenbait lan (1557), Uharte-Arakilgo erretaula nagusia (1557-1559), honen imajina eta erliebeak aprobetxatu egin dira egungo erretaula barrokoan, bi erretaula Anoetan (1558)33 eta beste bat Lazarragatarrek Zalduondon duten kaperarako (1560)34, egun ezkutuan dagoen arren neoklasiko baten atzean. Jasokundea, erretaula honetako titularra alegia, erretaula nagusian dago, eta Kalbarioko multzo espresibista ere mantendu da, frai Joan Beauvesen gubia ezagun duen gurutziltzatu batez, kaperako hemeretzigarreneko beste erretaulan. Urantzian eta Falcesen (1562) eta Altsasun (1563)35 eginiko lan batzuekin bat datozen egonaldiak ere dokumentatu zaizkio; garai horretakoa izango da Otadiako Santo Kristo, Garcia Gainzaren iritziz fraideak eginiko taila bat baita36. Albizturko hasikin edo primizia biltzaileek, 1564ko bisitan, 224 dukat eta erreal bat eta erdiko kopurua zuritu zuten, “erretaula egin zuen pintore eta maisuari, maisu Pierresi, eman baitzaio”37; maisu honenak izango dira, seguruenik, sagrarioa eta San Joan Ebanjelariaren eta San Mateoren tailak, gaur egun herri bereko San Gregorioren ermitan daudenak. Eta hauetan ezagun da, berriro ere, frai Joan Beauvesen eskua.
Garai hartan goreneko mailan zeuden tailerretako batzuekiko lehian, Lizarrako San Joan Bataiatzailearen erretaula amaitu zuen 1563an38, urte gogoangarrian inolaz ere, lur hauetan Erromanismorako iragaitzaren erreferentziazko data izango baitzen hura. Taila lanek frai Joan Beauvesenak izan beharko zuten, berau zen eta nafar imajinaginik onena, eta baldintzetako batek zehazten zuenaren arabera, zaldi, bestioi eta groteskoen ordez, Oñati, Albeiz eta beste zenbait tokitan ugari erabili bazituen ere, aingeru, ume, hosto eta fruta naturalak beharko ziren. Joan I.a Inbertok amaitu zuen lana, horrenbestez Lizarran abiaraziz bere abizeneko dinastia erromanista. Hirurogeiko hamarkadan dokumentatutako beste obra batzuk, dagoeneko desagertuta dauden Azpirozko erretaula nagusia (c. 1565)39 –honetako titularraren taila, San Estebanena alegia, eta San Pedro eta San Antonena egungo erretaula neogotikoan daude– eta Iribaskoa (1565-1566)40 dira; azken honetatik, berriz, bakar-bakarrik titularra den San Joan Bataiatzailearen taila heldu zaigu, atzera pintatua gainera beste kasuetan bezala.
Bere lanean, gorabeheratsua inolaz ere bere tailerraren osaketak izandako aldaketengatik, garbi ikusten da, edonola ere, espresibismo gaztelau onenaren bereganatze bat erliebe batzuetan, esate baterako Albeizko erretaula nagusian San Joan Bataiatzailea basamortuan erakusten digunean, ezen bizkarrean errepikatu egiten du Diego de Siloek 1525ean Valladolideko San Benitoren monasterioko koruko aulki-sailean tailatutako motiboa. Bere tailerrean espresibismoaren hainbat maisu aritu ziren, hala nola Felipe de Borgoina imajinagin frantsesa41, Pedro Frantzisko eskultoreapaintzaile flandestarra42, Azpeitiko bizilaguna bera, eta aipatutako frai Joan Beauves, fraide ezizenez ezaguna43; baina Picart urte askoan bizi izanaren ondorioz, bere erretauletako imajinak bolumena irabazten joan ziren, Juniren eta Migel Anjelen eraginez, erromanismo garbirantz joz hurrena suhi, laguntzaile eta tailerraren jaraunsle zuen Lope Larrea eszenatoki artistikoan agertu zenean. Bere nafar aldi horri dagokionez, badugu beste eskultore-apaintzaile batzuekin izan zituen harremanen berri, besteak beste lotura izan baitzuen, esaterako, Altsasuko biztanle Joanes Madariagarekin, honekin aurkeztu zen Lizarrako San Joan Bataiatzailearen erretaulako erremate lanetarako lehiaketara, eta Olaztiko Joan Martinez Gastamintzarekin; lankidetza estuan aritu zen, halaber, Martin Miranda pintorearekin, eta hainbat harreman izan zituen Migel Espinal, Pedro Moret, Migel Marsal eta Nikolas Perez de Villava imajinagin eta eskultore-apaintzaileekin. Osterantzean, bere morroi batzuen izena ere badakigu, tartean izan ziren eta Adrian Agirre gipuzkoarra, Martin Zelaeta, Joan Elordi eta Domingo Perez de Villava44.
Agurainen bizi zelarik, Pierres Picartek 1570 eta 1574 bitartean Iruñeko Santiagoren monasterioko erretaula nagusia egin zuen, eta lan honetan, berriro ere, frai Joan Beauvesen partaidetza handia izan zuen; hau, garai hartan, Done Bikendi Haraneko Santa Teodosiaren ermitan bizi zen. Joan Beauves herri horretan bizi izanak badu lotura, itxura, Picarten tailerrak Arabako Mendialdeko herri horretako erretaula nagusian izan zuen partaidetzarekin. Aipatu azken urtean, Iruñeko domingotarren komunitateak 1.300 dukat, kopuru handia alajaina, ordaindu zion bakoitzari45. Fraidearen eskuari zor diogu, Garcia Gainzaren iritziz behintzat, Bartzelonako Marés Museoan dagoen Kristoren Hilobiratzearen erliebea (1565-1575)46.
Aguraindik hurbil badira, halaber, Pierres Picarten tailer emankorrari atxikitzeko moduko harrizko bi erretaula manierista original. Ezkerekotxako San Romanen erretaula nagusiak (c. 1565-1570)47 ezohiko traza bat dauka, eta bertan Jerusalengo Hilobi Santua iradokitzen duen eta San Pietro in Montoriokoa gogora ekartzen digun hiru estaiko tenplete biribil gisako sagrario monumental bat nabarmentzen da. Marmolak imitatzen dituen polikromiak sendotu egiten du San Roke eta San Sebastianena bezalako irudien klasizismoa. Eta apaindurako elementuak nazioarteko manierismoari dagozkionak dira jada. Aguraingo Santa Marian Zuazotarren kaperan dagoen San Frantziskoren harrizko erretaula (c. 1570)48 maisu Pierresen tailerrari atxiki diezaiokegu, eta erdiko altuerliebea, santuaren Estigmatizazioa jasotzen duena, frai Joan Beauvesen eskuari; Lope Larrea gaztearen partaidetza ere antzematen da, atikoko Azken Judizioan.
Asteasuko erretaula nagusia (desagertua), Uribarri Haranekoa (1572-1573)49 eta Irañetako nagusia eta albokoak (1574-1575)50 eskultore-apaintzaile frantsesak kontratatu zituen, baina 1572an Joan Antxietak konpromisoa hartu zuen Asteasukoaren erdia eta, 1573ko eskualdaketaren ostean, herri gipuzkoar horretako erretaula osoa egiteko51. Uribarri Haraneko erretaulako imajina eta erliebe gehienak Erromanismoan kokatu ahal izateak eta, atzera mihiztatu eta pintaturik, Irañetan gorde direnek, Lope Larrearen gubia erakusten dute, berau izan baitzen tailerraren benetako burua Picarten zahartzaroan zehar.
Donostiako udalaren enkarguz, “eskultoremaisu” Pierres Picartek, harria eta zura lantzen trebea bera, hiriko armarri bat egin zuen 1577an harresietako ate nagusiaren gainean, eta beste bat ere bai barruko aterako52. Dokumentudatu honetan oinarriturik, Donostiako Santa Mariar elizan dagoen bakearen eta pazientziaren Kristo hori atxiki izan zaio, Lehorreko Atea deitutik heldua izaki antz handia duelako Picarten estiloarekin53. Gipuzkoan atxikiriko beste batzuk dira Azkoitiko parrokiako Maria Idiakez andrearen kaperako erretaulako Kalbariotik heldu ostean hilerriko kaperan gordeta dauden Ama Birjinaren eta San Joanen irudiak54. Maisu frantsesak Gipuzkoan eta Nafarroan eginiko beste zenbait eskultura eta pintura lanen tasazio eta azterketak ezagutzen ditugu, 1559 eta 1580 bitartekoak guztiak; halaz, badirudi bere gaitasunak marrazkiaren beste arte batzuk ere hartzen zituela, zenbait traza eta diseinuren egilea baita. Hauen artean daude Lope Larrearekin Gasteizko San Migeleko erretaula nagusirako 1575ean egin55 eta Joan Antxietak eta Lope Larreak berak gauzatua, eta Gipuzkoako Artxibo Orokorrerako Tolosan 1580an egina56.
Polikromiaren arduradunak Avila hiriko eta beronen jurisdikziopeko Fontiveros herrixkako bi margolari-urreztatzaile izan ziren, Jeronimo Rodríguez eta Kristobal de Bustamante57; hauek, osterantzean, sarritan agertzen ziren elkarrekin bere lanbidearekin lotutako lanetan Avilako elizbarrutian, XVI. mendeko 40 eta 50.eko hamarkadetan zehar.
Konpainia-kontratu komuna izango zuten nonbait, elizbarruti honetako beste lan batzuetan ikusi ohi zen formulari jarraiki eta, hitzarmen honen arabera, elkarren fidatzaile eta prokuradore gisa jardungo zuten, bakoitzak bere aldetik hartutako konpromisoetan58.
Avilako Jeronimo Rodríguez pintorea 1527an agertzen zaigu agirietan lehen aldiz. Urte horretan, Avilako Floresko erretaula nagusiko ekisaindua urreztatzeko eta estofatzeko lanak amaitu zituen59. 1546an datatu zen Arévaloko Lurretan, Rasueros herriko parrokian (Avila), erretaula nagusia eta alboko bi erretaula elkarrekin urreztatzeko eta estofatzeko kontratua, Pedro de Salamanca eskultore-apaintzailearen -obraren egilea berau- eta Kristobal de Bustamanteren artekoa; lehenak Arévaloko bizilagun eta pintore Joaquín de Vargasen izenean jardun zuen, eta bigarrenak, berriz, bere lagun eta pintore Jeronimo Rodríguezen izenean60. Tenpluan barrokoaren garaietan eginiko eraberritze lanen ostean, aipatu lan horretatik gaur egun dugun gauza bakarra ebanjelio aldeko albo-erretaulako Kristo gurutziltzatua da, haragi-kolore leun eta distiradun ezin ederrago batez eta lausodura berdexkez hornitua; eta sagrario bat, XVI. mendeko jatorrizko polikromiaren zati bat gorde duen beste albo-erretaulan atzera erabilia.
1554 urtearen ekainean Kristobal de Bustamantek konpromisoa hartu zuen On Diego de Salvatierraren kapera baterako burdinsare bat urreztatzeko Medina del Campoko (Valladolid) San Frantziskoren komentu-eliza desagertuan61, eta urte bereko urrian izenpetu zituen tenplu berean Gutiérrez de la Peñaren kaperako gurutzeria eta beste burdinsare bat urreztatzeko eskritura eta baldintzak62. 1559 baino lehen Fontiverosko bi pintoreekin kontratu bat egin zuten Avilako Floresko erretaula nagusiaren polikromiarako, baina lan hura ez zen egin, ezen obra hau Avilako beste konpainia baten eskura igaro zen, Diego de Rosalesek, honexek burutu zuen lana 1559 eta 1562 bitartean, eta Juan de Velak osatu konpainiarenera alegia63. Kristobal de Bustamanteren izena 1571n agertu zen, azkeneko aldiz, Frantzisko Acevedoren testamentuan, Medina del Campoko ijelea berau, zordunen zerrendan64.
Jeronimo Rodríguez eta Kristobal de Bustamantek Oñatiko Ikastetxeko kaperako erretaula urreztatzen eta esgrafiatzen izandako partaidetzarako, dena den, bada arrazoi bat, hain zuzen On Rodrigo Mercado de Zuazola apezpikuak bere elizbarrutiko egilerik onenak aukeratu izana, baina baita apezpiku-barruti honetako erretaulagile eta pintore askoren sakabanaketa ere, penintsulako beste hainbat tokitara jo baitzuten merkatu bila, batik bat Salamanca, Segovia, Toledo eta Sevillara, Isidro de Villoldo edo Joan Bautista Vázquez Zaharrak egin bezalaxe65.
19 WEISE, G.: Die plastik der Renaissance und des Frühbarock im Nördlichen Spanien. Aragón, Navarra die baskischen Provinzen und die Rioja. Hopher-Verlag. Band I. Tübingen, 1957, 282-283. orr., 246 eta 247. laminak. Ibid.: La plástica del Renacimiento y del Prebarroco en la España septentrional. Gaztelaniazko laburpena. Tübingen, 1960, 36-37. orr. "Hauxe izan liteke (Pierres Picart) Unibertsitateko kaperako zurezko aldarearen egilea". "Espainiaren iparraldeko aldare-eskulturaren produkziorik bikainenen artean erretaula hau dago -zoritxarrez ez dugu beroni buruzko dokumentu daturik-, bere eskulturazko apaingarri aberatsez, apaindura groteskoaren kalitate gorenaz, koloma eta molduren gainean ageri baita, eta urrearen eta koloreen edertasunaz". Gaztelaniazkotik itzulia.
20V.E.K.A. Auzi zibilak. Lapuerta. Ahantziak C 738/3. Pedro de Santestebanek Avilako apezpikuaren aginduz eginiko eskritura publikoen memoriala. “Año de MDXLIIII”, “escritura echa por el señor obispo y maestre Pierres del retablo de la capilla del señor obispo”.
21V.E.K.A. Auzi zibilak. Quevedo. Amaituak C 160/4. Avilako apezpikuaren ondasunen inbentarioa, 158. or..
22 LIZARRALDE, J.A.: Op. aip., 95-96. orr. Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa. Oñati, 2851. leg., Lorenzo de Basauri. Testamentuak, 1548-1550.
23 N.A.O. Prozesuak, 322.599 zk. Joan Iturmendi Belandia de Robledo maisuaren aurka, Mañeruko erretaularen urreztatzea dela eta (1561). Erretaularen egile izan zen Joan Iturmendi eskultore-apaintzailearen aldeko lekukotasunetako batean, herriko biztanle Joan Martinez Villorak 1560ko urriaren 16an adierazi zuen erretaula, galdua da dagoeneko, ordurako finkatuta zegoela, eta “maisu Pierres de Picardo de Perona eskultore-apaintzaile frantsesak, une honetan Arabako Zalduendon bizi denak”, eskultore-apaintzailearen izenean eta Migel de Espinalek, patronuek proposatuak, tasatua zutela, eta hauek 385 dukat eta hiru errealeko prezioa iritzi ziotela. N.A.O. Not. Prot. Gares, 6bis leg. Fernando de Montemayor, 1560, 75atz-77. orr.
24 TOURTIER, G. De: Les stalles de la cathèdrale d’Amiens. Ed. Lescuyer. Lyon, 1980. PRACHE, G.: Les stalles de la cathedrale d,Amiens. Chef-d’oeuvre du bois sculpté du XVIème siécle (1508). G. Prache. Amiens, 1983.
25 IBÁÑEZ PÉREZ, A.C.: Arquitectura del siglo XVI en Burgos. Aurrezki Kutxa. Burgos, 1977, 162. or., 106. oharra, 361. or., 416. oharra eta 362. or. RÍO DE LA HOZ, I. del: “Referencias documentales para la historia del arte en Burgos, en el País Vasco y La Rioja durante el siglo XVI”. Letras de Deusto, 31 (1985), 171-172 178. orr.
26 MARÍAS, F.: “El Renacimiento “a la castellana” en el País Vasco: concesiones locales y resistencias a “lo antiguo”. Revisión del arte renacentista en Euskal Herria. Ondare, 17 (1998), 20-21. orr.
27 RÍO DE LA HOZ, I. del: El escultor Felipe Bigarny (h. 1470-1542). Gaztela eta Leongo Junta. Hezkuntza eta Kultura Saila. Madril, 2001, 311 eta 365-366. orr.
28 IDOATE IRAGUI, F.: Rincones de Historia de Navarra. I. alea. Nafarroako Foru Diputazioa. Vianako Printzea Erakundea. Iruñea, 1979, 29-30. orr. N.A.O. Prozesuak, 143777 zk. Pierres Picart Pedro Guzmán-en, “español” deituaren aurka, ikaskuntza kontratua betetzeari buruz. Ibid., 144132 zk. Nikolas Pasier Pierres Picarten aurka, mailegu baten ordainketa dela eta.
29 RÍO DE LA HOZ, I. del: “Referencias documentales..., 178 or. Bere biloba Felipe de Sidoresen hilketarengatik bere seme Nicolás de Venerori Juan de Langresek eginiko barkamen berrespen batean, Ana de Langresek, 1555ko uztailaren 4an, deklaratu zuen bere senar Pierres Picardo tailagileak Burgostik kanpora zeramatzala hamar urte luze eta “ez zekiela eta ez zuela entzuna non zegoen”.
30 MARTÍ Y MONSÓ, J.: Op. aip., 336. or.
31 LIZARRALDE, J. A.: Op. aip., 92. or. ARRAZOLA ECHEVERRIA, Mª A.: Renacimiento en Guipúzcoa. Tomo I. Arquitectura. Gipuzkoako Foru Aldundia. Donostia, 1988, 281-283 eta 323-329. orr. (Oñatiko Unibertsitateko lau pilastroien kontratua eta obrako baldintzak).
32 Pierres Picarteren biografia artistikoa, ARRAZOLA ECHEVERRIA, Mª C.: Op. aip., 142-144. orr. ECHEVERRIA GOÑI, P.L.: Las artes en el Renacimiento, 29. Álava en sus manos. IV. alea. Gasteiz, 1984, 125- 126. orr. ECHEVERRIA GOÑI, P.L. eta FERNÁNDEZ GRACIA, R.: La parroquia de San Juan Bautista en el conjunto urbano de Huarte Araquil. Iruñea, 1987, 77-78. orr.
33 ARRAZOLA ECHEVERRIA, Mª A.: Op. aip., 41. or. (Oñatiko San Martin ermitako erretaula) eta 143. or. Alegia, Anoeta eta Albeizko erretauletako esku-hartzeak dokumentatzen ditu, 75-76. orr.
34 N.A.O., 322599 zk. 1560ko lekukotasun frogetako batean adierazten denez, Mañeruko erretaula nagusiko tasatzaileetako bat “maisu Pierres de Picardo de Perona eskultore-apaintzaile frantsesa, une honetan Arabako Zalduendon bizi dena” izan zen, eta seguruenik hango kaperako erretaulaz ere arduratuko zen.
35 Retablos navarros del Renacimiento. Nafarroako Foru Diputazioa. C.S.I.C. Iruñea, 1947, 21 eta 23. orr.
36 GARCIA GAINZA, Mª.C.: Crucificados del siglo XVI. El arte en Navarra. 2. al. 23. zk. Diario de Navarra. Iruñea, 1994, 361. or.
37 Elizbarrutiko Artxibo Historikoa. Donostiako Gotzaindegia. Albiztur. I. fabrika liburua, 1555etik 1609ra. 1564ko ikustaldia.
38 BIURRUN SOTIL, T.: La escultura religiosa y Bellas Artes en Navarra durante la época del Renacimiento. Iruñea, 1935, 159-165. orr. URANGA GALDIANO, J.E.: Op. aip., 21-22. eta 43-49. orr. II. eranskina. Lizarrako San Joan Bataiatzailearen erretaula nagusiaren eraikuntzari buruzko agiriak.
39 N.A.O. Prozesuak, 264631 zk. Martin Azpiroz Pierres Picarten aurka, interesak direla eta (1586). Esku-hartze honi buruzko bazter-ohar bat jasotzen du honako lanak: GOÑI GAZTAMBIDE, J.: Historia eclesiástica de Estella. I. alea. Parroquias, Iglesias y Capillas reales. Nafarroako Gobernua. Iruñea, 1994, 850. or., 163. oharra.
40 CASTRO ÁLAVA, J.R.: Cuadernos de Arte Navarro. Escultura. Nafarroako Foru Diputazioa. Iruñea, 1949, 116. eta 118. orr.
N.A.O. Prozesuak, 11242 zk. Pierres Picart Joanes Chatin-en aurka (1576).
41 Felipe de Borgoinak 1556an erretaula bat egin zuen Uribarriko San Andres ermitarako, hogeita hamalau dukateko prezioan; oraindik ere bada erretaula hori, Oñatiko Murgia auzoko Jasokundearen ermitan. LIZARRALDE, J. A.: Op. aip., 96. or.
42 URSUA IRIGOYEN, I.: “Retablos laterales de Allo”. Vianako Printzea, 162 (1981), 16. or. 1557ko auzi batean, Pedro de Troas-ek proposatutako lekuko gisa, deklarazioa egin zuen Pedro Frantzisko eskultora re-apaintzaile eta mihiztatzaile flandestarrak, Azpeitiko bizilaguna bera, orduan Uharte-Arakilen zegoena. Honen presentziak azalduko liguke Picartek egin zuen erretaulako erliebeetako batzuen estilo espresibista flandestarraren zergatia.
43 CASTRO ÁLAVA, J.R.: Op. aip., 113-124. orr. ECHEVERRIA GOÑI, P.L. eta FERNÁNDEZ GRACIA, R.: “El imaginero Fray Juan de Beauves”. Vianako Printzea, 10. eranskina (1991). Jornadas Nacionales sobre el Renacimiento Español, 161-170. orr.
44 N.A.O. Prozesuak, 198105 zk. Maria Almandoz Adrian Agirre eta honen fidatzaile Pierres Picarten aurka (1558). Ibid., 159926 zk. Migel Etxabe Joan Martínez Gastaminzaren aurka (1563). ECHEVERRIA GOÑI, P.L. eta FERNÁNDEZ GRACIA, R.: La parroquia de San Juan Bautista
45 SALVADOR CONDE, J.: Historia de Santo Domingo de Pamplona. Códice inédito del P. Fausto Andía, O.P.”. Vianako Printzea, (1977), 534. or.
46 Cataleg d,escultura i pintura dels segles XVI, XVII y XVIII. Epoca del Renaixement i el barroc. Fons del Museu Frederic Mares, 3. Ajuntament de Barcelona. Bartzelona, 1996, 207. or., 152. fitxa, Mª.C. García Gainzak egina.
47 PORTILLA VITORIA, M.J. eta beste: Catálogo monumental. Diócesis de Vitoria. V. alea. La Llanada oriental y los valles de Barrundia, Arana, Arraya y Laminoria. Gasteizko Aurrezki Kutxa Munizipala. Gasteiz, 1982, 439-441. orr.
ECHEVERRIA GOÑI, P.L.: “Las artes figurativas de la época moderna en la Llanada oriental: el taller de Salvatierra y la Pinceladura del siglo XVI”, PASTOR, E. (arg.): La Llanada oriental a través de la historia, claves desde el presente para comprender nuestro pasado. Arabako Foru Aldundia. Gasteiz, 2003, 95-96. orr.
48 ANDRES ORDAX, S.: El escultor Lope de Larrea. Arabako Foru Aldundia. Gasteiz, 1976, 207-208. orr. VELEZ CHAURRI, J.J. eta ECHEVERRIA GOÑI, P.L.: Representaciones postridentinas de San Francisco de Asís en la diócesis de Vitoria. Bilbo, 1991, 92-99. orr.
49 ANDRES ORDAX, S.: “El retablo mayor de la iglesia parroquial deUllíbarri Arana (Álava)”. Revista de la Universidad Complutense, 87 (1973), orr.
50 CASTRO ÁLAVA, J.R.: Op. aip., 115-116. orr. Ibid.: “Los retablos de Pierres Picart en Irañeta (Navarra). B.S.A.A.,
XL-XLI (1975), orr. N.A.O. Prozesuak, 98098 zk. Pierres Picart Martin Aranoren aurka (1575).
51 ARRAZOLA ECHEVERRIA, Mª A.: Op. aip., 152. eta 158. orr.
52 MURUGARREN ZAMORA, L.: “Cuaderno de extractos de los acuerdos del Ayuntamiento de San Sebastián”. Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastián, 30 (1996), 345-346. orr.
53 ARRAZOLA ECHEVERRIA, Mª A.: Op. aip., 295-296. orr.
54 Ibid., 167. or.
55 MARTIN MIGUEL, Mº A.: Arte y Cultura en Vitoria durante el siglo XVI. Gasteizko Udala. Gasteiz, 1998, 370-371. orr.
56 INSAUSTI, S.: “Lope de Larrea y Ercilla y el Archivo Provincial de Guipúzcoa”. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Buletina, XVII.a, 2. koadernoa (1961), 169. or. ARRAZOLA ECHEVERRIA, Mª A.: Op. aip., 255. or.
57 V.E.K.A. Auzi zibilak. Lapuerta. Ahantziak C 738 / 3. Pedro de Santestebanek Avilako apezpikuaren aginduz eginiko eskritura publikoen memoriala.
58 PARRADO DEL OLMO, J.Mº.: Los escultores seguidores de Berruguete en Ávila. Caja Central de Ahorros y Préstamos de Ávila. Avila, 1981, 112. or.
59 Ibid.: “Sobre escultura abulense del siglo XVI”. BSAA, L (1984), 275. or. Obra batzuetan Juan Correa de Vivar toledoarraren laguntzaile eta ondorengoa izandako Jeronimo Rodríguez izan daiteke, XVI. mendeko 60ko hamarkadan hainbat esku-hartze dokumentatu baitzaizkio, 1576 baino lehen inolaz ere, ezen urte honetan bere alargun Kasilda de Bustamantek semeei ahalordeak eman zizkien zorrak kobratu ahal izateko. MATEO GÓMEZ, I. eta LÓPEZ-YARTO ELIZALDE, A.: Pintura toledana de la segunda mitad del siglo XVI. C.S.I.C. Madril, 2003, 203. eta 269-270. orr.
60 Ibid.: Los escultores seguidores de Berruguete…, 284-285. orr.
61 GARCÍA CHICO, E.: Documentos para el estudio del Arte en Castilla. Seminario de Arte y Arqueología. Valladolideko Unibertsitatea. Valladolid, 1946, 70-71. orr.
62 Ibid., 72-73. orr.
63 PARRADO DEL OLMO, J.Mª.: “Sobre escultura abulense…”, 276. or.
64 GARCÍA CHICO, E.: Documentos para el estudio del Arte…, 163. or.
65 Ibid., 39. or.